Abimael Guzmán

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Abimael Guzmán Reynoso (Tambo, 1934) Peruko iraultzailea da, Presidente Gonzalo izenaz ezaguna.

Zuzenbideko eta Filosofiako ikasketak egin zituen San Agustín de Arequipako Unibertsitatean. 50eko hamarraldiaren bukaeran, Peruko Alderdi Komunistako kide egin zen. 1962an, San Cristóbal de Huamangako Unibertsitateko errektoreak Filosofia Saileko zuzendaritza eskaini zion. Han bertatik bertara ezagutu zituen nekazariak, behartasun gorrian eta jauntxoen mendean bizi zirenak. 1964an, Peruko Alderdi Komunistaren barruan, sobietarren aldekoak eta txinatarren aldekoak bereizi zirenean, Guzmán bigarrenekin elkartu zen, Saturnino Paredesen gidaritzapean.

Unibertsitatetik ikasleen indarrak biltzen hasi zen, eta marxismoa nekazarien artera eta auzo pobreetara zabaltzen. 1969an kartzelan sartu zuten, irakaskuntzaren doakotasuna murrizteko gobernuak hartutako neurrien kontra ikasleak matxinatzera deitzeagatik. 1970ean Alderdiko Batzorde Zentraleko kontrola hartu zuen eta alderditik bota zuen Saturnino Paredes. Handik gutxira Guzmánek eta bere jarraitzaileek Sendero Luminoso taldea sortu zuten. 1974an, unibertsitateko ikasleen babesa galtzen hasi zen, eta Limara joatea erabaki zuen, hiriburuko unibertsitateetan bere ideiak hedatzera.

1979an, Sendero Luminosok borroka armatuari ekitea erabaki zuen. 1980ko apirilean, hauteskunde orokorren bezperan, Sendero Luminosok Chuschi herrian hauteskundeetako materiala suntsitu zuen. Ekintza sinboliko hori 12 urtetan 25.000 hildako inguru eragin zuen gerra herritarra deituaren hasiera izan zen. 1980ko hamarraldian, gerrilla herrialde osora zabaltzen zen bitartean, poliziaren helburu nagusia Abimael Guzmán atxilotzea izan zen, baina urteak igaro ziren hori lortu arte. 1992ko irailean harrapatu zuten. Urtebete geroago, gutun batzuk bidali zizkion Fujimori lehendakariari bakea hitzartzeko. Sendero Luminosoko sektore batek, baina, Feliciano izeneko kidearen gidaritzapean, ez zuen proposamena onartu, eta gerrillak borrokan segitu zuen. Bi aldiz epaitu ondoren, 2004an eta 2005ean, betiko kartzela-zigorra ezarri zioten, 2006ko urrian emandako epaian, Estatuaren aurkako terrorismoa egitearen akusaziopean.

Gaur egun, Guzmán eta Sendero Luminosoko beste zenbait kide Peruko Itsas Armadaren Callao itsasontzi-baseko kartzelan daude.

Abimael Guzmánen ideia politikoak Guerra popular en el Perú. El pensamiento Gonzalo izeneko liburuan bilduta daude.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]