Zumaiako mugarriak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Sorreratik bertatik, udalerriek eta herriek mugak behar dituzte, espazio fisikoaren gainean ezarri eta besteekiko kokatu, eta horretarako beharrezkoa da beste horien onarpena, aitorpena eta adostasuna. Historian zehar, sesio eta iskanbila asko lurren jabetzek edo horiekiko eskumenek eragin dituzte.

Artikulu hau Zumaiako mugen, muga-lerroaren eta mugarrien inguruko informazioa biltzeko tokia da eta Imanol Azkuek idatzitako Zumaia mugarriz mugarri liburuan[1] du oinarria. Toponimiarako, autore berberaren Zumaia, izena eta izana[2] liburua kontsultatu izan da. Egileak bere testuak erabiltzeko baimena eman du.

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zumaiako dokumentu zaharrenek diotenez, Indamendiren oinetatik, Saiatz auzotik, etorri ziren Zumaiako lehen biztanleak. Herri gisara eratu aurretik, ordea, beste lan batzuk egin behar izan zituzten; izan ere, gaur egun Zumaia dagoen lekuan monasterio bat zegoen, Andre Mariarena, Orreagako kolegiatarena eta ondasun eta lursail ugariren jabea, eta hiribildua sortu baino lehen, 1344an hitzarmena sinatu behar izan zuten biztanleen ordezkariek eta Orreagako kolegiataren ordezkariek, elkarri eskubideak eta betebeharrak aitortzeko. Monasterioaren ondasunek oso zerrenda luzea osatzen zuten: lursailak, landak, soroak, presak, kortak, urak, mendiak, ospitalea… Ondasunetako batzuk antzeko izenekin ezagutzen dira gaur egun ere:

le pertenesçen al dicho hospital et eglesia de Cumaya, a ssaber: Ardança e Yçurun e Narruondo con la meytat de la rrueda de Narruondo e con las pertenencias que sson desde el dicho /37 [logar de Narruondo fasta Çumaya e entre el camino dende es el agoa, et otrossí vna tierra labrada que es clamada] Picote et otrossí Çabaliaga e Sarasgarate et Otabarça et el sel d’Olano en el término de Yçiarr [et la presa de Yrure] et Vitarte et Barçusta et Çumayegui con ssu arenal, et Yregui con ssu parte de la rrueda, et Ozpide dos pieças e en Obilos vna pieça, et en Orebia e en la rribera de Atecherbia vna pieça, en Larrançadi vna pieça e delante la eglesia /38 [de Sant Bartolomé de Oquina vna pieça, et en Urteaga vna pieça, et otrossí el logar que sse clama Aguirre con la casa] et con todas ssus pertenençias, et la parte de la rrueda de Yregui[3].

1344ko hitzarmen haren arabera, hiribilduko biztanleek monasterioaren ondasunen usufruktua eskuratu zuten urtero Orreagari 440 marabediko zerga ordaintzearen truke, eta akordio hark aukera eman zien geroko zumaiarrei Gaztelako Alfontso XI.a erregeari hiri-gutuna eskatzeko eta hark onartzeko, 1347an. Zumaiarrak Gaztelako legearen babespean jarri ziren, eta handik aurrera Zumaia izenaz ezagutuko zenak hauek hartzen zituen barne:

(…) los montes e términos e dehesas e por dehesar e pastos e aguas e puertos por el vocal e canal de Çumaya, asy commo son de la mar mayor fasta la [dicha vi]/lla e dende fasta Oquina e Narruondo, que son derechos e pertenensçias del dicho lugar de Çumaya[3].

Azalerari eta biztanleei begiratuta, taulan inguruko herriekin alderatuko da Zumaia, kilometro koadro bakoitzean zenbat lagun sartzen diren jakiteko:

UDALERRIA UDALERRIA AZALERA (km2)[4] ZUZENBIDEZKO BIZTANLEAK (2022)[4] DENTSITATEA

(ZUZENBIDEZKO BIZTANLEAK/km2)[4]

Deba 50,14 5.380 107,19
Zestoa 43,74 3.739 85,63
Aizarnazabal 6,54 752 114,98
Aia 55,10 2.072 37,55
Zarautz 14,33 23.055 1.621,3
Getaria 10,90 2.875 261,36
Zumaia 10,76 10.006 936,89

Datuak aztertuta, ondorio bat argia da: herri txikia da Zumaia, ingurukoekin alderatuta. Azalera hori beti ez da berdina izan, ordea, eta aldaketak izan dira sortu zenetik. Ondoren, aldaketa horiek labur-labur azalduko dira, inguruko herriekin harremana aztertuta.

Deba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Debarekin tirabira nagusiak “prestazioak” izenekoen ondoriozkoak izan ziren. Lur batzuk Debari aitortzen zitzaizkion eta beste batzuk Zumaiari, eta hor bien artean bazeuden beste batzuk, mugan, prestazioan emanak, eta horietan eskubide berdinak zituzten bi udalerriek; adibidez, abereak libre ibiltzeko edo mendietan egurra mozteko. Baina etengabeko eztabaida zegoen, batez ere zuhaitz-landaketak zirela-eta, lurrak eta eskubideak norenak ziren. Zumaia behin eta berriz saiatu zen prestazio horiek buka zitezen eta lurrak banatzen, eta tirabirak amaitu ere prestazioak desagertu zirenean amaitu ziren.

Bitxikeria gisa, Itziar-Debako Elorriaga auzoko bizilagunek zumaiarekin bat egin nahi izan zuten 1885ean, eta ez zen lehen aldia. Hauxe zioen Eusebio Gurrutxaga alkateak, udal-akta batean: “El Señor Presidente manifestó que por 2ª vez se le había presentado una comisión de la barriada de llorriaga [sic.] queriendo agregarse a esta villa y acordaron comunicar al Ayuntamiento de la villa de Deva con el fin de saber si tenía empeño en segregar o no[5].

Zestoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, esan liteke Zestoarekin izandako tirabirak beste mugakideekin izandakoak baino gutxiago eta samurragoak izan zirela, eta sesiorako arrazoi nagusiak bi izan zirela, batez ere: bata, Aizarnazabalen gaineko eskumena, Zumaia sortu eta gutxira erabaki zena, zumaiarron alde; bestea, Urola ibaiaren gainean egiten ziren salerosketen gaineko eskubideen defentsa, batez ere Beduako etxeak eta lonjak zeukaten monopolioaren aurrean.

Getaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdetik da mugakide Getaria, eta Zumaiaren sorreratik bertatik izan dira gorabeherak auzokoekin, gehienetan gai berberak eraginda: Urola ibaiko kanalarekiko eskumena eta bertan zebiltzan itsasontzien gaineko eskubideak. Muga-lerroa luze samarra izanik ere, tirabira horiek batez ere Santiagoko hondartza inguruan izan dira. Neurri handi batean, Zumaiak sorreratik lortu zuen hareatzaren gaineko eskumena, eta horri esker itsasorako irteera kontrolatu ahal izan zuen.

Aizarnazabal eta Oikia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorretatik ziren Zumaiakoak biak. Arestian azaldu denez, Saiatzeko (Aizarnazabalgo) bizilagunek sortu zuten Zumaia, eta bai Oikiako, bai Aizarnazabalgo herritarrak askotan minduta edo haserre sentitzen ziren Zumaiako Udalaren jokabidearekin; izan ere, arazoen iturriak ugariak eta desberdinak ziren: zergak, gastuen banaketa, soldaduska, epaileek hartzen zituzten erabakiak… Horien ondorioz, biak sarritan ahalegindu ziren Zumaiaren agindupetik alde egiten, eta 1821ean lortu ere lortu zuten, 2 urterako besterik izan ez bazen ere.

Urte batzuk geroago, 1842an, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zion Zumaiako Udalari Aizarnazabalek aparteko udala eratzeko espedientea hasi zuela, baina orduan ere ez zuen lortu banantzea. Urtebete geroago, 1843an, Aldundiak galdetu zien oikiarrei ea Zumaian jarraitu nahi zuten edo ez, eta udaletxean elkartuta, oikiarrek bozkatu egin zuten: 12 lagunek Zumaian jarraitzearen alde egin zuten, eta 24 lagunek adierazi zuten ez zutela jarraitu nahi Zumaian; oikiarrak poz-pozik irten ziren kalera, agirietan jasota dagoenez: “En este estado entre pitos y bulla salieron los más a la plaza como si hubiesen conseguido una gran victoria, hasta que el señor Presidente los amonestó para que no alborotasen esta pacífica población[6]. Baina Zumaiako Udala ez zegoen etsitzeko, eta Oikiako handixkiekin jarri zen harremanetan, hau da, Conde de Villafranca de Gaitanekin eta Ignacio Sabas de Balzolarekin, gertatuaren berri emateko eta erabaki hari buelta eman nahian; sei egun geroago elkartu ziren berriro oikiarrekin udaletxean, baina nobedade batekin: ordurako, Oikiako bi handixkiek adierazi zioten Udalari nahiago zutela Zumaian jarraitu. Ez ziren bakarrak izan, gainera; izan ere, berriz ere bozketa eginda, aurreko asteko emaitza irauli egin zen: Zumaian jarraitzearen alde, 28 oikiarrek; Zumaian ez jarraitzearen alde, 8k.

Aizarnazabali dagokionez, ez zegoen amore emateko, eta behin eta berriz ahalegindu zen independente izaten, harik eta 1861ean lortu zuen arte. Zumaiak 1876an, Bigarren Karlistaldiaren ondoren, onartu zuen Aizarnazabalen independentzia, eta ordutik ez da izan gorabehera aipagarririk.

Mugarriak eta mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspaldi-aspalditik, udalerri bakoitzaren mugak ezagutzeko eta aitortzeko, udala osatzen zutenak elkartu eta mugarriak ondo jarrita ote zeuden egiaztatzen zuten, eta horren adibide ugari dauzkagu dokumentazioan; esaterako, 1841ean, Zumaiako Udala eratu berritan, lehen erabakia izan zen mugarri guztiak begiratzea: “Se trató largamente del primer punto relativo al reconocimiento de mojones y diviseros[7]; berdin 1847an, horretarako ohitura zegoen seinale: “El referido Sr. Presidente [Lino Uriarte] manifestó que ha llegado la época en que se suele hacerse el reconocimiento de mojones, pesas y medidas de esta villa (…) acordó: que el día de mañana se haga dicho reconocimiento según se ha practicado en los años pasados[8].

Horrela, gehienetan ondoko herrietakoekin elkartzen ziren udal-ordezkariak, mugarriak ikuskatzeko. Horretarako, leku jakin batean biltzen ziren guztiak lur-neurtzailearekin edo topografoarekin; mugarriz mugarri joaten ziren, eta akta batean jasotzen zuten ikusitakoa, muga-lerroa zein zen eta mugarriak non edo nola zeuden. Hori horrela egin izan zen urte askotan, eta Zumaiako udal-artxiboan bada kaxa berezi bat, 66 zenbakia daukana, horrelako neurketa batzuk jasotzen dituena, mapa eta guzti. Gaur egun, ordea, mugak ezagutzearen eta aitortzearen eginkizun hori aldundien gain dago, eta teknologien aurrerapenak direla medio, airetik ateratako argazkiak eta satelite bidezko geolokalizazioa erabilita, askoz ere errazagoa da dena; gainera, herritar guztien eskura dago informazioa: airetik ateratako argazkiak, muga-lerroa marraztuta, mugarrien kokalekua, azken neurketako aktak eta koadernoak (datu teknikoekin: angeluak, distantziak…).

1889an, Maria Cristina erreginaordeak, dekretu bidez[9], agindu zien udalei mugarri guztiak ikuskatzeko eta behar zirenak berritzeko, eta nola egin behar zen ere zehaztu zien: ahal baldin bazen, mugarri batetik hurrengoa ikusi behar zen, eta beharrezkoa bazen, zuritu egin behar ziren mugarriak, hobeto ikusteko; bertako materialak erabili behar ziren, baina gogorrak eta iraunkorrak baldin baziren, eta seinale bat egin mugarriari; harriak erabiliz gero, udalerriaren iniziala grabatu behar zen, zegokion aldeari begira; muga erreka zenean, muga hasten zen lekuan eta amaitzen zen lekuan baino ez ziren jarri behar mugarriak; udalek hiru laguneko taldeak izendatu behar zituzten mugarriak ikuskatzeko…

Garai batean, sateliterik, geolokalizaziorik, GPSrik, googlemapsik… ez zegoenean, mapetan kokatu ahal izateko, aurretik terrenoan bertan ikusi eta gero irudikatu behar izaten zituzten mugak; ez zuten lerrorik marrazten lurrean, noski, eta angeluen, neurketen eta beste erreferentzia batzuen bidez irudikatzen zituzten lurrak mapetan edo planoetan, eta leku jakin batzuetan mugarriak jartzen zituzten, lagungarri. Mugarri horiek gehienetan harrizkoak izaten ziren, baina bazeuden mugarri-lana egiten zuten bestelakoak ere: errekak, zuhaitzak, lubakiak, hesiak…

Harrizko mugarriak direla-eta…

  • Gehienetan, kareharrizko edo hareharrizko mugarriak erabiltzen zituzten herrien arteko mugak markatzeko, askotan lauki, kubo edo piramide baten oinarriaren forma emanda, eta luzexkak izaten ziren, lurrean sartu behar zelako zati handi bat.
  • Mugarri zaharrenetan, batez ere, gurutze edo “X” bat grabatzen zioten mugarriari, alde batean edo goialdean.
  • Mugarri berriagoetan, zer aldetara begira zegoen, aurpegi horretan herriaren lehen hizkia grabatzen zen; gure kasuan Zumaiara begira Z, Zestoara C, Debara D, Getariara G eta Aizarnazabalera A.
  • Batzuetan harriaren gainaldeko aurpegian muga-lerroa bera marrazten zen, are arrazoi gehiagorekin norabide-aldaketa baldin bazegoen mugarria zegoen lekutik aurrera.
  • Mugarri batzuetan marka edo arrasto berezi batzuk ageri dira ertzetan, lerro zuzenak objektu zorrotzen batekin eginak.
  • Mugarriak sarritan ondo edo erraz ikusteko moduko lekuetan jartzen zituzten, kokalekua ezartzeko beste erreferentzia batzuk (handik zer ikusten zen) kontuan hartuta eta angeluak eta distantziak kalkulatuta.
  • Leku batzuetan ohitura zegoen mugarriaren azpialdean zerbait lurperatzeko (teila-pusketak, ikatza…), jabegoa adierazteko.
  • Batzuetan, mugarriak dolmenetan eta beste monumentu megalitiko batzuen gainean jartzen zituzten.

Harrizko mugarrien bidez ez ezik, beste era batzuetara ere ezar zitezkeen mugak: lubakien bidez (lurrean erretenak eginda), hesolekin egindako hesiak erabilita, harriekin hormak eraikita, ibaien eta erreken bidez, burdinazko palankak harrian sartuta eta abar. Lubakiak eta zuhaitzak batez ere partikularrek erabili ohi zituzten, mugakideak mugarria lekuz aldatuko zuen beldur; horrela, etorkizunean eztabaida edo lursaila galtzea saihesteko, beldur zen lurraren jabeak lubaki zabala egiten zuen, ia beti “V” itxurako profilekoa, metro bat zabal eta metro bat sakonekoa, bi mugarriren artean.

Beste zenbaitetan, zuhaitz-saila landatzen zuten bi mugarriren artean, eta haiek hazitakoan, ezin ziren mugitu, ez bazen moztuta edo errotik aterata; askotan, zuhaitzak urkiak (Betula sp.) izan ohi ziren, enbor zuriari esker errazago ikusten direlako urrutira beste zuhaitzak baino, baina beste batzuk ere erabili izan dira, adibidez, elorri zuria (Crataegus monogyna) eta pagoa (Fagus sylvatica).

Zumaiaren muga lerroa eta mugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maparen gainean jarrita, Zumaiako muga-lerroak 17,5 kilometro inguru dauzka Palankamugarritik Santiagoko hondartzaraino, eta beste lau udalerri ukitzen ditu: Deba, Zestoa, Aizarnazabal eta Getaria.

Muga-lerroari jarraitzeko eta mugarriak deskribatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren[10] materiala hartu da oinarritzat, bera baita gaian eskumena daukana. Horrela, udalerri bakoitzarekin dagoen muga-lerroa eta mugarriak deskribatuko dira, Aldundiak eginda dauzkan fitxetan oinarrituta, eta horiek osatu edo zuzendu izan dira, komeni izan denean.

Mugarriak mapan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behekoa, Zumaiako mugarrien mapa da, eta bertan dago mugarri bakoitzaren informazio zehatza. Mapan koloretan bereizita azaltzen dira mugarriak: berdez, aurkitu direnak, urdinez, hiru herri batzen dituenak eta gorriz daudenak, desagertutako edo aurkitu ez diren mugarriak dira.

Map
Zumaiako mugarriak

Muga-lerroan guztira 64 mugarri edo elkargune “ofizial” daude, eta horietatik 49 daude ikusteko edo egiaztatzeko moduan. (Taukako baturak, berez, 67 eta 52 dira, baina kontuan izan behar da hiru mugarri hiru udalerriren elkarguneak direla, eta bi aldiz daudela zenbatuta)

MUGAKIDEAK MUGARRIAK-ELKARGUNEAK BERE LEKUAN
DEBA-ZUMAIA 9 6
ZESTOA-ZUMAIA 27 20
AIZARNAZABAL-ZUMAIA 11 9
GETARIA-ZUMAIA 20 17
GUZTIRA 64 49

Nolanahi ere, ohartarazpen garrantzitsu bat egin beharra dago, hemen azaltzen den informazioa dela-eta: litekeena da fitxan adierazitakoa eta begien aurrekoa bat ez etortzea; izan ere, sarritan egiten dira obrak, mugitzen dira lurrak, egiten dira bide berriak edo sasitzak hartzen ditu zaharrak, landatzen edo mozten dira zuhaitzak, eraikitzen dira hormak, ezartzen dira itxiturak, ixten dira bideak kandaduz… Horrela, lehen sagastia zena gaur egun pinudia da, edo biribilgune bat eraiki zuten aurretik belardia zen lekuan, lehen lurrazaletik zihoan erreka ezkutatu egin dute errepidearen azpian…

Deba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Deba eta Zumaia arteko muga-lerroa[11] zuzena da, ia-ia erregela batekin marraztua, batere bihurgunerik gabea, 1.800 m pasatxokoa luzeran, harraldean hasi eta Jadarren amaitzen dena. Guztira 9 mugarri egon beharko lukete, eta horietatik 6 lokalizatuta daude.

Behekoa, Zumaia eta Deba arteko mugarrien irudia da. Zehetasun gehiagorako mapan begiratu.

Zumaia eta Deba arteko muga-lerroa eta mugarriak
IZENA NOLAKOA
PALANKAMUGARRI MUGARRIA
ORISTO MUGARRIA
PIKOTERREKA MUGARRIA
PIKOTE MUGARRIA
PIKOTEGAÑA MUGARRIA
OTARRETAGAÑA MUGARRIA
ANDIKARAZAR MUGARRIA
SASKARATE MUGARRIA
JADARRE MUGARRIA

Zestoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zumaiak Debarekin duen muga-lerroa zuzena dela esana da; Zestoakoa[11], aitzitik, bihurgunetsua da, ertz askokoa, Jadarren hasten denetik eta Ibañarrietako gainean bukatzen den arte 5.700 metro pasa luzekoa. Guztira 27 mugarri egon beharko lukete, eta horietatik 20 lokalizatuta daude; gainera, batzuetan erreken elkarguneek egiten dute muga.

Behekoa, Zumaia eta Zestoa arteko mugarrien irudia da. Zehetasun gehiagorako mapan begiratu.

Zumaia eta Zestoa arteko muga-lerroa eta mugarriak
IZENA NOLAKOA
JADARRE MUGARRIA
SARRONDOBEKOA MUGARRIA
SARRONDO MUGARRIA
NARRONDO MUGARRIA
OLAKOA MUGARRIA
IRUPAGOETA MUGARRIA
AZKOINZAR MUGARRIA
AZKOINGAÑA MUGARRIA
SAN LORENTE GAINA MUGARRIA
SAN LORENTE 1 MUGARRIA
SAN LORENTE 2 MUGARRIA
SAN LORENTEKO MENDI-HEGALA MUGARRIA
GAZTAINDEGIZAR ERREKA
PUNTARROIA ERREKA
KANTERA MUGARRIA
KANTERAGAÑA 1 MUGARRIA
KANTERAGAÑA 2 MUGARRIA
MOLLAPEA MUGARRIA
UROLA IBAIAREN ERDIGUNEA ERREKA
LARROSA ERREKA
ORDIERREKA MUGARRIA
PAGOBAKAR MUGARRIA
AZKARATESORO MUGARRIA
BEDUAMENDI ERREKA
SORGINTXULO ERREKA
GAÑETA MUGARRIA
IBAÑARRIETAGAÑA MUGARRIA

Aizarnazabal[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai batean, Aizarnazabal[11] Zumaiaren mende egon zen, bere lur eta guzti, baina banandu zenean (1861ean), berekin eraman zituen lur-ondasun guztiak. Muga-lerroari dagokionez, aldaketa edo gorabehera handirik gabea da, zuzena ez bada ere sakonune eta erreka batzuen ibilbideari zuzen samar jarraitzen diena: Ibañarrietako gainean hasi eta ekialdera doa, Urola ibaiaren bila, eta Azkenportu baserriaren parean ibaia zeharkatuta, Narbazta errekari jarraituta Zigotzagako gurutzean bukatzen da, Indamendiren magalean, denera 4.600 metro pasako ibilbidean. Guztira, udalerriak mugatzeko 11 gune daude identifikatuta, eta horietatik 9k hor jarraitzen dute, ikusteko moduan.

Behekoa, Zumaia eta Aizarnazabal arteko mugarrien irudia da. Zehetasun gehiagorako mapan begiratu.

Zumaia eta Aizarnazabal arteko muga-lerroa eta mugarriak
IZENA NOLAKOA
IBAÑARRIETAGAÑA MUGARRIA
ZABALA MUGARRIA
AZKARATEGAIN MUGARRIA
GAZTAINDITXULOA MUGARRIA
PAGAMUTEGI ERREKA
GAZTELUERREKA MUGARRIA
GAZTELU MUGARRIA
OZPIDE ERREKA
URRAIN ERREKA
SANTAKRUTZERREKA MUGARRIA
ZIGOTZAGAKO GURUTZEA MUGARRIA

Getaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Getaria[11] ere mugakide du Zumaiak: Indamendiren magaletik hasita, Meaga auzoaren ondotik pasatu eta gero, trenbidearen eta autobidearen albotik, gora doa muga-lerroa Garate aldera, Santiago ingurura ailegatu arte. 5.200 metro pasatxoko lerroa da, bihurgune askorik gabea eta nahikoa zuzena, ekialdetik mendebaldera. Lerro horretan, berez, 20 mugarrik egon beharko lukete, eta horiek guztiak ikusgai ez badaude ere, paperetan azaltzen ez diren beste mugarri batzuk ere badaude, eta guztira 17 ikusteko moduan daude.

Behekoa, Zumaia eta Gertaria arteko mugarrien irudia da. Zehetasun gehiagorako mapan begiratu.

Zumaia eta Getaria arteko muga-lerroa eta mugarriak
IZENA NOLAKOA
ZIGOTZAGAKO GURUTZEA MUGARRIA
MEAGAZELAIA MUGARRIA
MEAGAGOIENA MUGARRIA
ARTZAIN 1 MUGARRIA
ARTZAIN 2 MUGARRIA
AMETZALDEA 1 MUGARRIA
AMETZALDEA 2 MUGARRIA
SORAZUGOIENA MUGARRIA
BENTATXO MUGARRIA
PAGOZULO MUGARRIA
URTEAGAERREKA MUGARRIA
GURUZELAI MUGARRIA
ASUERREKA MUGARRIA
GARATEKOGAINA MUGARRIA
ERREKALDE 1 MUGARRIA
ERREKALDE 2 MUGARRIA
PONTEALDEA MUGARRIA
ZUMENTZU MUGARRIA
SANTIAGO MUGARRIA
MAIA MUGARRIA

Bestelako mugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanteragaña inguruko zelaietan, Kantera baserriaren gainean eta argindarraren transformazio azpiestazioaren ondoan, nahasmena sor dezakeen mugarri sorta dago. Muga-lerrotik hurbil daude eta GFAaren ikurrak dituzte; hortaz, Zumaiako udalerriaren mugarriak direla pentsa daiteke. Alabaina, ez da horrela, eta, kasu honetan, errepidearen jabaria adierazteko seinaleak dira. Beheko argazki-galerian ikus daitekeen bezala, antzeko mugarriak daude Txikierdiko eta Torreagako biribilgunetan.

Argazkietan bestelako mugarriak ere badaude, adibidez, Amesmendi etxearen alboan lursailak bereizteko dagoena, edo Artadiko errepidearen bazter batean, esanahi ezezaguneko mugarriak; errepideko lanak egiterakoan puskatu zituztenak. Bitxia da, era berean, San Telmo kalean urbanizatzeko lanen bukaera adierazteko eraikitzaile batek jarritako mugarria.

Santiagoko hondartzan ere badago pertsona askok Zumaia eta Getaria arteko mugarritzat hartzen duen harritzarra, berez arrantza eremu bat adierazteko mugarria dena.

Mugarrien ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikiloc plataforman ibilbidea egiteko hainbat arrasto eta kontakizun dago, Hauexek batzuk:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Azkue, Imanol. (L.G. 2021). Zumaia mugarriz mugarri. Baleike Kultur Elkartea ISBN 978-84-09-27254-9. PMC 1366297176. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  2. Azkue Ibarbia, Imanol. (2008). Zumaia, izena eta izana. Zumaiako Udala ISBN 978-84-923919-4-3. PMC 433726132. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  3. a b Archivo Municipal de Zumaia (1256-1520). Eusko Ikaskuntza 2009 ISBN 978-84-8419-195-7. PMC 652456061. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  4. a b c «Datos estadísticos de la C.A. de Euskadi» www.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  5. Zumaiako Udal Artxiboa (ZUA): 2823 (136), 1885-12-17.
  6. Zumaiako Udal Artxiboa (ZUA): 71.05, 1843-08-09.
  7. Zumaiako Udal Artxiboa (ZUA): 71.03, 1841-01-06.
  8. Zumaiako Udal Artxiboa (ZUA): 71.07, 1847-02-18.
  9. Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 1889-09-09, 31. zk.
  10. Gipuzkoa, Departamento Territorial Diputación. «b5m: Gipuzkoako Datu Espazialen Azpiegitura» b5m (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  11. a b c d Gipuzkoa, Departamento Territorial Diputación. «Udal mugak: Zumaia - Zumaia» b5m (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]