William Hogarth

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
William Hogarth
William  Hogarth
William Hogarth, Autorretratua, 1745
Datu pertsonalak
Jaio 1697ko azaroaren 10a
Londres (Ingalaterra)
Hil 1764ko urriaren 26a
Londres (Ingalaterra)


William Hogarth (1697ko azaroaren 10a - 1764ko urriaren 26a) artista ingelesa, margolari, ilustratzaile eta grabatzaile trebea izan zen.

Ezagun egin zuten sortu zituen egungo ohitura moralak direlako artelan seriatuek, bere garaiko gizartearen gorabeheren berri zehatz, kritiko eta satirikoa ematen zutenak.

Bizitza eta lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anne Gibbons eta Richard Hogarthen semea 1697ko azaroaren 10ean munduratu zen Londresko St. Bartholomew's Close-n. Aita eskolako maisua izan zen eta hainbat testu-liburu eta hiztegiren egile. Richard Hogarth bera arduratu zen Williamen lehen heziketaz. 1703an aita kafetegi baten jabe dugu, latinez egindako literatur tertulietarako gune. Langintza berria, dena den, ez zitzaion ondo egokitu eta zorrek kartzelara eramango dute maisu ohia (1708-1712). 1714-1720 bitartean Williamek zilar-gabratzailea zen Ellis Gambleren tailerrean jardungo du ikasle.

1720an ibilbide profesionalari ekiten dio: lehen estanpa komertzialak eta liburuetarako ilustrazioak sortzen ditu. Urte bereko urrian John Vanderbank eta Louis Cheron-en akademiara gerturatuko da. 1721ean aipa daitekeen bere lehen grabatu satirikoa sortzen du: Eskandalua Hego Itsasoetan. Hurren James Thornhill margolariaren akademiara bideratuko du bere ikas-prozesua. Hiru urte luzean Aubrey Motrayekoren Bidaiak liburuaren ilustrazioa sortzen arituko da, Londresen 1724an argitara emango dena. Eta ildo horretan hurrengo urteetan hainbat idazleren liburuei ilustrazioa atonduko die: Calprènede (1725), Samuel Butler (1726), edo On Kixoteren ediziorako prestatu zituen sei lan, 1738ra arte argitara emango ez dena; sasoi honetan ere, eta zenbait antzezlanetan oinarrituta, bere lehen koadroak margotuko ditu. 1727an Joshua Morris tapiz-egilearekin arazoak izan zituen, honek ez baitzion ordaindu agindutako zirriborroa; epaiak Hogarthi emango dio arrazoia. 1729an James Thornhillen alaba Janerekin ezkonduko da, neskaren aitaren baimen barik; dena den, gutxira adiskidetuko dira. Garai honetan ekingo dio erretratuen generoari conversation pieces direlakoak (Woodes Rogers familia, Stephen Beckingham eta Mary Cox-en ezkontza kasu).

Prostitutaren bizimodua grabatu-serieak arestian aipatutako egungo ohitura moralak lan ildoari emango dio hasiera (1731). Oinarrizko lanak margolanak dira, gerora Hogarthek berak edo grabatzaile profesionalek grabatu bihurtuko dituztenak. Agertutako gaiaren tratamenduan irakaspena helaraztea da halako artelanen xedea.

Lagun lizunaren bizitza
Prostitutaren bizimodua

1734an aitaginarreba hil eta haren ondasunak baliatuta akademia sortuko du St. Martin’s Lane-n. Hurrengo urtean eskakizun berezia aurkeztuko du Legebiltzarrean: lege baten babesa eskatzen du bestek ezin dezan artista baten lana beronen baimen barik argitara eman, kopiatu edo dena delakoa. 1735eko maiatzaren 15ean ebazpena eman zen eta Hogarth Legea izentzat da ezaguna. Aldi berean Lagun lizunaren bizitza bilduma argitaratu zuen.

1743an Parisa bidean da Egungo senar-emazteak seriea nork grabatu bila, eta 1745erako amaitu eta argitaratuko du. 1748an Frantziara egindako beste bidaia batean Calaisen atxilotu zuten, espioitza egotzita eta atzera Ingalaterrara bidali. Pasadizo honek zer pintatu iradoki zion: Ene, Ingalaterra zaharreko roastbeefa! (Londres, Tate Gallery).

1753an Edertasunaren analisia liburua argitaratu zuen, eta bertan estetikaren gaineko bere teoriak azaltzen ditu, lerro serpentinazkoa oinarri. Sasoi honetan hainbat izendapen berezi jaso zituen eta grabatuak egiteari uzteko asmotan dabil. Baina handik gutxira egindako hainbat pinturak izan zuten kritika txarrak eraginda bere inguruekiko hartu-emana lardaskatu eta jarrera kritiko bati ekin zion Hogarthek. Grabatua euskarri ostera ere Garaiak seriea horren adierazle da. North Briton argitalpenaren zuzendari John Wilkes-ekin 1762an hasitako polemikak ez du etenik izango datozen bi urteetan. Hogarthen osasunak txarrera egin zuen eta paralisi batek makaltzen du. 1763an autobiografia idazten du, aldi berean bere grabatuak komentatuaz. 1764an aneurismak jota hil egiten da. Chiswick-eko hilerrian datza eta hona lagun izan zuen David Garrick-ek eskainitako epitafioa:

Calaiseko atea edo Ene, Ingalaterra zaharreko roastbeefa!, 1749


Farewell, great Painter of Mankind!
Who reach’d the noblest point of Art
Whose pictur’d Morals charm the Mind,
And through the Eye correct the Heart
If Genius fire thee, reader, stay:
If Nature touch thee, drop atear;
If neither move thee, turn away,
For Hogarth’s honour’d dust lies here.

Ezkontzetik gutxira
Ikasle maratza eta alferra, 11. lamina, Ikasle alferra Tyburn-en exekutatu zutenekoa


Agur gizon-emakumeen Pintorea!
Artearen gailurra zapaldu zuen hura
Adimena liluratu zuten margo moral horien egilea
Beroietan Begiak Bihotza arteztu zuen
Irakurle, Talentuak harrapatu bazaitu, zaude:
Naturak hunkitzen bazaitu, egizu negar;
Ezerk ez badizu zirrararik eragiten, zoaz,
Hemen baitautza Hogarthen errautsak.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: William Hogarth Aldatu lotura Wikidatan