Aurre-indoeuropar herriak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Neolitoren hedapena erakusten duen mapa (K. a. 7000-5000).

Aurre-indoeuroparrak edo Europa Zaharra Indoeuroparren etorreraren aurretik Europako Neolitoko kultura homogeneoa eta zabala definitzeko Marija Gimbutas arkeologoak sortutako kontzeptua da, The Goddesses and Gods of Old Europe: 6500–3500 B.C. (Europa Zaharreko jainkosak eta jainkoak: 6500-3500) 1982an kaleratutako liburuan lehen aldiz erabilia.

Brontze Aroaren hasieran, indoeuropar hizkuntzetan mintzatzen ziren herriek Europa eta Asia arteko estepetatik (Kurgan kultura) mendebaldera jo zuten dioen teoria Marija Gimbutasek eta beste arkeologo batzuek ere defendatzen zuten aldez aurretik. Marija Gimbutasek aurkitu zuen migrazio horien aurretik Neolitoko Europako kultura homogeneoa zela oso.

Europa Zaharra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hortaz, aurre-indoeuroparren Europa Zaharra Mesolito eta Brontze Aroen arteko garaia izango litzateke, gutxi gorabehera K. a. 7000tik (data horretan Grezian lehenengo nekazal gizarteak agertzen baitira) K. a. 1700 arte (data horretan ipar-mendebaldeko Europan Brontze Aroa hasi baitzen). Neolitoaren iraupena tokiz toki aldatzen da: hego-ekialdeko Europan 4000 urtekoa da (K. a. 7000-3000), eta ipar-ekialdeko Europan 3000 urtera ez da iristen (K. a. 4500-1700).

Datak data, Neolitoko giza-talde europar ugarik oinarrizko ezaugarri berak dituzte: familian oinarritutako maila txikiko herrixkak, Brontze Aroko hiri-estatuak baino igualitarioagoak; nekazaritza eta abeltzaintzaz gain, barazkien bilketan eta animalien ehizan aritzen ziren; eskuz egindako ontziak... Dena den, desberdintasunak ere anitzak dira: hego-ekialdean 3000-4000 biztanle artean zituzten bizitoki harresidunak daude (Sesklo Grezian esaterako), eta Ingalaterrako Neoliton, giza-taldeek 50-100 kide izango zituzten.

Balkanetako hegoaldean herrixketan kokatutako gizartearen garapen kulturala ulertze aldera ikertu zuen Gimbutasek Neolitoa. Bere ustez, gizarte hori bakezalea eta matrilineala (boterea edo jabetza emakumezkoen bidez igarotzen zen) zen, eta jainkosak zituzten erlijioaren erdian. Horien aurrean, indoeuroparren kultura gerrazale, nomada eta patrilineal (boterea edo jabetza gizonezkoen bidez igarotzen zen) definitu zuen. Ontziteria eta eskulturaren aztarnak erabiliz eta arkeologia, mitologia, hizkuntzalaritza eta, polemikoena, folklorea uztartuz, diziplina berri bat sortu zuen: arkeomitologia.

Aurre-indoeuroparren ondorengoak izango liratekeen etnia batzuk iritsi ziren garai historikoetara: pelasgiarrak, minoikoak, lelegeak, iberiarrak eta euskaldunak. Siziliako hainbat herri, sikaniarrak eta elimiarrak ere izan litezke. Etruskoen egoera zalantza gehiagotan dago.

Zenbat aurre-idoeuropar hizkuntzak zeuden ez da ezagutzen. Ontziterian eta beste tresna batzuetan agertzen ziren ikurrak berdintsuak zirela ikusita, Marija Gimbutasek uste zuen Europa Zaharrean hizkuntza bakarra egon litekeela, baina nolakoa zen zehaztu ahal izateko, testu elebidunak agertu arte itxaron beharko litzateke. Ontziteriako ikurrez gain, toponimian, etnonimian eta zenbait hizkuntzako sustraitan aurreko hizkuntzen zantzuak aurkitu omen da. Zantzu horiek guztiek haien artean erlazioa duten edo ez ikertzeko dago. Hala, latinezko urbs, aurre-indoeuroparren mailegua izango zena, (aurreindoeuroparrek *burg erabiltzan zutelako) euskarazko huri edo hiri hitzekin erlazionatu da.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]