Angola

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Angolako Errepublika
República de Angola
Angolako bandera
Bandera

Angolako armarria
Armarria

Goiburua: Ez du
Nazio ereserkia:
Angola Avante! («aurrera Angola!», portugesez)
Angola: kokalekua
Hiriburua Luanda
8°50′S 13°20′E / 8.833°S 13.333°E / -8.833; 13.333
Hiri handiena Luanda
Hizkuntza ofiziala(k) Portugesa (ofiziala) Kikongo, Chokwe, Umbundu, Kimbundu (eskualdekoak)
Gobernua Errepublika presidentzialista
José Eduardo dos Santos
Manuel Vicente
Independentzia
Portugaletik
1975ko azaroaren 11
Eremua
• Guztira
• Ura

1.246.700 km² (23)
% Hutsaren hurrengoa
Biztanleria
• Zenbatespena (2009)
• Errolda (1970)
• Dentsitatea

Herritarra

18.498.000 (59)
5.646.177
14,8 biztanle/km² (199)

angolar[1]
Dirua Angolar kwanza (AOA)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
WAT (UTC +1)
Ez (UTC +1)
Interneteko domeinua .ao
Telefono aurrezenbakia +244

Angola[1], ofizialki Angolako Errepublika, Afrikako hego-mendebaldeko estatu bat da, Ozeano Atlantikoaren ertzean. Antolamendu politikoaren aldetik, errepublika presidentzialista unitarioa da. 1.246.700 km2 ditu, eta 2009an 1.246.700 biztanle zituela kalkulatu zen (angolarrak). Hiriburua Luanda da; eta beste hiri nagusiak Benguela, Huambo eta Lobito. Angolako hizkuntza nagusiak portugesa (ofiziala), hizkuntza bantuak eta khoisana dira. Erlijio nagusiak, berriz, afrikar erlijioak (angolarren % 47), katolizismoa (% 38) eta protestantismoa (% 15).

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angolak mugakide ditu iparraldean Kongoko Errepublika Demokratikoa, ekialdean Zambia, hegoaldean Namibia eta mendebaldean Ozeano Atlantikoa. Kabindako barrendegia Angolaren enklabea da, eta mugakide ditu Kongoko Errepublika eta Kongoko Errepublika Demokratikoa.

Izenaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bantu familiako mbundu hizkuntzako ngola izenetik dator. Izen hori Ndongo erresumako Kiluanji kia Ndambi erregearen titulua zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nzinga erregina, Luandako portugaldar gobernadorearekin bake-negoziazioak egiten, 1657an.

Portugaldar kolonia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugaldarrak 1482. urtean iritsi ziren Angolako kostaldera (Diego Caõren agintepean) eta 1484tik aurrera Portugalen mendeko lurraldea izan zen. 1885ean, Berlingo Konferentziak ofizialki egokitu zion Angola Portugali. XIX. mende arte ez ziren portugaldarrak Angola barnealdeaz jabetu. (Serpa Pinto portugaldar militarra saiatu zen, alferrik, Angola eta Mozambike portugaldar koloniak lurralde bakar batean lotzen, Zanbian barrena). Angolak eraman behar izan zituen, mendeetan zehar, europar kolonizatzaileek ezarririko zama guztiak: esklabo salerosketa, bertako zibilizazioen deuseztatzea eta okupazio militarra. 1640-1648. urteen bitartean, nederlandarren mende izan zen.

XVII. mendean hasi ziren metropoliaren aurkako lehen altxamenduak, eta 1940an, askapen-gerra hasi aurreko azken altxamendu antikolonialistan, kubal herria sakailatu zuten portugaldarrek. Zapalkuntza militarra izan da beti kolonizatzaileen erantzun bakarra. 1951. urtean território eta 1955ean província egin zuten Angola portugaldarrek. 1961ean hasi zen askapen-gerra antikolonialista. Hiru higikundek jardun zuten portugesen aurka: MPLA (Angolako Askapenaren aldeko Herri Mugimendua), Sobietar Batasunak eutsia; FNLA (Angolako Askapenaren aldeko Fronte Nazionala), eta UNITA (Angolako Askapen Osoaren aldeko Batasun Nazionala), Ameriketako Estatu Batuek eta Zairek lagunduak. Portugalgo estatu-kolpearen ondoren (1974ko apirilaren 25a), Angolaren burujabetasuna sinatu zen 1975eko urtarrilean.

Angola burujabea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angolako gerra zibil luzeak arrasto ugari utzi ditu. Irudian, Huamboko eraikin bat, bala-zuloz josia.

Angolak burujabetasuna eskuratu zuenean MPLAk (Angolaren Askapenareko Herri Mugimendua) ez zuen lurraldearen parte txiki bat baino kontrolatzen. Sobietarren eta kubatarren laguntzari esker, ordea, aurrerapen handiak egin zituen, eta 1976ko urtarrilerako kontrolpean zuen FNLAren (Angolaren Askapenerako Fronte Nazionala) buruzagitza, zeinak, mendean harturik, errenditu egin behar izan baitzuen. UNITAk (Angolaren Askapen Osorako Batasun Nazionala), oso ahuldurik bazegoen ere, gerrilla-operazioak egiten jarraitu zuen. 1977an, MPLAko idazkari nagusi eta Angolako lehendakari Agostinho Netoren aurkako estatu-kolpe bat egiteko ahalegina bultzatu zuten MPLA bereko kideek. Neto handik bi urtera hil zen, 1979ko abenduan, Moskun, minbiziak jota. MPLAk ideologia marxista-leninista zuen orduan, eta bere burua langile-klasearen abangoardiako alderditzat bazeukan ere, ahaleginak egin zituen Mendebaldeko herrialdeekin harremanak normalizatzeko.

José Eduardo Dos Santos, Angolako lehendakaria 1979az geroztik.

Agostinho Netoren ondorengoa, José Eduardo Dos Santos, agintea hartu zuenetik bertatik saiatu zen pragmatikoa izaten eta, pixkanaka-pixkanaka, merkatu librerako trantsizioari ekin zion 1990eko hamarraldiaren hasieran. UNITAk, ordea, diamante-meategiak kontrolpean zituela, eta Estatu Batuek eta Hegoafrikak Jonas Savimbiri eskaintzen zioten laguntzaz baliaturik, berriro gerrari ekitea erabaki zuen. Hamar urteko gerra zibil odoltsuaren ondoren (ia milioi bat hildako izan ziren) New Yorkeko hitzarmenetan (1988ko abendua) kubatarrak eta hegoafrikarrak Angolatik irtetea aurreikusi zen. Baina Gerra Hotzaren amaiera ez zen nahikoa izan gatazka konpontzeko. 1991ko Estorilgo eta Bicesseko akordioek bazirudien bakea gehixeago hurbiltzen zutela. 1991ko maiatzean joan ziren Angolatik azkeneko kubatar osteak, eta, 1992ko irailean, Nazio Batuen kontrolpean, hauteskundeak egin ziren eta MPLAk irabazi zituen oso erraz. UNITAk, ordea, ez zuen emaitza hura onartu eta gerrari berrekin zion 1992ko urrian.

Nazioartean lagunik gabe (Zaireren laguntza salbuetsita) eta Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluak zigorturik, UNITAk nahitaez sinatu behar izan zuen gerrari amaiera ematen zion Lusakako protokoloa (1994ko azaroa). Hitzarmen horretan zehaztutakoari jarraituz, Jonas Savimbiren osteak armak utziz joan ziren; eta UNITAko kideak, berriz, gobernuan eta administrazioan pixkanaka integratuz joan ziren. 1997ko apirilean, Angolako legebiltzarrak 1992an hautatuak izandako UNITAko 60 diputatu onartu zituen legebiltzarkide gisa, eta batasun eta adiskidetasun nazionaleko gobernua eratu zen, UNITAtik etorritako hainbat ministro barruan zirela.

Baina gatazkaren txingarrak itzali gabe zeuden. Auzo-herrialdeetako egonkortasun faltak (Kongo eta Zaireko gerra zibilak, zeinaren kariaz Zaire Kongoko Errepublika Demokratikoa bilakatu baitzen), garbi utzi zuen bake-prozesua hari ahulez josita zegoela, eta hala, 1998ko martxoan UNITAk gerrari ekin zion Ipar eta Ekialdeko probintzietan. Abuztuaren azkenean agintariek indarrik gabe utzi zituzten UNITAk legebiltzarrean eta gobernuan zituen ordezkariak. Urtearen amaierarako lurralde guztira zabaldu ziren gobernuaren aldeko armadaren eta Jonas Savimbiren alderdikoen arteko borrokak. 1999ko urtarrilean, Angolako lehendakariak, José Eduardo dos Santosek, lehen ministroaren funtzioa indargabetu zuen, eta bere gain hartu zituen estatuko buruzagitza, gobernuko lehendakaritza eta armadaren buruzagitza. UNITAren eta gobernuaren arteko gerra zabaldu zen berriro.

Hala ere, 2002an su-etena sinatu zuten, UNITAk borroka armatua alde batera utzi zuen eta alderdi politiko gisa eratu zen. Batasun nazionaleko gobernu bat eratu zuten, eta geroztik egoera politikoa normalizatuz doa pixkanaka. 2008ko hauteskundeetan, Dos Santosen MPLA alderdia izan zen nagusi.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angolako probintziak

Angola 18 probintziatan (províncias) eta 163 udalerritan banaturik dago.[2] Hona hemen:

  1. Bengo
  2. Benguela
  3. Bié
  4. Kabinda
  5. Cuando Cubango
  6. Cuanza Norte
  7. Cuanza Sul
  8. Cunene
  9. Huambo
  1. Huila
  2. Luanda
  3. Lunda Norte
  4. Lunda Sul
  5. Malanje
  6. Moxico
  7. Namibe
  8. Uíge
  9. Zaire

7.283 km²-ko azalera izanik, herrialdearen iparraldean dagoen Kabinda exklabe bat da, iparraldean eta ipar-ekialdean Kongoko Errepublika eta ekialdean eta hegoaldean Kongoko Errepublika Demokratikoa dituena.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petrolioak hartzen du Angolako BPGaren % 45 hartzen du eta esportazio guztien % 90. Irudian, petrolioa ateratzeko plataforma bat, bere tokira daramatela, Luandako itsasertzean.

Meatze-aberastasun handiak baditu ere, Angolako ekonomia eta gizartea gerra zibilaren eraginpean daude, eta bai nekazaritza-sektorea (lur-langintza eta abere -hazkuntza), bai errepide- eta burdinbide-sareak egoera tamalgarrian daude. Munduko biztanleko errentarik txikienetakoa du.

Nekazaritzan enplegatzen da biztanleria aktiboaren bi heren baino gehiago; aldiz, BPGaren % 12 baino ez dagokio. Oraindik ez da gauza, inondik inora, herrialdean behar diren elikagaiak ekoizteko. Gerra dela-eta, gainera, mina asko daude soroetan, eta nekazariak lanera itzultzeko beldur dira.

Angolaren agintepeko itsaspean petrolio erreserba garrantzizkoak daude. Petrolioa da herrialdearen aberastasun-iturri nagusia. BPGaren % 45 hartzen du, eta esportazio guztien % 90. Sarrera garrantzitsuak dira, orobat, diamanteak eta herrialdearen hegoaldean ustiatzen dituzten burdin meak. Gainerakoan, bigarren sektoreak biztanleria aktiboaren % 10 besterik ez du enplegatzen, ez du inolako indarrik.

Ekonomia liberalizatzeko prozesua 1990ean hasi bazen ere, oraindik asko falta zaio Angolako ekonomiari, benetako merkatu-ekonomia bat izateko. Gerra zibil luzearen eta ondorengo bake hauskorraren eraginez, ustelkeria eta mendekotasuna betikotu dira Angolako ekonomian. Miseria eta desberdintasunak areagoturik, nazioarteko laguntzekiko gero eta mendekotasun handiagoa dutela, gizarte-krisi kezkagarrian sartuta daude. Gainera, kriminaltasunak eta kaleko segurtasun faltak etengabe gora egiten dute. Balantzaren beste aldean, petrolio-erreserba handiek eta, neurri txikiagoan bada ere, diamante-meategiek, egundoko potentzial geoekonomikoa ematen diote Angolari, eta mendebaldeko potentzia handien interesa pizten dute (Estatu Batuak, Frantzia). Azken urteetan, ekonomiak nabarmen egin du gora petrolioari esker, eta 2007an LPEEko kide egin zen. Edonola ere, azken urteetako gerrak direla-eta, arazo ekonomiko eta sozial larriak ditu herrialdeak.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angolako biztanleria-piramidea, 2005. urtean.

Angolar gehienak afrikar jatorrikoak dira (% 10 inguru mestizoak), eta europar jatorrikoak (portugesak gehienak) % 1 besterik ez dira. Badira asiar jatorrikoak ere. Talde etnikoei dagokienez, oro har bantu etnietakoak dira: ovinbunduak (% 37) lurraldearen erdialdean bizi direnak, kinbunduak (% 25) kostaldean, eta bakongoak (% 13) iparraldean, Kongorekin muga egiten duen lurraldean.

Haurren heriotza-tasa handia den arren (129 heriotza 1.000 haur jaioberriko, 1999), emankortasun-tasa ere halakoxea da (6 haur baino gehiago emakumeko, 1999). Bizi-itxaropena oso laburra da, 37 urte besterik ez, eta % 40 inguru dira alfabetatugabeak.

2007aren amaieraz gero, errefuxiatuak hartu ditu, gehienak Kongoko Errepublika Demokratikotik ihes egindakoak.

Portugesa da hizkuntza ofiziala, baina biztanleriaren parte txiki batek baizik ez du erabiltzen: politikan, administrazioan eta kulturan jarduten diren eliteek, hain zuzen.

Angolar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Angola Aldatu lotura Wikidatan