Apple Inc.

Wikipedia(e)tik
(Appletik berbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Apple Incorporated
Mota Sozietate Anonimoa
Sektorea Ordenagailuak (Hardware eta Software), Kontsumorako elektronika
Sorrera 1976
Sortzailea Steve Jobs, Steve Wozniak eta Ronald Wayne
Egoitza Cupertino, Kalifornia
Presidentea Steve Jobs
Merkatuak Mundua
Langileak 14.800 (2005)
Eskumendekoak Quick Time
http://www.apple.com

Apple Incorporated hardware- eta software-ekoizle estatubatuarra da. Cupertinon (Kalifornia) du egoitza nagusia. haren produktu ezagunenak Macintosh ordenagailuak, iPod musika-erreproduzigailuak, iPhone telefono mugikorrak, iPad tablet PCa eta Mac OS X sistema eragilea dira. Enpresarako, hezkuntzarako, administraziorako eta etxerako sistema informatiko pertsonalak ekoizten eta saltzen ditu.

Munduko 120 herrialde baino gehiagotan daude salgai bere produktuak, eta aipagarriak dira haien artean, besteak beste, ordenagailu pertsonalak, inprimagailuak, monitoreak, eskanerrak, softwarea eta sarean lan egiteko loturak. Appleren lantegi nagusiak Estatu Batuetan, Irlandan eta Singapurren daude kokatuta.

[aldatu] Historia

Enpresa 1976an sortu zuten Steven Jobs eta Stephen Wozniakek, konputagailuetarako zirkuituak saltzeko xedearekin hasieran, baina 1977an elkarte bat antolatu zuten Jobs, Wozniak eta Mike Markkula bazkide berriak eta ordenagailu pertsonal bat merkaturatu zuten, Apple II izenekoa. 1982. urtean ordenagailu pertsonal gehien saltzen zituen enpresa izatera iritsi zen. Hurrengo urtean Lisa ordenagailua aurkeztu zuten, eta hartan oinarriturik sortu zuten azkenik Macintosh ordenagailu pertsonala, ordenagailu merke eta soila, erabiltzaile arruntentzat bereziki aproposa.

Lehen Macintosh ordenagailua, 1984an merkaturatua.

1985ean botere-borroka gertatu zen bi urte lehenago kontratatutako John Sculley zuzendari exekutiboaren eta Steve Jobsen artean: horren ondorioz, Jobsek enpresa utzi zuen eta NeXT Inc. sortu zuen.

1986an bulegotikako lehen produktuak kaleratu zituzten, eta eragin handia izan zuten autoedizioaren alorrean. Lehen urteetan, 1985 inguru arte, arrakasta handia izan zuen Applek, baina ondoren aldaketa nabarmenak gertatu ziren (bazkideak, etab.). 1990ean Macintosh ordenagailu berriak atera ziren merkatura, bezero gehiago erakartzeko asmoz, eta sistemaren softwarea handitu zuten. 1991. urtean International Business Machines Corporation (IBM) enpresarekin bat egin zuen Applek, zenbait proiektu aurrera eramateko. 1992an urrats handia egin zuten konputagailuetan, Macintosh PowerBook, Appleren lehenengo ordenagailu eramangarria sortu zutelarik, eta handik bi urtera lehen PowerPC ordenagailuak agertu ziren, Apple, IBM eta Motorola enpresen elkarlanari esker; ordenagailu horiek aurrerapen handia ekarri zuten ahalmen eta errendimendu aparta eskaintzen zutelako zuten preziorako. Iraultza handia eragin zuten, halaber, AppleTalk izeneko produktuarekin.

1989 eta 1991 urteen arteko garaia Macintosh-en lehen urrezko sasoitzat hartzen da. Haren ondoren, hala ere, erortzea etorri zen. Sasoi horretan Applek kontsumitzaileei zuzendutako beste hainbat produktu asmatu zituen, kamera digitalak, CD erreproduzigailu eramangarriak, bideo-kontsolak, etab. Ez zuen arrakastarik lortu haiekin, eta enpresaren akzioak asko erori ziren.

iPod gailuen familia: iPod Shuffle, iPod Nano, iPod Classic, eta iPod Touch.

1996an, orduko zuzendari Gil Ameliok, enpresa hobetzeko hainbat estrategia probatu ondoren, NeXT enpresa eta haren NeXTSTEP sistema eragilea erostea aukeratu zuen, eta horrela Steve Jobs enpresara itzuli zen aholkulari gisa. 1998ko abuztuaren 15ean Applek Macintosh familiaren ondorengotzat hartu zen ordenagailu berria aurkeztu zuen: iMac ordenagailua. Diseinu zaindua, teknologia modernoa eta marketin-kanpaina egokia uztartuz, 800.000 ale saldu ziren lehen bost hilabeteetan.

iMac ordenagailua arrakastara itzultzeko lehen urratsa izan zen. Haren ondoren, 2001eko urriaren 23an iPod musika-erreproduzigailua iritsi zen, eta ikaragarrizko arrakasta bihurtu zen berehala -100 milioi ale saldu ziren 6 urteetan. iPod-en osagarri, 2003an iTunes musika-denda sortu zuen, abestiak $0,99 dolarrean deskargatzea eskainiz. Zerbitzua merkatuko nagusia bihurtu zen.

2005ean Jobsek iragarri zuen PowerPC prozesagailuak utzi eta ordenagailu berrietan Intelen arkitektura zuten txipak erabiliko zituela.

2007tik aurrera, oraindik beste 2 produktu arrakastatsuren agerpena ikusiko zen: iPhone telefono eramangarria eta IPad tableta.

2011ko urriaren 5ean, Applen azken aldiko arrakastaren eragile nagusiatzat jo izan zen Steve Jobs hil egin zen Kalifornian, pankreako minbizia diagnostikatu ziotenetik zazpi urte igaro ondoren.


[aldatu] Kanpo-loturak

[aldatu] Erreferentziak

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak
Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak