Anaxagoras

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Anaxagoras Atenasko Unibertsitate Nazionaleko margolan batean.

Anaxagoras, grekoz Αναξαγόρας, (Klazomene, Asia Txikia, c. K. a. 500 - Lampsakos, Troade, K. a. 428), filosofo presokratiko bat izan zen. Joniatik Atenasera filosofia eta zientzia ekarri izana egotzi ohi zaio. Nous elementu ordenatzaile edo indar kosmologikoaren kontzeptua sortu eta mundu fisiko osoa nous delakoak mugiarazitako oinarrizko gai berdinez osaturik behar zuela baieztatu zuen. Bere teoria materialistak direla eta, erlijiogabetasuna leporatu zioten eta horregatik Atenastik erbesteratu behar izan zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 500. urtearen inguruan jaio zen orduan persiaren esku zegoen Joniako Klazomene hirian. Atenasera Periklesek deiturik edo persiarengandik ihesi heldu zela aipatzen dute zenbait iturrik. Atenasera heldu zeneko data nahiko ziurra da ordea: K. a. 463 urte inguruan izan zen. Atenasen 30 urte igaro zituen eta Periklesen irakasle izan zen bertan. Perikles zahartu ahala, oposizioak bere babesean zeudenak erasotzen hasi zen; orduko erlijioaren aurkako baieztapenak zabaltzea leporatu omen zioten, besteak beste, eguzkia harri goria eta ilargia lurra zela baieztatzea. Azkenik, Troadeko Lampsakos hirira erbesteratu eta bertan filosofoa eskola sortu ere egin bide zuen [1]. Platon jaio zen K. a. 428. urte berean hil zen. Hil eta gero, gogoratua izan zen: monumentu bat eraiki zuten bere omenez Adimena eta Egia lelopean eta bere heriotza urtemuga jai egun jarri zuten bertako eskoletan.

Pentsamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai kosmologikoko filosofo presokratiko guztiak bezalaxe, munduaren jatorriaz kezkatu zen Anaxagoras. Miletoko eskolako filosofoek gauzen sorburua bilatu nahiean, behar bezain elementalak ez ziren gaiei egotzi zieten munduaren sorrera. Anaxagorasen iritziz ez da posible Talesek proposatu zuen ura bezalako elementu bakar batetik oso ezaugarri ezberdinak dituzten gauzak sortzea eta horrela munduko oinarrizko elementu andana bat proposatu zuen jatorri gisa, gauza guztiek denetarik zerbait dutela baieztatuz. Horrela, bere teoriak pluralismo bati jarraitzen diola esan daiteke. Bere teoria osatzeko, Anaxagoras Parmenidesen ikasbideak bereganatu zituela dirudi, ez den zerbaitetik baden zerbait ezin dela sortu pentsatuz eta beraz, aldaketa baztertuz, baina aldi berean Parmenidesen monismoa zalantzan jarriz. Teoria horietatik eta naturaren aniztasuna erreparatuz sortu zuen jatorrizko elementuen teoria. Adibidez, janariak, bestea beste, ilea luzatzen duela ikusita, janaria zatituz behin eta berriz, janariak bere hasierako izateari utzi eta ilearen oinarrizko gaiak hautemango direla irizten du. Gauzen aniztasuna gauzetan oinarrizko gai hauen proportzio ezberdinak daudela baieztatuz azaltzen du. Horrela, adibidez, arrozak ilezko gai gehiago ditu egurrak baino eta horrexegatik jan daiteke arroza eta ez egurra.

Kosmosaren sorrerari dagokionez, Anaxagorasen arabera, elementu guztiak batera ziren hasieran, infinituak bere txikitasunean, eta horrela bereizi ezinak ziren bata bestetik. Bere garaikidea zen Enpedokles ez bezala, zeinak lau oinarrizko elementu bakarrik bereizi baitzituen, elementu anitz proposatu zituen hasierako egoera horretan: oinarrizko gaiak, aurkako bikoteak (hotza eta epela, lehorra eta bustia, eta abar), haziak eta baita ere osagai organikoak (odola, ilea). Aniztasun honen bitartez, Parmenidesen izatearen teoria onartzen zuen.

Egoera horretan, nous edo adimen delakoak osagaien masari errotazio mugimendua eragin zion eta nahasketaz eta bereizketaz munduko gauza guztiak sortu ziren. Errotazioak denbora oro dihardu eta horrela nousak munduko gauzak ordenatu eta gobernatu egiten ditu. Gauzetan nous ere bada, baina ez elementuak gauzetan dauden bezala, baina nousa oinarrizko gaiekin zer ikusirik ez duen indar banako ordenatzailea gisa ulertu behar omen da. Nous delakoa nolabaiteko jainkoa dela dioten hipotesiak argi eta garbi baztertu behar dira: Anaxagorasek azalpen materialistak defendatu zituen zalantzarik gabe. Hala ere, batzuk bere teoria dualismo moduan (oinarrizko gaiak gehi nous delakoa) ulertu behar dela aipatu dute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Anaxagoras Aldatu lotura Wikidatan


  1. Atenasen jasan behar izan zuen jazarpenaren kronologia ordea zalantzazkoa da.