Haize
Wikipedia(e)tik
Haizea mugimenduan dagoen airea da, eta mugimendu horrek hiru dimentsio baditu ere, normalean, osagai horizontalaren abiadura eta jobidea bakarrik hartzen dira kontuan. Haizea aztertzeko hainbat eskala baliatzen dira. Hona hemen bilduta.
Eduki-taula |
[aldatu] Haizearen profil bertikalaren aldaketa
Lehen hurbilketa batean esan daiteke, aireak presio-gradientearen eta Coriolis indarraren eragina jasaten dituela, eta airearen mugimendua bi indar horien arteko orekaren ondorio dela. Oreka geostrofiko horren ondorioz, beraz, airea isobarekiko paraleloan mugitzen da, aurrera egin ahala, ipar hemisferioan goi-presioko guneak eskuinetara uzten dituelarik. Lurrazaletik gertu, ordea, oreka hori nolabait ere hautsi egiten da lurrazalarekiko marruskaduraren eraginez, eta, berriro ere, egokitu egiten da: haizearen abiadura moteldu egiten da, eta jobidea ere aldatu egiten da, halako moldez ezen haizeak isobarak moztu eta behe-presioko eremuetarantz bideratzen baita. Lurrazalaren erliebearekiko marruskaduraren eragina ez dago erliebearen baitan soilik, une bakoitzeko eguraldi bereziak ere badu eraginik.
Haizea bizi dabilelarik, zerua hodei geruza ez oso handiak estaltzen duenean, airearen abiadura lurrazalaren mailan 0 izatetik, 300-500 m-ko garaieran balio geostrofikoa izatera hel daiteke, garaierarekin haizea erlojuaren orratzen norabidean mugitzen delarik. Udan, eguzkiaren intsolazioa gorena denean, lurrazalarekiko marruskadura garaiera polit bateraino nabaritzen da (1000-2000 m), eta gainera, airea lurrazaletik igoarazten duten konbekzio-korronteek areagotu egiten dute marruskaduraren efektu hori. Arrazoi horregatik beragatik, haizearen batez besteko abiadura ia konstantea izan ohi da atmosferaren lehen 1000 m-tan, garairaren jobidean aldaketarik nabaritu gabe. Gauean, batez ere oskarbi denean, atmosferaren beheko aldean ia ez da haizerik ibiltzen, eta haizea, erliebearen sakonunetarantz erakartzen duen grabitate-efektuak soilik harroarazten du.
[aldatu] Eskala
[aldatu] Longitudearen araberako eskala
Tamaina (km)
- Planetaren eskala (±5.000)
- Hadley zelula
- Eskala sinoptikoa (±1.000)
- Latitude ertainetako zikloiak
- Mesoeskala (±75)
- Trumoi-ekaitzak eta brisak
- Mikroeskala (<5)
- Zurrunbiloak
[aldatu] Energia eolikoa
Sakontzeko, irakurri: Energia eoliko
Haize-energiaren erabilera oso sinplea da. Eguzkiak Lurra berotzen du, baina lurrazalaren forma irregularren eraginez, tenperatura desberdineko aire-masak sortzen dira, hots, dentsitate eta presio desberdinekoak. Desberdintasun horiek alde baterako eta besterako korronte horizontalak sortzen dituzte, hots haizea sortzen dute. Eta haize horren abiadurak (energia zinetikoa) higiaraziko ditu bere bidean jarritako errotaren palak.
[aldatu] Ipar Haizea
Eskualde geografiko baten klima gehienbat bertan eragiten duten haizeen ondorioa da.
Gipuzkoan zehar mendebaldeko haize orokorrak dabiltza. Baina, alisioak ez bezala, modu nahiko erregularrean dabiltzanak, mendebaldeko haizeak meandro handiak deskribatzen dituzte eta hegoaldeko edo iparraldeko aire-korronteak, baita ekialdeko kontrakorronteak ere, denbora batez latitude horietan eragina izan dezakete.
Neguan, zorrotada-korrontea, "jet stream" delakoa, latitude txikietatik dabilenean, 20 eta 40 gradu bitartean, Gipuzkoak mendebaldeko zirkulazioaren eta depresioen eta beren fronte hodeitsuen eragina jasaten du. Udazkenean eta udaberrian, aire-fluxu horrek indarra galtzen du eta askoz ere uhinduagoa bihurtzen da eta eguraldia aldakorragoa bilakatzen da; aste batzuetan hegoaldeko korronte beroak dira nagusi eta jarraian iparraldeko haize heze eta freskoak nagusi diren beste batzuk datoz.
Udan, mendebaldeko haizeen fluxu orokorra iparralderantz doa eta ahuldu egiten da. Orokorrean, Europako hegoalde osoan ipar-mendebalderantz hedatzen den Azoreetako antizikloiak eragindako baretasuna eta eguraldi ona dira nagusi.
Gipuzkoan ipar-mendebaldeko, iparraldeko eta hegoaldeko norabideko haizeak nagusitzen dira; gainerako norabideek bigarren mailako balioa dute eta ez dute 100eko 10a gainditzen. Iparraldeko eta ipar-mendebaldeko haizean udako seihilekoan dira nagusi, apiriletik irailera bitartean; neguko seihilekoan, urritik martxora bitartean, hegoaldeko haizean dira nagusi eta horien ondoren garrantzitsuenak iparraldeko eta ipar-mendebaldeko norabidea dutenak dira. Garai honetan garrantzitsuak dira mendebaldeko haizean, batez ere, azaroan eta abenduan. Ipar-mendebaldeko eta mendebaldeko haizeek hezetasuna ekartzen dute eta hotzak edo epelak izan daitezke; iparraldeko norabidea dutenak, berriz, oso hotzak dira. Neguko egoera hotzenak Mesetan kokatutako antizikloi-sektorearen nagusitasunak edo Erdialdeko Europan dagoen antizikloietik datozen haize hotzek eragiten dituzte.

