Wikipedia, Entziklopedia askea

Uhandre palmatua (Lissotriton helveticus) Euskal Herriko leku askotan aurkitzen den animalia anfibioa da. Bere izenak dioen bezala, uhandre mota bat da, salamandridae izena duen familiakoa.

Europa mendebaldeko espeziea da, eta kantauriar eskualdetik Frantzia, Britania Handia eta Suitzaraino hedatzen da. Iberiar penintsulan, esaterako, iparraldean aurki daiteke, Galizia, Kantabria, Asturias, Euskal Herria, Aragoi eta Katalunian.

Nolakoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhandre palmatua goitik begiratuta
Uhandre palmatua behetik begiratuta

Narrasti honek oso isats luzea dauka eta punta zorrotzean bukatzen da. Kanpo-brankiak ditu, arnasa hartu ahal izateko. Kolore marroikoak dira eta albo gorriak izaten dituzte. Kanpo-brankiak ere gorrixkak izaten dira, eta gorputz ia osoa puntu beltzez (orbanez) beterik dituzte. Begiak buruaren alboetan dituzte eta urre kolorekoak izaten dira. Askotan hauetan ere orban ilunagoak izan ditzakete. Hauen ingurutik pasatzen den arrasto beltz bat ere daukate. Horretaz gain, gorputzaren azpialdea zurixka izaten dute, eta erdialdetik isatsaren bukaeraraino, laranja kolorea dutela ikus daiteke, apaingarri bezala.

   Ba al dakizu   
Uhandre palmatua Euskal Herriko uhandrerik txikiena da!

Uhandre palmatuak 8-12 mm-ko luzera izaten du arrautzatik ateratzen denean. Geroago, heldua izan aurretik, 40 mm-raino iritsi daiteke. Bukaeran, arrek, 55-70 mm-ko luzera izaten dute eta emeek, berriz, 60-80 mm inguru.

Animalia honetan, arra eta emearen arteko desberdintasunak daude. Emea, esaterako, arra baino handiagoa da, eta kolore argiagoa du. Arrek, bestalde, araldian (ugaltzen diren aroan), haien azalaren kolorea aldatzen dute, haien itxura deigarriagoa izateko eta emearen atentzioa deitzeko: bizkarrean eta isatsean mendixka modukoak ateratzen zaizkie eta isatsaren punta 5-6 mm-ko punta beltz batean bukatzen da.

Zer motatakoak daude?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhandre palmatu hiru mota desberdin aurkitu daitezke:

Bizi zikloa: nola iristen dira helduak izatera?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhandre palmatuak jaiotzean, larbak izaten dira, 2 eta 4 hilabetez. Denbora tarte honi " aldi larbarioa" deitzen zaio. Udaren amaieran, haien tamaina handiagoa denean, bizi ziren urmaeletatik atera eta hurbil dauden harrietan ezkutatzen dira. Bi urte geroago, uhandreak ugaltzeko gaitasuna izatera (sexu heldutasunera) iritsiko dira.

Zer jaten dute?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igelen eta apoen arrautzen artean sartu egiten dira eta jaiotzean jaten dituzte. Horretaz gain, uhandre palmatua oraindik gaztea denean, intsektuez, krustazeoez eta moluskuez elikatzen da.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Putzuak, urmaelak, ubideak, aintzirak edota errekak dira larben (uhandre palmatu jaioberrien) ohiko bizilekuak. Ur-korronteak dauden lekuetan egoten dira, baina ura geldirik dagoen putzuak nahiago dute.

Hala ere, ugaltze-sasoia ez denean, toki lehorretara joaten dira. Lehorrean daudenean, harri edo enbor baten azpian gordeta egon behar dute, haien gorputza bustita jarraitu ahal izateko.

Gauean bakarrik ateratzen dira, ehizara joateko. Orduan, beraien azala gogorra bihurtzen da eta mendixka moduko batzuk agertzen zaizkio bizkarrean.

Udazkenaren amaieran, hotz gehiago egiten duenean, hosto eta harrien artean gordetzen dira, hibernatzeko.

Zeintzuk dira bere mehatxuak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haien habitataren inguruan egon daitekeen kutsadurak eta lehorteek narrasti hauen bizitokia kaltetzen dute. Horretaz gain, ibai-karramarroaketa gizakiek urmael, ubide edota erreketara botatzen dituzten arrainak dira haien etsai nagusienak, hauek uhandre palmatuak jaten dituztelako.

Nola ugaltzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtarriletik aurrera, arra, emearen atentzioa deitzeko saiakerak egiten hasten da. Hau egin ahal izateko, lehenengo, inguruan dituzten animaliak aztertzen ditu. Beste ar batekin topo egiten duenean, berehala urruntzen da. Emea baldin bada, dantza bitxi bat egiten hasten da.

Dantzaren bitartez, arrak, ur-korronte bat sortu eta emeari substantzia usaintsuak bidaltzen dizkio. Emea ernalketarako prest dagoen jakiteko, arrak emea kilikatzen du eta, ondoren, oinez joaten da. Emea prest badago, atzetik jarraituko dio.

Arrak orduan bere sexu-zelulak (espermatozoideak) ur hondora botatzen ditu eta emeak kloakaz jaso eta barneratu egiten ditu. Honi, barne-ernalketa esaten zaio, bi zelula sexualak, arrarenak (espermatozoideak) eta emearenak (obuluak) emearen barruan elkartzen direlako.

Ernalketaren ondoren, martxoan edo apirilean, emeak 200-300 arrautza jartzen ditu.

      Ikusi!


Bi tritoien arteko ugalketa dantza