Edukira joan

Microsoft Windows

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Windows» orritik birbideratua)

 Microsoft Windows
Jatorria
Sorrera-urtea1985
Argitaratze-data1985
Azken bertsioa10.0.22000.556
Honen izena daramawindow (en) Itzuli
Ezaugarriak
EuskarriaARM arkitektura, IA-64 (en) Itzuli, MIPS (mul) Itzuli, DEC Alpha, PowerPC (mul) Itzuli eta x86 (mul) Itzuli
Programazio-lengoaiaC, C++ eta Mihiztadura-lengoaia
Pakete kudeaketaWindows Installer (en) Itzuli, Microsoft Store eta Windows Package Manager (en) Itzuli
GUI tresnakWindows Runtime (en) Itzuli, Windows API (en) Itzuli, .NET Framework, Universal Windows Platform (en) Itzuli, .NET Compact Framework (mul) Itzuli, .NET (mul) Itzuli, Windows Forms (en) Itzuli eta Windows Presentation Foundation (en) Itzuli
Egile-eskubideakcopyrightduna
Lizentzializentzia jabedun
Ekoizpena
GaratzaileaMicrosoft (mul) Itzuli

windows.com
Facebook: windows Twitter: Windows Youtube: UCVGOyzms_XJNk_DHqrffXCw Edit the value on Wikidata
kronologia
MS-DOS Microsoft Windows

Microsoft Windows —eskuarki Windows izen soilarekin deitua— sistema eragile komertzial bat da, ordenagailu pertsonal, zerbitzari, sistema txertatu eta antzinean telefono adimenduenetakoa, Microsoft enpresak komertzializatua. Lehen bertsioa 1985 urtean plazaratu zen, eta urte gutxian konputagailu pertsonalen merkatu mundiala bereganatu zuen. Sistema eragile nagusia da gaur egun ere, Windows 11 bertsioarekin (2023 urtean).

Hasiera batean, Windows MS-DOS sistema eragilearen gainean egindako interfaze grafikoa bat zen, geruza bat soilik. Aurrerago, ordea, NT familia sortu zuen, eta hortik aurrerako Windows berriak ez dira MS-DOSen oinarritu, sistema osoak dira-eta.

Windows IBMren PC ordenagailuekin bateragarriak ziren konputagailuentzat diseinatu zen (Intelen x86 arkitekturan oinarrituak). Eta, gaur arte, Windowsen ia bertsio guztiak hardware plataforma horretarako egin dira. Windowsen zabaltzeak Intelen CPUak zabaltzea ekarri zuen, baita alderantziz ere.

Windows 3.x bertsioetatik Windows 9x bertsioetara pasa zen; eta, teknologian jauzi garrantzitsua eginez, Windows NTra. Orduan, beste plataforma batzuetarako bertsioak ere egin ziren: Sparc eta PowerPC plataformetarako, esaterako.

Zerbitzari handietan eta superkonpugailuetan 2000ko hamarkadan lerro berezitu bat garatzen hasi zen, Windows Server izenarekin, baina ez da nagusitzera heldu, Unix moduko sistemak eta Linux segmentu horretako liderrak dira-eta.

2010eko hamarkadan, Windows sistema tabletatara eta telefonoetara egokitu zen, baina ez du nagusitasuna lortu Androidek eta iOSek menderatzen duten merkatu horretan. Segmentu horietan, Windowsetik berezitutako beste bi sistemarekin saiatu zen Microsoft: Windows Mobile eta Windows Phone.

Lehen urratsak 1981n eman ziren, Apple-k lehen interfaze grafikoa merkaturatu baino lehen, baina 1985 arte ez zen prest egon Windows 1.0 sistema. Oso sistema mugatua zen ez baitzuen onartzen leihoak gainjartzen eta hedapen mugatua izan zuen.

Windows 1.0 bertsioaren pantaila, adibide bat

1987n Windows 2.0 kaleratu zuten eta aurrekoaren muga batzuk gainditu bazituen ere ez zuen arrakasta handirik lortzera iritsi. Gainera Applek salaketa jarri zion copyright zela-eta[1].

Bi bertsioek MS-DOS sistema eragilea zuten oinarria, beraz, oskol moduko bat ziren benetako sistemaren gainean, nahiz eta sistema eragileetako funtzio batzuk barneratu: dispositibo grafikoen kudeatzaileak (driver) eta fitxategi exekutagarrien interpretazioa esaterako. MS-DOS sisteman oinarritzea 2000 urte arte mantendu zen.

Arrakasta handia lortu zuten bertsioak 1990 urtean kaleratu zen Windows 3.0 bertsioarekin hasi zen. Sei hilabetetan bi milioi ale saldu zituen. Aurrerapen garrantzitsuak barneratzen zituen, leiho-sisteman egindakoez gain, memoriaren kudeaketa zuzena eta kudeatzaileen karga dinamikoa. Horrela sistema eraginkorrago bat lortu zuten.

1992ko martxoan Windows 3.1 bertsioa agertu zen eta 1993ko abuztuan Windows for groups, sare lokalean komunikazioa bideratu zuen lehena.

Windows 95 izan zen bilakaeran egon zen urrats garrantzitsu bat. Sortu zen urtea bertsioaren izenean jartzea ohitura bihurtu zen hurrengo urteetan. MS-DOSen oinarria mantendu arren berrikuntza nabarmenak barneratu zituen: 32 biteko aplikazioetarako prestatuta, plug and play dispositiboak "berotan" konektatzeko, izen luzeak fitxategietan, multiataza kanporatzailea (preemptive), objektuak, fitxategi-esploratzailea... Internet Explorer web nabigatzailea ere integratu zen bertsio-berritze batean. Sekulako arrakasta izan zuen.

Windows 98 izan zen hurrengo urratsa. Aurrerapen nabarmenak ekarri zituen: USB euskarria, hibernazioa argindar-kontsumoa murrizteko, Explorer nabigatzailearen bertsio hobetua... Hurrengo urtean Windows 98 SE (second edition) kaleratu zuten, nabigatzailearen eta Media Player zerbitzuaren berritasun nabarmenak barneratuz.

Windows ME (Millennium Edition) 2000 urtean agertu zen eta MS-DOS oinarrian zuen azkena izan zen. Berrikuntza batzuk zekartzan baina ez zuen harrera ona izan eta oso kritika negatiboak izan zituen[2].

1988an abiatu zen Microsoften sistema eragile berri bat egiteko proiektua. Hasieran OS/2 IBMko sistema eragilea zuen oinarri, eta NT OS/2 izena zuen, baina Windows 3ren arrakasta ikusita horren APIan oinarritzea erabaki zen. Anbizio handiko helburuak zituzten sistemarako: 32 bitekoa, erabiltzaileanitza, POSIX bateragarria, segurtasun handiagoa, multiataza kanporatzailea, multiprozesadoreetan ere ibiltzekoa. Gainera FAT moduko fitxategi-sistemaz gain NTFS sistema berri ahaltsuagoa barneratu zuen.

Merkaturatu zen lehen bertsioa Windows NT 3.1 izan zen, 1993ko uztailean, lan-estazio eta zerbitzarietarako bertsio desberdinekin. 1996an NT 4.0 agertu zen Windows 95eko APIarekin bateragarria, eta 2000 urtean NT izenari utzi eta Windows 2000 izenarekin bertsio berri bat abiatu zuten.

Windows XP izan zen NT lerroko hurrengo bertsio garrantzitsua. 2001eko urrian irten zen merkatura, eta bildu zituen PC arruntetara bideratutako Windows 9x sistemak lan-estazioetara eta zerbitzarietara bideratutako NT ezaugarrietara. Interfaze grafikoan eta sare euskarrian berrikuntzak ekarri zituen eta bi edizio zituen, etxekoa (Home) eta profesionala. Gero, ikus-entzunezkoari bideratutako Media Center eta tableten merkaturako Tablet PC edizioak etorriko ziren. Zerbitzarien lerroan 2003n Windows Server 2003 erreleboa hartu zion 2000koari.

Windows Vista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007an Windows Vista agertu zen interfazean eta segurtasunean hainbat berrikuntza zituela. XP baino arrakasta gutxiago izan zuen, hainbat kritika izan zituen-eta.

Windows 7 izan zen hurrengoa, 2009an merkaturatua eta berrikuntzetara baino erabilerraza izateari eta bateragarritasunari eman zitzaion lehentasuna.

2012an Windows 8 merkaturatu zuten tabletetan erabili ohi diren ukimen pantailei begirako hobekuntzekin. Hodei-konputazioaren eta sareko zerbitzuen integrazioa izan ziren beste berrikuntza garrantzitsuak.

Windows 10 2015ean agertu zen Windows 8ko interfazean egindako aldaketa batzuetan atzera eginez. Adibidez Start menua berreskuratu zuen.

2017tik aurrera Microsofteko sistema guztien mantentze-lanak Git plataformara pasa ziren.

2021eko ekainaren 24an, Microsoftek Windows 11 iragarri eta berretsi zuen, eta 2021eko urriaren 5ean kaleratu zen ofizialki. Fluent Design-en oinarritutako erabiltzaile-interfazea du, sistema osoan gardenkiak, itzalak, ikono biribilduak sartuz. Hasiera menuaren diseinua aldatu egin da, alboko fitxak kenduz. Ataza-barrako ikonoak, hasiera botoia barne, pantailaren erdian zentratuta daude, macOS dock-aren diseinuarekin konparatu izan dena.

Windows CE sistema txertatuetan integratzeko Microsofteko sistema eragilea izan zen. Sistema horretatik eratorriko ziren Windows Mobile eta geroago Windows Phone.

Xbox izenarekin ezagutzen da Xbox One bideo-joko plataformarako moldatutako Windows sistema.

Bertsioen laburpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Publikazio data Izena Euskarria Euskarriaren egoera Iraupena
1985eko azaroaren 20an Windows 1.0 EZ Euskarria bukatuta 2001eko abenduaren 31ean. 16 urte eta hilabete 1
1987ko abenduaren 9an Windows 2.0 EZ Euskarria bukatuta 2001eko abenduaren 31ean. 14 urte eta hilabete 1
1990eko maiatzaren 22an Windows 3.0 EZ Euskarria bukatuta 2001eko abenduaren 31ean. 11 urte eta 7 hilabete
1993ko uztailaren 27an Windows NT EZ Euskarria bukatuta 2001eko abenduaren 31ean. 9 urte eta 8 hilabete
1995eko abuztuaren 24an Windows 95 EZ Euskarri estandarra bukatuta 2000ko abenduaren 31ean.[3]

Euskarri hedatua bukatuta 2001eko abenduaren 31ean.[3]

5 urte eta 4 hilabete

6 urte eta 4 hilabete

1998ko ekainaren 25ean Windows 98 EZ Euskarri estandarra bukatuta 2002ko ekainaren 30ean.[4]

Euskarri hedatua bukatuta 2006eko uztailaren 11n.[4]

4 urte

8 urte eta hilabete 1

2000ko otsailaren 17an Windows 2000 EZ Euskarri estandarra bukatuta 2005ko ekainaren 30ean.[5]

Euskarri hedatua bukatuta 2010eko uztailaren 13an.[5]

5 urte eta 4 hilabete

10 urte eta 5 hilabete

2000ko irailaren 14an Windows Me EZ Euskarri estandarra bukatuta 2003ko abenduaren 31an.[6]

Euskarri hedatua bukatuta 2006ko uztailaren 11an.[6]

3 urte eta 3 hilabete

5 urte eta 10 hilabete

2001eko urriaren 25ean Windows XP EZ Euskarri estandarra bukatuta 2009ko apirilaren 14an.[7]

Euskarri hedatua bukatuta 2014eko apirilaren 8an.[7]

7 urte eta 6 hilabete

12 urte eta 6 hilabete

2007ko urtarrilaren 30ean Windows Vista EZ Euskarri estandarra bukatuta 2012ko apirilaren 10ean.[8]

Euskarri hedatua bukatuta 2017ko apirilaren 11n.[8]

5 urte eta 3 hilabete

10 urte eta 3 hilabete

2009ko urriaren 22an Windows 7 EZ Euskarri estandarra bukatuta 2015eko urtarrilaren 13an.[9]

Euskarri hedatua bukatuta 2020ko urtarrilaren 14an.[10]

5 urte eta 3 hilabete

10 urte eta 3 hilabete

2012ko urriaren 26an Windows 8 EZ Euskarria bukatuta 2016ko urtarrilaren 12an.[11] 3 urte eta 3 hilabete
2013ko urriaren 17an Windows 8.1 EZ Euskarri estandarra bukatuta 2023ko urtarrilaren 10ean.[9] 9 urte eta 3 hilabete.
2015eko uztailaren 29an Windows 10 BAI Euskarri estandarra aldatu egiten da Windows 10eko bertsioen arabera.[9]

Euskarri hedatua bukatuko da 2025eko urriaren 14an.

2015 LTSB: 7

2016 LTSB: 9 2019 LTSB: 10

2021eko urriaren 5ean Windows 11 BAI Euskarria 2021eko urrian hasi zen.
Windows familiaren zuhaitza
Windows sistemen bilakaera

Windows 10 eta Windows 11 sistema eragileek aurrez instalatuta duten aplikazioak hauek dira:

  • Cortana
  • Groove Music
  • Kalkulagailua
  • Mapak
  • Microsoft Edge
  • Microsoft Movies & TV
  • Microsoft Store
  • OneDrive
  • OneNote
  • Paint 3D
  • Skype
  • Windows Media Player
  • Xbox
  • Ohar-bloka testu bakuneko editore bat da, Microsoft-en sistema eragileetan 1985etik sartua. Haren funtzionaltasuna oso sinplea da.
  • Internet Explorer Microsoftek bere Windows plataformarako ekoizten duen Interneteko web nabigatzailea da. 1995ean sortu zen, Microsoftek Mosaic-en iturburu-kodea eskuratu ondoren, Spyglass-ek garatutako nabigatzailea, eta Internet Explorer izena jarri zioten. Lehen bertsioak, Mosaic-en oinarrituak, ez ziren mehatxuak izan orduan nagusi zen Netscape Navigator-entzat; izan ere, nahiko sinpleak ziren, eta ez ziren bateragarriak garai hartako web gunea menderatzen zuten Netscape-ren hedapen ezagunenekin (markoekin edo JavaScript-ekin, esaterako). Merkatu-kuota handiena zuen Interneteko nabigatzailea izan zen, lehenespenez Windows-ekin integratuta baitago. Hori dela eta, Microsoft-ek monopolio-demandak izan ditu Europan, eta gaur egun oso gutxi erabiltzen da.[12]
  • Microsoft Edge Microsoftek Windows plataformarako garatutako web nabigatzailea da. Googlek Open Source gisa garatutako Chromiumen proiektuan oinarrituta garatu da, aurreko Microsoft Edge-ren porrotaren ondorioz. Konpainiak nabigatzailea zerotik garatzea erabaki du, segurtasuna eta errendimendua kontuan hartuta. Microsoft-en orri ofizialean esaten den bezala: "Zerotik berregina, lehen klaseko bateragarritasuna eta errendimendua eskaintzeko, merezi duzun segurtasuna eta pribatutasuna, eta web-aren onena eskaintzeko diseinatutako ezaugarri berriak."[13]
  • Karaktere-mapa Microsoft Windows sistema eragileekin batera datorren utilitate bat da, eta sisteman instalatutako iturri tipografiko guztiak bistaratzeko erabiltzen da, teklatuaren sarrera egiaztatzeko (Alt + kodea).
  • Paint Microsoftek garatutako marrazketa grafikoko programa sinplea da. Haren aurrekoa PaintBrush izan zen, Windows 1.0-tik Windows 3.11ra arte. Orduz geroztik, Windows 95etik egon da Paint Microsoft Windows sistema eragilean. Bertsio berri bat du, Paint 3D, Windows 10en "Creators Update" eguneraketan gehitua.
  • Windows Media Player erreproduzitzailea multimedia-erreproduzitzailea da, eta formatu bateragarrietako musika eta bideoa erreproduzitzeko aukera ematen du (.mp3, .mp4, .waw, .wmv, etab.). Erreproduzitzaile honen azken bertsioa 12. bertsioa izan da. Windows Media Player Windowsen bertsio guztietan dago, baita bertsio berrienetan ere, hala nola Windows 8.1 edo Windows 10 bertsioetan. Gaur egun ez da erabiltzen.
  • Windows Journal Microsoftek sortutako aplikazioa eta Windows XPtik Windows 8.1ra sartua da. Ukimen-pantailekin erabiltzeko pentsatuta dago, eta mota hauetako marrazkiak zuzenean hartzeko; irudiak eta testua ere sar daitezke; sortutako dokumentuek jnt luzapena dute.
  • WordPad oinarrizko testu-prozesadorea da, eta Windows 95etik aurrera Microsoft Windowsen ia bertsio guztietan sartzen da. Ohar-bloka baino aurreratuagoa da, baina Microsoft Works eta Microsoft Word testu-prozesadoreak baino errazagoa.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «The Apple vs. Microsoft GUI Lawsuit» Low End Mac 2006-08-25 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
  2. (Ingelesez) «The 25 Worst Tech Products of All Time» PCWorld 2006-05-26 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
  3. a b (Gaztelaniaz) tfosmark. «Directiva de ciclo de vida de Microsoft» learn.microsoft.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-09).
  4. a b (Gaztelaniaz) tfosmark. «Directiva de ciclo de vida de Microsoft» learn.microsoft.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-09).
  5. a b (Gaztelaniaz) tfosmark. «Directiva de ciclo de vida de Microsoft» learn.microsoft.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-09).
  6. a b (Gaztelaniaz) tfosmark. «Directiva de ciclo de vida de Microsoft» learn.microsoft.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-09).
  7. a b (Gaztelaniaz) tfosmark. «Directiva de ciclo de vida de Microsoft» learn.microsoft.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-09).
  8. a b (Gaztelaniaz) tfosmark. «Directiva de ciclo de vida de Microsoft» learn.microsoft.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-09).
  9. a b c (Gaztelaniaz) v-rajagt-zz. «Preguntas frecuentes sobre el ciclo de vida: Windows» learn.microsoft.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-09).
  10. (Gaztelaniaz) tfosmark. «Directiva de ciclo de vida de Microsoft» learn.microsoft.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-09).
  11. (Gaztelaniaz) FM, Yúbal. (2016-01-10). «Microsoft acaba con el soporte Windows 8, aunque manteniendo Windows 8.1» Genbeta (Noiz kontsultatua: 2023-11-09).
  12. (Gaztelaniaz) «Gigle» Gigle 2023-01-10 (Noiz kontsultatua: 2023-11-16).
  13. (Gaztelaniaz) «Características y consejos de Microsoft Edge» www.microsoft.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Microsoft Windowsen historia
MS-DOSen oinarrituak: 1.0 | 2.0 | 3.x | 95 | 98 | 98 SE | Me
NTn oinarrituak: NT 3.x | NT 4.0 | 2000 | XP | Server 2003 | Vista | Home Server | Server 2008 | 7 | 8 | Phone 8 | 10
CEn oinarrituak: CE 3.0 | Mobile | CE 5.0 | CE 6.0 | Phone 7
Hurrengo bertsioak: Phone 9