Alejandro Valverde

Wikipedia, Entziklopedia askea

Alejandro Valverde Belmonte (Las Lumbreras de Monteagudo, Murtzia, 1980ko apirilak 25) 2006 eta 2008ko UCI ProTourraren eta 2009ko Espainiako Itzulia irabazi dituen espainiar txirrindulari bat da.

Abiadura handia du eta eskalatzaile ona da, batez ere mendate labur eta leherkariei aurre egin behar zaienean, hala, gaur egungo nazioarteko txirrindularirik osoenetako bat delarik. Gainera, 2005etik aurrera asko hobetu du erlojupekoan, horren ondorioz, 2006ko Frantziako Tourraren sarrera etapan 5. amaitu zuelarik (beste bietan ezin izan zuen parte hartu, hirugarren etapan erorketa baten ondorioz itzulia utzi behar izan baitzuen), 2008ko Dauphiné Libéréko erlojupekoa ere irabaziz eta 2008ko Espainiako Itzuliko erlojupekoan hirugarren postua lortuz, bigarrenarekin berdinduta.

2010eko maiatzak 31n bi urtez zigortu zuten ustez, Puerto Operazioan zerikusia zuelako, zigorra 2010eko urtarrilak 1ean hasi eta 2012ko urtarrilak 1ean amaituz.

Biografia

Profesional bezala 2002an debutatu zuen, Vicente Beldak zuzendutako Kelme-Costa Blanca taldean. Aurretik Banestoren zaletuen mailako taldean korritu zuen, non 2001ean Espainiako Txirrindularitza Kopan garaipena lortu zuen.

2003

Amaitu zuen lehen Itzuli Handia 2003ko Espainiako Itzulia izan zen, non nabarmen gainditu zuen hasiera batean taldeko lider bezala zihoan Óscar Sevilla. Hirugarren amaitu zuen eta 2 etapa irabazi zituen, sailkapen konbinatuko maillot urdina ere lortuz. Urte horretan bertan parte hartu zuen lehen aldiz Munduko Txirrindularitza Txapelketan, Kanadako Hamilton hirian ospatu zena, eta zilarrezko domina lortu zuen. Lasterketa buruan, beste batzuen artean, Igor Astarloak, Paolo Bettinik eta Peter Van Petegemek osatutako ihesaldi bat osatu zen. Astarloak azken igoeratxoan eraso zuen, inor ez zen bere bila atera eta bakarrik joan zen garaipenaren bila. Atzetik, Valverdek bizkaitarraren iheskideekin bat egitea lortu zuen, ondoren, esprint oso estu batean garaitu zituelarik, hala, bere lehen munduko txapelketan bigarren postua lortuz.

2004

2004an zilarrezko domina lortu zuen Espainiako errepideko txirrindularitza txapelketan, helmugara bere taldekide Francisco Manceborekin batera helduz. Urte horretako abuztuan Atenasko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, arrakastarik gabe. Óscar Freire eta Igor Astarloarekin batera espainiar selekzioko liderretako bat zen, domina lortzeko faboritoetako bat. Hilabete beranduago 2004ko Espainiako Itzulian parte hartu zuen, sailkapen nagusian laugarren amaituz.

2005

Urte honen hasieran Illes Balears-Caisse d'Epargne taldeagatik fitxatu zuen, talde honetan, beste batzuen artean, Frantziako Tourraren irabazleak izan ziren Pedro Delgado, Miguel Indurain eta Óscar Pereirok korritu zutelarik.

[2005eko Frantziako Tourra]]ri begira, Valverderen lehen partehartzea izan zelarik Itzuli Handi honetan, asko espero zen murtziarragandik, eta ez zuen hutsegin. Mendiko lehen etapan, Alpeetan, zehazkiago Courchevelen, mendatearen tontorrean zegoen eski estaziora igo zen. 20 kilometro baino gehiagoko luzera zuen igoeran, Discovery Channel taldeak lehen maldetatik bizkortu zuen erritmoa, eta taldeko azken txirrindulari laguntzailea zen Yaroslav Popovitx izan zen Lance Armstrong aurrera eramatearen arduraduna. Sei aldiz Tourra irabazi zuenak bakarrik joatea nahi zuen, baina Paco Mancebok, Michael Rasmussenek, Ivan Bassok eta Valverdek jarraitu zuten. Bassok ez zuen erritmoa jasan eta laster geratu zen atzean. Jada azken kilometroan, Rasmussenek eraso egin zuen, Valverde beragana joan zen Armstrong ondoan zuela, eta, harrapatu bezain pronto, Armstrongek eraso gogor bat jo zuen. Bazirudien estatubatuarra bakarrik joango zela, baina ahal izan zuen tokitik Valverdek indarra atera zuen eta Armstrongen gurpilean jarri zen, eta, azken 200 metroetan, Las Lumbreraseko txirrindulariak erraz gainditu zuen estatubatuarra esprintean, etapa irabaziz. Helmuga lerroa igarotzean, egoera sinesgaitza iruditzen zitzaion Armstrongek Valverde zoriondu zuen eskua emanez. Murtziarrak gazterik onenaren maillot zuria lortu zuen, bi egun beranduago, taldekako erlojupean jasandako kolpea berriz min ematen hasi zitzaiola eta, Tourra utzi behar izan zuen arren, Munduko Txirrindularitza Txapelketa arte lehiatu gabe eman behar izan zuelarik.

2005eko Munduko Txirrindularitza Txapelketa, Madrilen ospatu zena, ez zen batere egokia espainiako selekzioarentzat, zirkuitu erabat laua baitzen eta selekzioak Freireren baja baitzuen, baina Valverdek, lasterketaren azken unean, agertu, esprintatu, eta bigarren amaitu zuen, aurretik soilik Tom Boonen belgiarra izan zuelarik.

2006

2006an etaparen batzuk irabazi zituen itzuli txiki batzuetan, baita bi klasiko ere: Liège-Bastogne-Liège (klasiko hau irabazten zuen lehen espainiarra bihurtuz) eta Flèche Wallone, Ardenatako bikotea lortuz, hala, 2006ko UCI ProTourreko lider bihurtuz. Ondoren, 2006ko Espainiako Itzulian etapa bat irabazi zuen, non Alexandre Vinokouroven atzetik bigarren sailkatu zen. Egun batzuk beranduago, 2006ko Munduko Txirrindularitza Txapelketan, Salzburgon ospatu zena, brontzezko domina lortu zuen hirugarren sailkatu ondoren, Paolo Bettini eta Erik Zabelen atzetik esprint txiki batean, helmugara laugarren postuan iritsiko zen Samuel Sánchezek jaurti ondoren. Valverdek, denboraldia, UCI ProTourraren banakako sailkapena irabaziz amaitu zuen.

2007

2007 oso ondo hasi zen murtziarrarentzat, Valentziako Erkidegoko Itzulia eta Murtziako Itzulia irabaziz, baita Alcobendaseko Klasikoan etapa 1 lortuz ere. Alabaina, bere arerioek geroz eta gehiago zaintzen zuten, horren ondorioz bigarren eta hirugarren postuekin konformatu behar izan zuelarik. Denboraldiaren lehen zati honetan T-Mobile Team taldearen Valverdeganako ustezko interesaren zurrumurrua zabaldu zen. Ondoren, Espainiako txapelketan berriz ere zilarrezko domina lortu zuen, Cuencako helmugara bigarren iritsi ondoren, Joaquim Rodríguezen atzetik.

2007ko Frantziako Tourrean seigarren amaituz eta hain proba gogor bateko hiru asteak eta Tourreko mendate luze eta etzanak jasateko hauspo apur bat falta zaiola frogatuz, hirugarren amaitu zuen urte bereko Donostiako klasikoa, eta bigarren amaitu zuen 2007ko Burgosko Itzulia. Mendateetako Klasikoan ere bigarren amaitu zuen, urte horretan Espainiako Vueltan parte hartu ez zuen bitartean.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alejandro Valverde Aldatu lotura Wikidatan