António Ramalho Eanes
| António Ramalho Eanes | |
|
|
|
|---|---|
| 1976ko uztailak 14 – 1986ko martxoak 9 | |
| Aurrekoa | Francisco da Costa Gomes |
| Ondorengoa | Mário Soares |
|
|
|
| Jaiotza | 1935eko abenduak 7 Castelo Branco, |
| Alderdi Politikoa | Partido Renovador Democrático |
| Ezkontidea | Maria Manuela Portugal Eanes |
| Lanbidea | Militarra |
Antonio dos Santos Ramalho Eanes (Castelo Branco, 1935eko abenduak 7) portugaldar militar eta politikaria da. 1976-1986 bitartean Portugalgo presidentea izan zen.
Bizitza [aldatu]
Lisboako Unibertsitateko Zuzenbide eta Psikologia Fakultatean egin zituen ikasketak, eta eskola militarrean sartu zen 1950ean. Militar gisa, Macaon, Mozambiken eta Ginea Bissaun izan zen. Iraultza-gerran espezializatu zen Ikasketa Militar Garaien Institutuan, eta irakaspen horiek aplikatu zituen Ginea Bissaun egon zen denboran, 1969-1971 bitartean. 1974ko apirilaren 25ean, Krabelinen iraultza hasi zen egunean, Angolan zen, Armadaren Psikologia Ekintzako zerbitzuan lanean. Iraultzaren kariaz, Portugalera deitu zuten, hedabide sozialen batzordean parte hartzera. Handik gutxira, Vasco Gonçalves jeneralak telebista-administrazioko batzordearen lehendakaritza eta programen zuzendaritza hartzera deitu zuen, baina ez zuen luzaro iraun karguan, ezker erradikaleko organizazioen presioarengatik. Armadako buruzagitzara igaro zen teniente koronel gisa, eta iraultzaren batzordeko laguntza-zerbitzuetan parte hartu zuen.
1975eko abenduan mailaz igo eta jeneral izendatu zuten, Lurreko Armadako Estatu Nagusiaren Buruzagi gisa. 1976an Portugalgo Errepublikako lehendakari hautatu zuten, sozialista, kristaudemokrata eta sozialdemokraten laguntzarekin. 1986. urtera arte egon zen karguan. Gaur egun, eta agintaldia bete duten beste lehendakarien antzera, biziarteko kargua du Estatu Kontseiluan.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.