Alfred Dreyfus
Alfred Dreyfus (Mulhouse, Frantzia, 1859 - Paris, Frantzia, 1935) Frantziako armadako kapitaina izan zen. 1894. urtean Guyana Frantsesean espetxeratu zuten, ustez Alemaniaren aldeko espioitzan jardun zuelako. Handik bi urtera, Picquart komandanteak Esterhazy hungariar komandantea (frantses herritartua) salatu zuen, lehenago Dreyfusi leporatutako espioitza lanen egiletzat. Esterhazy komandantea errugabetzat jo zuten. Dreyfusen senide aberatsek Dreyfus Auzia (L´affaire Dreyfus) iritzi publikoaren aurrean jarri zuten, eta Frantzia Dreyfusen aldekoen (intelektualak, sozialista erradikalak, errepublikano moderatu antimilitaristak) eta aurkakoen (nazionalismo eskuindarra, antisemita eta katolikoa) artean banatu zen.
1898. urtean, auzia faltsifikazio baten ondorioa zela jakin zen, Henry izeneko koronel batek egina; faltsifikazioaren egileak bere buruaz beste egin zuen gero. Gerrako ministro zen Cavaignacek bere dimisioa aurkeztu zuen Dreyfus Auzia berriro aztertu zenean (1899). Dreifusek zigor arina jaso zuen, baina laster kendu zioten. 1906. urtean Frantziako Auzitegi Gorenak Dreyfusi eginiko lehen epaiketa indarrik gabe utzi eta kapitaina lehengo gradura ekarri zuen atzera. 1930. urtean argi geratu zen benetako erruduna Esterhazy komandantea izan zela. Dreyfus Auzia Frantziako III. Errepublikak izan zuen krisi politiko larrienetako bat izan zen, eskuineko indarren eta ezkerrekoen arteko aldea biziki areagotu zuena.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.