Wikipedia, Entziklopedia askea
Ulsterren kokapena.

Ulster Irlandako antzinako erresuma bat izan zen, Irlanda uharteko iparraldeak osatzen zuena, eta gaur egun Ipar Irlandari deitzeko erabiltzen den izena ere bada. Ulster Irlanda uhartean dago, baina Erresuma Batuko lurraldeetako bat da, Ingalaterra, Eskozia eta Galesekin batera.

Ipar Irlandak 2,1 milioi biztanle inguru ditu eta Belfast da hiriburua. Hiri horretan gobernu autonomo bat dago Ipar Irlandarako, baina gauza batzuez bakarrik arduratzen da, batez ere poliziaz. Gainerako erabakiak britainiar gobernuak hartzen ditu Londrestik.

Ipar Irlandako hizkuntzarik zabalduena ingelesa da; irlandera ere hitz egiten da, baina 2001eko errolda baten arabera biztanleen % 10ak besterik ez omen zekien zerbait.

Klima eta geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Irlandako klima hezea eta freskoa izaten da, Irlanda osoan bezala. Uztailean bertan ere askotan ez du 18 gradu baino gehiago egiten.

Lurralde nahiko menditsua da. Ipar Irlandako erdialdean aintzira bat dago, Lough Neagh aintzira.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ulster Irlandako bost erresumetako bat izan zen duela 2.000 urte, eta bertan zeltak deituriko pertsonak bizi ziren. Bere historia laburrean, erresuma boteretsuena izan zen. Errege katolikoek gobernatu zuten.

XII. mendean, Ingalaterrak Irlanda osoaren kontrola hartu zuen. XVI. mendearen amaieran, Ulster Ingalaterraren kontra jaiki zen, baina galdu egin zuen. Ingalaterrako erregeak kolonizatzaile protestanteak bidali zituen Eskoziatik eta Ingalaterratik Ulsterrera. Ondorioz, Ulster katoliko izatetik gehienbat protestante izatera pasatu zen.

XX. mendearen hasieran, 1921ean, Hego Irlandak Erresuma Batuaren independentzia lortu zuen eta errepublika burujabe bat bihurtu zen gerra baten ondoren. Erresuma Batuak Irlandako errepublikaren burujabetasuna onartu zuen, baina uhartea banatu zuen, Ulsterreko protestanteek Erresuma Batuaren barruan jarraitu nahi zutelako. Ulsterreko bederatzi konderrietatik sei britainiarren menpe geratu ziren, eta horrela sortu zen Ipar Irlanda. Beste hiru konderriak gaur egungo Irlanda izeneko herrialdean batu ziren. Ulsterren ez bezala, errepublikako biztanle gehienak katolikoak dira.

Ipar Irlandako gatazka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irlanda bitan zatitu zenetik, gatazkak izan dira Ipar Irlandan, batez ere 1970etik aurrera, gutxi gorabehera. Britainia Handiaren barruan jarraitu nahi duten iparrirlandarrak protestanteak dira. Baina biztanle katolikoak ere badira, eta denbora luzez protestanteak baino pobreagoak izan ziren. Protestanteek eta Britainia Handiak gaizki tratatzen zituela sentitzen zuten. Katoliko askok bi Irlandak berriro batzea eta Ulster ere Errepublikaren parte izatea nahi zuten.

Katolikoak manifestazio ugari egiten hasi ziren 1970 inguruan. Gobernu britainiarra ordena mantentzen saiatu zen eta soldaduak bidali zituen. Katoliko asko hil ziren manifestazioetan. Terrorismoaren urteak hasi ziren, eta atentatu ugari eta 3.500 hildako baino gehiago egon ziren, bai katolikoen eta bai protestanteen artean. Gatazkak 30 urte iraun zuen. 1998an, Britainia Handiko, Irlandako eta Ipar Irlandako alderdien arteko hitzarmen bat egon zen: adostu zuten bi Irlanden arteko mugak irekita egon behar zuela. Akordio horren arabera, alde guztiek onartu zuten Ipar Irlanda Britainia Handiaren parte dela, baina, baita ere, Irlandarekin bateratzea posible izan zitekeela noizbait erreferendum bat antolatu eta biztanleek hori erabakiz gero.

Handik aurrera, terrorismoa desagertu zen, bakea itzuli zen eta Ipar Irlandatik Irlandako errepublikara eta alderantziz arazorik gabe sar zitekeen, bai Irlanda eta bai Bretainia Handia Europar Batasuneko (EB) kide zirelako. Baina 2020an Bretainia Handiak EBtik irtetea erabaki zuen erreferendum batean ―Ulsterreko biztanle gehienek, aldiz, EBn jarraitzearen alde bozkatu zuten―, eta horrek eragin kaltegarria izan dezake lurraldearen egoeran eta biztanle katoliko eta protestanteen arteko bakean.