2005eko otsaileko elurtea eta hotzaldia Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea

2005eko otsailaren elurtea eta hotzaldia bi boladatan bi gertatu zen. Lehen hotzaldia eta elurtea otsailaren 20a eta otsailaren 23a bitartean gertatu zen. Bigarrena, berriz, otsailaren 26a eta martxoaren 1a bitartean.

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otsailak 20 - otsailak 23: lehen elurtea eta hotzaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otsailaren 20a eta 23a bitartean, prezipitazio ahul-ertainak gertatu ziren elur moduan kota oso baxuetan, 100-200 m inguruan eta, noizean behin, itsas-mailan ere[1]. Pilatutako elurtzaren lodiera 5-10 cm ingurura iritsi zen. Egoera atmosferikoa egonkortu egin zen otsailaren 22an arratsaldez. EAEaren gainean ia ez zegoen presio-gradienterik eta hodeitza urritzen joan zen elurteak amaitu arte. Otsailaren 23ko goizaldean, ostarte handiak zabaldu eta izozte ahul-ertainak jaso ziren EAE osoan. Lurraldearen hegoaldean izozte gogorrak ere izan ziren. Barnealdean eta EAEko hegoaldean muturreko tenperaturak neurtu ziren: nabarmentzekoak dira Navarreten neurtutako -17 °Cak; Arkauteko -10 °C-ak; Agurain, Otxandio eta Berastegiko -9 °Cak; eta Altube, Gasteiz, Zanbrana, Biasteri eta Urkiolako -8 °Cak.

Otsailaren 20ko egoera sinoptikoaren arabera, 1036 mb-eko antizikloi bat Britainiar uharteen mendebaldean kokatuta zegoen, depresiogune bat Europa iparraldean eta beste depresiogune bat, zertxobait sakonagoa, Mediterraneoan. Baldintza hauetan, iparraldeko haizeak lurralde osoa astindu zuen, hodeitza handituz eta euria eraginez. Eguerdian, gainera, fronte hotz bat EAEn sartu eta arratsaldean zehar lurralde osoa zeharkatu zuen, tenperaturak behera eginez. Ondorioz, ordura arte egindako euria elur bilakatu zen kota baxuetan. Egoera sinoptikoa egonkor mantendu zen otsailaren 21ean; 22ko goizaldean, ordea, Asturias iparraldean depresiogune bat garatu zen. Depresio horri lotutako fronte bero batek eta beste hotz batek, EAE osoa zeharkatu zuten egunaren lehen erdian, elurte oparoak sortuz, handiagoak eta ugariagoak izanik lurraldearen mendebaldean. Egunean zehar, depresioa EAEtik Iberiar Penintsularen ipar-ekialdera mugitu zen, elurtea amaitu arte.

Hiru egun horietan zehar, atmosferako maila ertain eta altuetan sartutako aire hotzak, atmosfera azkar hoztea eta ezegonkor bihurtzea eragin zituen. 850 hPaetan, tenperatura -5 eta -7 °C inguruan ibili zen, 500 hPaetan, ordea, -30 y -35 °C inguruan.

Hainbat estazioetako tenperatura minimoak
Estazioa Otsailak 21 Otsailak 22 Otsailak 23

Lasarte-Oria -0,5 °C 0,9 °C 0,7 °C
Deusto 1 °C 1,7 °C 0,7 °C
Abetxuko -6,7 °C -6 °C -8,1 °C
Navarrete -7,6 °C -9,2 °C -17,1 °C
Agurain -8,8 °C -6,5 °C -9,1 °C
Berastegi -12,3 °C -3,7 °C -9,5 °C
Otxandio -8,3 °C -8 °C -8,7 °C

Otsailak 26 - martxoak 1: bigarren elurtea eta hotzaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otsailaren 26a eta martxoaren 1a bitartean, kontinentetik aire-masa oso hotz bat heldu zen, elur-kota itsas-mailan kokatu zelarik[2]. Martxoaren 1ean, barnealdean muturreko tenperatura minimoak jaso ziren, Arabako Lautadan -10 °C inguruko tenperaturak neurtu zirelarik. Azpimarratzekoa da Iturrietan -21 °C neurtu zirela.

Hilaren 26an, Kantauri Itsasoan kokatutako depresiogunea desegin eta azaleko egoera sinoptikoa Britainiar uharteen mendebaldeko antizikloiaren, Iberiar Penintsularen hegoaldeko depresiogunearen eta Europa ekialdeko beste depresiogune baten menpe geratu zen. Honek ipar-ekialdeko fluxua eragin zuen, kontinenteko aire-masa oso hotza eta nahiko lehorra helduaraziz gurera.

Atmosferako maila ertain eta altuetan, haizea ipar-ekialdekoa zen ere, maila guztietako tenperatura oso hotza izanik. Hasieran, 850 hPa-etan, tenperatura -5 eta -6 °C inguruan bazegoen ere, otsailaren 28an -13 eta -14 °C inguruan zegoen. 500 hPa-etan, ordea, tenperatura 30 °C-tik hurbil zebilen). Ondorioz, ezegonkortasuna ez zen oso handia eta, maila baxuetan tenperatura izugarri hotza zenez, airean oso ur-lurrun gutxirekin, ia ez zen prezipitaziorik jaso.

Hainbat estazioetako tenperatura minimoak
Estazioa Otsailak 26 Otsailak 27 Otsailak 28 Martxoak 1

Abetxuko -2,4 °C -4 °C -5,5 °C -8,5 °C
Subijana -5,1 °C -4,5 °C -6,5 °C -10,8 °C
Navarrete -5,2 °C -7 °C -9,1 °C -13,9 °C
Otxandio -4,2 °C -5,8 °C -7,4 °C -13,1 °C
Berastegi -3,6 °C -4,5 °C -10 °C -11,6 °C
Iturrieta -10,5 °C -13,3 °C -11,7 °C -21,3 °C

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]