Wikipedia, Entziklopedia askea

Prusia

Eduki-taula

👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
41.915.040
🔎
Azalera
297.007 km²
🏙️
Hiriburua
Berlin
📷
Argazkiak
ikusi
Prusia 1870ean.

Prusia Europako iparraldeko herrialde bat izan zen Erdi Arotik Bigarren Mundu Gerra bukatu arte. Bigarren Mundu Gerran Alemania garaitu zuten herrialdeek erabaki zuten Prusia desegitea. Orduan, herrialde askotan banatu zen eskualdea, Alemania nagusitu zen, baina baita Polonia, Danimarka eta Lituania ere.

Prusiarrak hasieran Baltiko itsaso ondoan bizi ziren herria ziren, eta lituanieraren antzekoa zen hizkuntza bat hitz egiten zuten. Erdi Aroan prusiarren lurraldea gobernatu zuen Ordena Teutonikoak (monje soldaduak ziren).

1618tik, Brandenburgoko agintariak ziren Hohenzollern izeneko familiaren jabetza zen Prusia. 1701ean erreinu bihurtu zen, horrela Germaniar Konfederazioa osatu zuen, austriar agintarien menpe zegoena. Austria eta Prusiak istiluak izan zituzten eta ondorioz, 1866ean gerra hasi zuten. Prusiak irabazi zuen eta Ipar Alemaniako Konfederazioa delakoaren estatu nagusia bihurtu zen.

XVIII. mende bukaeratik aurrera Prusiak botere izugarria zuen Europako erdialdean eta iparraldean; politikari eta ekonomiari dagokienez boteretsuena izateaz gain, biztanle gehien zituen lekua zen. Prusiarren gehiengoak alemana hitz egiten zuen, eta XVIII. mende bukaeratik aurrera Prusiako biztanleek beren burua alemaniar nazioaren zatitzat hartzen hasi ziren.

Geroago, 1871an, frantsesen eta prusiarren arteko gerraren ostean, Otto von Bismarck kantzilerrak Alemaniar Konfederazioa desegin zuen eta horren lekuan Alemaniar Inperioa sortu zuen. Alemaniako iparraldeko leku gehienak bere egin zituen Prusiak eta Alemaniar Inperio berriko estatu handiena bihurtu zen: alemaniarren herena Prusian bizi zen. Prusiako erregea, era berean, alemaniar enperadorea zen. 1888tik aurrera, Alemaniar Inperioko agintari bihurtu zen Gilen II.a kaiserra. Alemaniar Inperioa Lehen Mundu Gerran sartu zuen kaiserrak; orduan, gerran porrot egin zutenez, kaiserrak atzerrira alde egin behar izan zuen. Ordutik aurrera, Prusia errepublika bihurtu zen, Alemania guztia bezalaxe; Weimarko Errepublika izendatu zuten. 1919an, Versaillesko Itunari esker poloniar estatua sortu zen berriro, zeinari Prusiak bere leku asko eman behar izan zizkion.

1934an Prusiako demokrazia amaitu zen, naziek Alemaniako boterea eskuratu baitzuten. Lehenago alemaniarrak ziren lekuak eta oraindik ere alemana hitz egiten zen Frantziako eta Poloniako lekuak beretu nahi zituzten naziek; Bigarren Mundu Gerraren ondorioz lortu zuten hori. Alemaniak gerra galdu zuen, eta horrekin batera, lurralde asko. Gerraren ondoren, 1947an, Prusia desegitea erabaki zuten Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Frantziak eta Sobietar Batasunak. Prusia desagertu zen, baina haren lekuan Alemaniako Errepublika Demokratikoa (hasieran sobietarren agindupean zegoen) eta Alemaniako Errepublika Federala sortu ziren.