Winnie Mandela

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Winnie Makidizela Mandela (Transkei, Hegoafrika, 1936ko irailaren 26a - Johannesburgo, 2018ko apirilaren 2a) Hegoafrikan apartheidaren aurkako borrokan nabarmendutako politikaria eta aktibista izan zen.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Winnie Mandela
Winnie Mandela 190814.jpg
Hegoafrikako Biltzar Nazionaleko kidea

2014ko maiatzak 21 - 2018ko apirilak 2
Hegoafrikako Biltzar Nazionaleko kidea

2009 - 2014
Hegoafrikako Lehen Dama

1994 - 1996
Marike de Klerk - Graça Machel
Bizitza
Izen osoa Nomzamo Winfreda Zanyiwe Madikizela
Jaiotza Bizana, Eastern Cape1936ko irailaren 26a
Herrialdea  Hegoafrika
Heriotza Johannesburgo2018ko apirilaren 2a (81 urte)
Heriotza modua : Gripea
Familia
Ezkontidea(k) Nelson Mandela  (1958ko ekainak 14 -  1996ko martxoak 19)
Seme-alabak
Hezkuntza
Heziketa Hegoafrikako Unibertsitatea
Witwatersrandeko Unibertsitatea
Hizkuntzak ingelesa
Jarduerak
Jarduerak politikaria
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Metodismoa
Alderdi politikoa Afrikako Kongresu Nazionala
IMDb nm0541692
http://www.anc.org.za/

Gizarte-laguntzako ikasketak egin zituen Johannesburgen, eta zientzia politikoetako lizentzia eskuratu zuen Witwatersrandeko Unibertsitatean. Hemeretzi urte zituela beka bat lortu zuen Estatu Batuetan soziologia ikasteko, eta bera izan zen Sowetoko osasungintzako gizarte-zerbitzuetan jardun zuen lehenengo langile beltza. Hegoafrikako apartheidaren kontrako borrokalari gisa nabarmendu zen. Afrikako Kongresu Nazionala alderdiko (African National Congress, ANC) Emakumeen Batzako kidea izan zen. 1958an, Nelson Mandela Afrikako Kongresu Nazionaleko buruzagiarekin ezkondu zen, eta senarra espetxeratu zutenez geroztik, buru-belarri murgildu zen politikan. Ondorioz, bera ere espetxeratua izan zen behin baino gehiagotan. [1] 20 urtez Afrikako Kongresu Nazionalaren borrokaren eragile nagusietako bat izan zen, nahiz eta ez zen alderdiko kidea.

Hainbat aldiz atxilotu izan zuten, eta erbestean bizi behar izan zuen denbora luzean; bitarte horretan ospe eta itzal handia lortu zuen iritzi publikoaren aurrean, herritar beltzen artean ez ezik, baita zurien artean ere; nazioaren ama izengoitia jarri zioten. Hala ere, Nelson Mandela espetxetik atera zenez gero, etengabeko eskandaluetan murgilduta ibili zen, finantzak eta diru-xahutze neurrigabeak zirela eta. Horrela, 1990eko hamarkadaz gero, ospea galduz joan zen. 1991n, sei urteko espetxe-zigorra ezarri zion Johannesburgeko Goi Mailako Epaitegiak, Sowetoko lau gazteren bahiketa eta torturan zerikusirik izan zuelakoan, nahiz eta azkenean ez zuten espetxean sartu. 1992an, Nelson Mandelarengandik banandu zen, bien adostasunez, Winniek Kongresurako disidentzia ezkutuan gordetzearren ustez agindutako zenbait ekintzaren salaketaren eraginez (ANCko Stompei Seipeiren heriotzan eta Abu Baker Asvatenean zerikusia zuelakoan), eta Kongresuko kargu guztiak bertan behera utzi behar izan zituen.

1994an, Nelson Mandela Hegoafrikako presidente izendatu zutenean, Winnie Arte, Kultura, Zientzia eta Teknologiako ministro izendatu zuten, [2] baina hurrengo urtean kendu egin zioten kargua. 1997an, Kongresuko Emakumeen Batzako (African National Congress Women's League) presidentetzarako hautagai gisa aurkeztu zuten, baina 1980ko hamarraldian estatuak eta apartheidaren kontrako mugimenduak egindako krimenen epaiketaren eraginez, galdu egin zuen Kongresuaren sostengua. 2003an, kartzela-zigorra ezarri zioten, bankuko mailegu baten gaineko iruzurra zela medio, baina aske geratu zen apelazioa bideratzeko prozesuan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Winnie Mandela Aldatu lotura Wikidatan
  1.   Berria.eus, «Apartheidaren aurkako ikur bat itzali da», Berria, https://www.berria.eus/albisteak/150367/apartheidaren_aurkako_ikur_bat_itzali_da.htm. Noiz kontsultatua: 2018-04-02 .
  2. (Gaztelaniaz)  «La política y activista sudafricana Winnie Madikizela-Mandela fallece a los 81 años», NAIZ, 2018-04-02, https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20180402/la-politica-y-activista-sudafricana-winnie-mandela-fallece-a-los-81-anos. Noiz kontsultatua: 2018-04-02 .