Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Landare-zelula batzuk.

Zelula, biologian, izaki bizidun guztien oinarrizko osagaia da (bizirik dagoen unitaterik txikiena da), zelulaz osatuta gaude izaki bizidun guztiok. Eraikuntza-blokeen antzeko zerbait direla esan genezake. Zelula gehienen neurria 10 mikrometrokoa da (milimetro-milaren), eta 1 nanogramoko (gramo-bilioiren) masa dute; hala ere, zelula askoz handiagoak ere badaude.

Izaki bizidun batzuk zelula bakarrez osatuta daude, eta beste batzuek milioika zelula dituzte. Horregatik, izaki bizidunak horren arabera banatzen dira, daukaten zelula-kopuruaren arabera:

Nola daude osatuta zelulak?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalien zelula guztiek hiru zati nagusi dituzte:

  • Mintza: zelula inguratzen duen azal edo paretaren antzeko zerbait da; azal hori mintz plasmatikoa deitzen da eta fin-fina da; mintz edo paret fin hori zelularen osagaiak barruan mantentzeko da.
  • Nukleoa: izaki bizidunaren material genetikoa duen zatia da, gurasoengandik seme-alabengana transmititzen dena; hau da, izaki bizidunak ugaltzeko behar duen materiala da. Material genetiko hori DNA da, eta bertan organismoaren ezaugarri biologiko garrantzitsuenak daude. Genetika oinarrizko elementua da familia bereko izakien artean herentzia egoteko.
  • Zitoplasma: zelularen barrua betetzen duen substantzia da. Nukleoa inguratzen du eta beste parte edo osagai batzuk ditu, "organulu" deitzen direnak ("organo txikia" esan nahi du hitz horrek).

Landareen zelulek, gainera, beste bi osagai dituzte:

  • Kloroplastoak: argia hartu eta mantenugaiak sortzen dituzten organulu berdeak.
  • Zelula-pareta: zelularen mintza inguratzen eta zelula babesten duen egitura zurruna.

Batzuetan esaten da zelulak urez betetako globo baten antzekoak direla; baina ez da zehazki horrela. Izan ere, globo batek ez die uzten gauzei kanporantz edo barrurantz mugitzen, zelula baten mintzak bezala. Zelulentzat oso garrantzitsua da materialak mugitzea kanpotik barrura eta barrutik kanpora.

Zelulen mintz plasmatikoak egitura berezi bat du, eta horri esker ura eta beste mantenugai edo nutriente batzuk mugitzen dira zelula barrura edo kanpora. Izan ere, mintz horrek milaka irekidura ditu bere azalean, poro edo kanal deitutakoak, materialei barrutik kanpora edo kanpotik barrura mugitzeko; dena dela, material guztiak ez dira besterik gabe sartzen zelula barrura edo kanpora irteten: zelulak funtzionatzeko behar dituenak bakarrik sar daitezke haren barrura.

Zelulak izaki bizidunen ezaugarri esklusiboak dira. Horrek esan nahi du bizidun guztiek (landareek, animaliek eta mikrobioek) zelulak dituztela, eta materia ez-bizidunak, aldiz, ez (harri batek ez ditu zelulak, adibidez).

   Ba al dakizu   
Gizon edo emakume heldu baten gorputza 60-90 bilioi zelulaz osatuta dago, gutxi gorabehera. Hori ikaragarri kopuru handia da: zelulak berez mikroskopikoak diren arren, bata bestearen ondoan jarriz gero, 4,5 buelta emango genioke munduari!

Gauza komun asko dituzten arren, zelulak desberdinak dira izaki bizidun mota bakoitzean. Landare-zelulak eta animalia-zelulak dira mota nagusiak. Organismo sinpleenek, bakterioek adibidez, zelula sinpleagoak dituzte. Mintz bat eta zitoplasma bat dituzte, baina ez dute nukleorik.

Landare-zeluletan, pareta zurrun batek inguratzen eta babesten du zelula-mintza. Pareta hori zelulosa izeneko substantzia zurtsu batez osatuta dago. Landareen zelula-paretei esker, landareek altueran hazi ahal izateko behar den zurruntasuna dute.

Animalien zelulek, aldiz, ez dute pareta zelularrik. Horri esker, animalia-zelulek gehiago alda ditzake euren tamaina eta forma. Hala ere, zelula anitzeko animalia gehienek egitura zurrunak (hezurrak) behar dituzte beren gorputzei eusteko; gainera, oskol edo larru erresistenteak ere behar dituzte babesteko. Egitura horiek zelula bereziz osatuta daude.

Bestalde, landare gehienek kloroplasto izeneko egiturak dituzte zeluletan. Kloroplastoek klorofila izeneko substantzia kimiko bat dute. Horrek berde kolorea ematen die landareei. Klorofilak eguzki-argiaren energia erabiliz elikagaiak fabrikatzen laguntzen die landareei. Prozesu horri fotosintesia deitzen zaio. Animalien zelulek ez dute kloroplastorik.

Zelula-mota nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi zelula mota nagusi daude:

  • Zelula prokariotoak: ez dute nukleorik (adibidez, bakterioenak).
  • Zelula eukariotoak: nukleoa dute, eta bertan informazio genetikoa gordetzen da. Animalia eta landare oro zelula mota honetaz dago osatuta. Beraz, zelula eukariotoak honela banatzen dira:
    • Landare-zelulak: inguruan zelula-pareta dute eta barnean klorofila; horregatik dira berdeak.
    • Animalia-zelulak: mintz mehe eta malgua dute, eta ez dute klorofilarik.

Nondik dator zelula hitza?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Robert Hooke izeneko zientzialari batek asmatu zuen hitz hau 1665ean. Berak ikusi zituen lehen aldiz, gaur egun "mikroskopioa" deitzen dugun tresna batez esperimentu bat egiten ari zenean; esperimentu horretan, kortxo xerra fin-fin batzuk ebaki zituen eta, gero, ebaki horiei mikroskopioaz begiratu zien. Kaxa txikitxoen antzeko irudi batzuk ikusi zituen, eta kaxatxo horiek fraideak komentuetan bizi ziren gela txikiak gogorarazi zizkioten. Gela horiek, latinez, "cella" deitzen ziren, eta gela txikia "cellula" esaten zen. Beraz, zelula hitzak "gelaxka", "gelatxo" edo "gela txikia" esan nahi du.

Zelulen funtzioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelulek hainbat funtzio dituzte; horrek esan nahi du gauza desberdinak egin ditzaketela, programatuta dauden moduaren arabera. Adibidez, zelula batzuek oxigenoa eramaten dute gorputzaren parte edo ataletara; beste batzuek bakterio eta birusen inbasioen kontra babesten gaituzte. Zenbait zelulak gorputz osotik garraiatzen edo transmititzen dituzte seinaleak; adibidez, begiek burmuinari bidaltzen dizkioten seinaleak irakurtzen dugun bitartean. Landareen zelula batzuk gai dira eguzki-energiatik landarearentzako elikagaiak ateratzeko; prozesu horri fotosintesia deitzen zaio.

Azkenik, zelulek beste zelula batzuk sor ditzakete, zelula-banaketaren bidez: jatorrizko zelula beste bi zelula edo gehiagotan banatzen da, eta horrela sortzen dira zelula berriak.

Ikusi, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelularen barruko parteak ikusteko: