Zabalbideko frontoia

Koordenatuak: 43°15′20″N 2°55′04″W / 43.255633°N 2.91766655°W / 43.255633; -2.91766655
Wikipedia, Entziklopedia askea
Zabalbideko Pilotalekua
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBegoñako errepublika eta Bizkaia
Koordenatuak43°15′20″N 2°55′04″W / 43.255633°N 2.91766655°W / 43.255633; -2.91766655
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1869
Kirolaesku huskako pilota
pala
Luzera48 m

Zabalbideko Pilotalekua (1869-1936) Begoñako Errepublikako (Bizkaia) Santa Klara kalean zegoen pilotalekua da, 1929tik aurrera helbidea aldatuta Bilboko Zabalbide kaleko 25 zenbakia jarri zioten. Frontoia behera bota zen Gerra Zibilaren ostean.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1869an inauguratu zen “Zabalbideko Pilotalekua”, oraindino Begoñako Errepublika zen hartan. Lehenagoko dokumentuetan Zabalbide auzoan Vista Hermosa etxeak zeukan pilotalekua aipatzen da; horrela bada, ezin da ziur jakin aurretik zelako taiua zuen.[1][2] Alboko horma etxekoa omen zen eta frontisa zuen,[2] baina pilotalekua hormarik gabeko zelaia izan zitekeen garai hartan, baita horma bakar batekoa ziur asko, edo bi hormarekin, bat aurrean eta beste bat atzean, pala-jokoa eta ezker pareta asmatu barik baitzeuden garai hartan.

Pala pilota-aldaera Zabalbide frontoian sortu omen zen XIX. mendean.[3]

Ezkerparetako modalitate berri eta arrakastatsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hartako diseinu berritzailea zuen "ezker-pareta" motako pilotaleku berri hartan sortu zen pilotako pala jokoa frontisaren ezkerraldean bigarren pareta zeukan. Orduan ezarri zituzten pilota garaikidearen ezaugarriak eta jokatzeko moduak. Joko luzea (aurrez aurrekoa, laxoa edo errebotea adibidez) gainbeheran sartu zen eta gaur ezagutzen ditugun joko mota nagusiak (esku huska, pala, zesta modu desberdinak…) finkatu zituzten. Prozesu horretan Bilbo aldeak zer esan handia eduki zuen, bertan egin zituzten pilotaleku berrien inguruan ibili zirelako hala pilotaririk onenak nola zaletu ugari. Garai hartan Bilbon hiru aldizkari espezializatu argitaratzen ziren: Pelotari, La Pelota eta La Chistera.[4]

Arrakasta lortu zuen pala-joko berriak, eta frontoi horretatik figura handiak atera ziren, besteak beste Juan Guisasola, Begoñés I.a izenaz ezaguna, pala irauli zuen aurrelaria, hamabost urterekin Bilboko jokalari guztiak garaituta.[3] Frontoi horretara joateko joera handia eduki zuten "mahatzorriek" (begoñarrek, Mantzorriek edo matzorriek = mahats+orriek, edo mahats+zorriek[5]) eta txinboek (bilbotarrek). Azken horiek Zazpi Kaleetatik igotzen ziren pilotan edo boloetan jokatzera eta bertan txakolina eta sagardoa edatera. Frontoia behera bota zen Gerra Zibilaren ostean.[1]

Begoñako Errepublikako frontoi hura gutxi iraun zuen baina, zazpi urte geroago suntsitu baitzuten Bigarren Gerra Karlistan Bilbok jasandako bonbardaketetako batean. Hamar urte geroago Juan de la Mata Bilbaok berreraiki zuen, Begoñesen dinastia ezagunaren aitonak, behinolako frontoiaren ezaugarri arkitektonikoak jagonda.. Haien aitak, Antón Guisasolak, Begoñako udalari (Begoñako Errepublikari) baimena eskatu ondoren bete zuen. 48 metro luzeko frontoia zen, frontisaren arrasean egurrezko sabaia zuena, eta gainera bolatokia eta txakolindegia zituen eraikin batean zegoen.[3]

Bilboko frontoi-belaunaldi baten pilotaleku aitzindariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkerparetako pilota-modalitate berriek lortu zuten arrakastarekin pilotaleku berriak egin zituzten geroago Bilbon, zein baino zein dotoreago eta handiago: Abando (1885), Deustua (1887), Amistad kaleko Recreo Bilbaino (1890), Euskalduna (1895)… Frontoi zaharretatik bakarrak zirauen, Zabalbidekoak. Eta txoko gehiago zeuden, zaletuentzat nahikoa baitziren horma sendo bi pilotan jokatzeko. Horietakoa zen, esate baterako, Begoñako Udaletxeko arkupea.[4][6]

Begoñestarren familia pilotazalea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begoñés ezizena erabili zuen Begoñako pala jokalari batzuek, Zabalbideko frontoiarekin lotura estua eduki zuten, nahiz eta gero karrera profesionalak Bilbon, Madrilen, Habanan edo Mexikon egin zituzten. Lehenengo lauak anaiak izan ziren (Juan, Miguel, Rafael eta Higinio Gisasola Bilbao) eta ondoren Higinioren semeek eman zioten segida leinuari. Familiaren pilotazaletasuna Juan de Matarekin hasi zen. Bera zen Zabalbideko frontoietako baten ugazaba. Bigarren Karlistaldiaren ostean gerran jasandako kalte handiak konpondu eta berriro jarri zuen erabilgarri (1879). Pilotalekuaren ardura suhi Anton Gisasolaren eskuetan laga zuen. Horrek estalkia jarri zion (1896-98). Artean frontoia ez ezik, bolatokia eta txakolindegi ospetsua zen. Orduko pilotaleku berrien aldean laburra zen Zabalbidekoa, beren-beregi esku pilotan jokatzeko egokia. Bertan trebatu ziren Antonen lau seme, bera eta aitita maisu zituztela.[7]

Apostuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zabalbideko frontoian desafioak eta erronkak ohikoak izaten ziren, eta egunkarietan argitaratzen ziren honelakoak: [6]

  • "11 eta 14 urteko bi gaztek erronka egiten diete adinik ez duten beste batzuei, ehun eta bostehun urtetik bostenera jolasteko, eta laurogeita hamar eta ehun gramoko pilota-bikoteetan jokatzeko."
  • 1888an Villabonako Manguak desafio egiten zion edozein pilotariri, partida bakar batean eskuz jokatzera.
  • "Hamar eta zazpi urteko gazte batek beste edozeini desafio egiten dio bostehun mila urteko bi partida jokatzeko. Partidu bakoitzean bi pilotalekutan jokatuko du, 110 gramotik 115era bitarteko sei pilota onekin, eta bando bakoitzeko hiru aurkeztuko ditu"
  • "Erronka horiek onartu nahi dituenak Zabalbideko frontoira jo dezake. Eta hor geratzen dira zutik partidak jokatzeko aurkakoak atera arte. (El Nervión, 1909ko abuztuaren 6a).

1930ean boxeo-borrokak eta mitin politikoak ere izan ziren.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Goitia, Zuriñe. (2024-02-01). «Zabalbide kalea, goitik behera» Bilbao (Bilboko udala): 42..
  2. a b (Gaztelaniaz) Estornés, Ceésar. (2020-04-02). «Pelota» Santutxu Zaharra (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).
  3. a b c (Gaztelaniaz) Mujika, Jon. (2021-11-13). «Zabalbide, la calle que tanto cuesta» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
  4. a b Ortega, Hektor. «Bilbaopedia - Bilboko pilotalekuak» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).
  5. Sarasola, Kepa; Altuna, Ander. (2023). «Orri edo zorri? Zer da "matzorri" hori? -» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-27).
  6. a b c Arana Corral. «Historia (Begoñako Arana Corral familiarena)» www.aranacorral.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-01).
  7. Ortega, Hektor. «Bilbaopedia - Begoñés pilotariak» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]