Vincenzo Consolo
Vincenzo Consolo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Sant'Agata di Militello, 1933ko otsailaren 18a |
Herrialdea | Italiako Erresuma (1933ko otsailaren 18a - 1946ko ekainaren 18a) Italia (1946ko ekainaren 18a - 2012ko urtarrilaren 21a) |
Heriotza | Milan, 2012ko urtarrilaren 21a (78 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Messinako Unibertsitatea |
Hizkuntzak | italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta kazetaria |
Jasotako sariak | ikusi
|
Vincenzo Consolo (Sant'Agata di Militello, Italia, 1933ko otsailaren 18a - Milan, 2012ko urtarrilaren 21a) italierazko idazlea izan zen. Idazkera bizia eta modernoa zuen, eta zenbaiten iritziz, baita barrokoa ere.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sizilian bizi izan zen batxilergoa egin zuen arte. Ondoren, Milana joan zen zuzenbidea ikastera, eta Siziliara itzuli zen irakasle izateko. Lehenengo eleberria, La Ferita dell'aprile (1963, Apirileko zauria) gerra hotzaren eta Elizaren komunismoaren kontrako gerraren testuinguruan idatzi zuen. Lan horretan Siziliako herri bateko bizitza azaltzen du; herria umezurztegi batek menderatzen du.
1968an Consolo Milana itzuli zen. Irakaskuntza utzi eta komunikazio-elkarte batean sartu zen. Il Sorriso dell´ignoto marinaio (1976, Marinel ezezagunaren irribarrea) lanean bi gizonen patua erakusten du, bi patu elkarren oso desberdinak; Consolok uhartetarren ikuspegia hartzen du independentzia nahia azaltzeko, eta ondoren, Italiaren batasunaren ondorio politikoen aurrean duen desengainua.
1985ean Lunaria lanarekin Pirandello saria irabazi zuen, eta handik bi urtera, Retablo (Erretaula) lanarekin, Grinzane Cavour saria. Eleberri hori Argien Mendean kokatzen du, eta maitasun atsekabetu bat azaltzen du hiru kontalari desberdinen bidez. Le Pietre di Pantalica (1988, Pantalicako harriak) kontakizun laburren bilduma da. 1989an Catarsi tragedia estreinatu zen, bertsoetan ondua, Cataniako Stabile antzokian. 1992an Notte tempo, casa per casa eleberriarekin Strega saria jaso zuen. Liburu hori erbestealdiari buruzko gogoeta bat da. L´Olivo e l´olivastro (1994) eleberrian bidaiari batek etsita eta haserre begiratzen dio Siziliari. Kritika eta kazetaritza ere landu zituen Consolok.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.