Pago arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Pago arrunt
Grib skov.jpg
Pago arrunta (Fagus sylvatica)
European Beech.jpg
Pago arrunta (Fagus sylvatica)
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaFagales
FamiliaFagaceae
GeneroaFagus
Espeziea Fagus sylvatica
Hedapen mapa
Fagus sylvatica distribution maps.svg
Datu orokorrak
Iturria beech wood

Pago arrunta (Fagus sylvatica) Fagaceae familiako eta fagus generoko zuhaitz hosto erorkorra da. Euskal Herrian dagoen fagus espezie bakarra baita, euskaraz gehienetan, besterik gabe, pagoa esaten zaio.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaitz honen euskal izena latinezko fagum izenetik dator. Bestalde, euskara baturako hartu den pago forma orokorrenaz gainera, euskalkietan baditu bago, fago eta phago formak ere.[1]

Euskal Herrian eta Europako beste hainbat lekutan, zura ustiatzeko, lepatu egiten dira. Zuhaitz hauei pago motzak (edo motxak) edo lepatuak deritzen. Lepatu gabe badira, pagolizar deritze. Pago motzean, adarrak aldamenetara irteten zaion zatia pago-burua da[2].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itxura eta enbor-adarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaitz handia da. 25-40 metroko luzera eta 1,5 metroko diametroa izatera irits daiteke. Normalean basoak osatzen baititu, adarrik gabeko enbor luzea izaten du, gaineko aldean adarkatzen dena. Baina, bakarturik hazi eta nahi adina argi duenean behetik adarkatzen da eta adaburu biribila izaten du.

Euskal basoetan maiz pago motzak edo lepatuak ikusten dira, argimutil erraldoien itxurakoak: 2-3 metroko enbor lodia eta lepogainetik ateratzen diren zenbait adar luze. Adarrak 10-15 urtetik moarratzen ziren, ontzigintzan erabiltzeko edo egur ikatza egiteko[3].

Azal gris eta leuna du.

Hostoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hosto bakunak, txandakakoak, ertz koskagabe, edo pixka bat oxkarratua, eta uhindua dutenak, 5-10 cm luze eta 3-7 cm zabal. Itxura eliptikoa dute eta punta zorrotza. 6-7 nerbio pare dituzte paraleloki kokaturik. Hosto-begitik ateratzen direnean hostoen ertza iletxoz josia egoten da. Hosto-begiak, 15-30 mm luze eta 2-3 mm zabal, naranja-marroi koloreko ezkata gogorrez estaliak.

Lore eta fruituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pago arrunta 30-80 urterekin hasten da loratzen. Zuhaitz monoikoak dira, baina lore sexubakarrekoekin. Udaberrian loratzen da. Lore arrak oso ugariak dira gerbatan elkartuak. Lore emeak bakarka, binaka edo hirunaka ateratzen dira, kupula (karlo) hankadun batek inguraturik. Udazkenean, fruituak ondu orduko, karloa zurkara bilakatzen da. Bere barnean 1-3 pagatx izaten ditu, luzangak eta ebakidura triangeluarrekoak.

Banaketa-area[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako erdialde eta mendebaldean aurki daiteke, klima samur eta hezeko eskualdeetan, Suediako hegoaldetik Britainia Handiko hegoalde, Portugaleko iparralde, Espainiako erdialde eta Italiako erdialderaino. Ekialdeko Europan Sortaldeko pagoak (Fagus orientalis) ordezkatzen du. Euskal Herrian oso hedaturik dago, mendialdean batez ere, leku fresko eta lainotsuetan, 50 eta 1.600 metro artean[4]. Iratiko oihana da Europako pagadi handienetako bat.

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pago arruntaren zura, lantzeko erraza baita, zurgintzan oso preziatua da. Oso egokia paper-orea egiteko. Egur bikaina beheko su, sutegi eta berogailuetarako. Ikazkintzan oso erabilia izan da.

Beste zur batzuk ere erabili izan diren arren, pilota jokorako palak ere pagoz egin izan dira oro har, horretarako aski gogorra delako baina ez hauskorra, ordea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «pago», in Koldo Mitxelena: Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.
  2.   Bergara.net, Bergarako euskara, http://bergarakoeuskara.eus/hiztegia/berba/170655  .
  3. Maider IANTZI: Teknika zaharrak aplikatu dituzte Oiartzungo Oieleku biziberritzeko, Gara, 2007-02-23.
  4. I. AIZPURU, C. ASEGINOLAZA, P.M. URIBE-ECHEBARRIA, P. URRUTIA eta I. ZORRAKIN: Claves ilustradas de la flora del País Vasco y territorios limítrofes. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz, 2000.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pago arrunt Aldatu lotura Wikidatan