Euskaldun

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Lauburu euskal ikurra harrian zizelkatua.
Lauburu euskal ikurra harrian zizelkatua.

Euskalduna Euskal Herrian bizi den jatorri ez indoeuroparreko Europako herria da, ezaugarri nagusi gisa euskara duena. Halaber, euskaldun euskal hiztunari deritzo. Hain zuzen, euskaldun hitzaren erabilera arruntena hau da, euskaraz mintzatzen badakiena.

Euskal Herriko jatorrizko biztanleei euskal herritar edo egun gutxiago erabiltzen den euskotar deritzaie.

Eduki-taula

[aldatu] Etimologia

Etimologikoki, euskaldun hitzak euskara eta -dun-dik eratorria, euskaraz badakiena (euskara duena) esan nahi du. Horren antonimoa erdaldun da, hau da, erdara (euskara ez diren hizkuntzak) duena. Euskaldun hitza, baina, euskal herria izendatzeko ere erabiltzen da, etimologikoki erabilera okerra bada ere.

XIX. mendean, abertzaletasun modernoaren sortzaile Sabino Aranak euskotar (euzkotar, bere garaian) neologismoa sortu zuen euskal herria izendatzeko. Egun, hala ere, euskotar hitza ia ez da erabiltzen.

Azkenaldian, Euskal Herriko jentilizioa erabiltzen da gizatalde hau definitzeko, eta euskal herritar era geroz eta zabalduagoa da.

[aldatu] Hedapena

Euskaldunek, gutxi gorabehera, zazpi milioiko gizataldea osatzen dute, ondoko eremuetan banaturik:

[aldatu] Euskal diaspora

Artikulu nagusia: Euskal diaspora

Euskal diaspora arrazoi desberdinak direla eta euren lurraldea utzi duten euskaldunen sakabanaketari deritzo. Horietariko askok lotura berezia sentitzen dute euskaldunekiko edo Euskal Herriarekiko, diaspora honetako kide ugari hainbat belaunalditatik Euskal Herritik at bizi bada ere. Hori dela eta, askok bizi diren herriaren eta euskalduntasunaren nortasunak partekatzen dituzte. Euskal diasporako gizatalde kopuru esanguratsuak Venezuelan, Argentinan, Kuban, Txilen, Mexikon, Kolonbian eta Ameriketako Estatu Batuetan bizi dira. Euskal diasporako kideei gertutasuna erakutsi asmoz, askotan zortzigarren herrialdea deritzaio euskal diasporari.

[aldatu] Historia

Euskal tribuen kokapena erromatar geografoen arabera, gorriz leinu aurreindoeuroparrak eta urdinez zeltak
Euskal tribuen kokapena erromatar geografoen arabera, gorriz leinu aurreindoeuroparrak eta urdinez zeltak

Artikulu nagusia: Euskal Herriko historia

Euskal Herriko edo euskaldunen historia Europako herri zaharrenetariko baten historia da. Paleolitotik hasita, hainbat herriren influentzia jaso du euskaldunen herriak, zeltak, erromatarrak, frankoak, bisigodoak, musulmanak, gaztelarrak, ingelesak. Gaur egun Espainia eta Frantziaren artean kokatuta dago eta bi herri horien historiaren pasarteak jasan ditu. Bitarte horretan euskararen inguruan batzen den herrian Nafarroako Erresuma bezalako egitura politikoak egon ziren eta hainbat gerra, horietako asko inguruko estatuen eta euskaldunen konpetentzia gatazkek sortuak.

Herri nekazari eta abeltzain bat izatetik Europar Batasunaren barruan dagoen eskualde industrializatu eta aberatsa izatera igaro da, baina horretarako bere antzinako egiturak eta antolaketak guztiz eraldatu behar izan ditu.

[aldatu] Kultura

Europako hizkuntza ez-indoeuroparrak, gorriz.
Europako hizkuntza ez-indoeuroparrak, gorriz.

[aldatu] Euskara

Artikulu nagusia: Euskara

Euskara euskaldunek hitz egiten duten hizkuntza da. Gaztelania, frantsesa eta gaskoierarekin batera Euskal Herrian mintzatzen den hizkuntzetako bat da, jatorrizkoa, gaur egun egoera gutxituan dagoena. Euskara ez dago philum indoeuroparraren barruan sailkatuta eta Europako mendebaldean izan zen hizkuntza-familia baten azken arrastotzat hartzen da.

Antzina, Errioxan, Kantabrian, Burgosen, Huescan eta Zaragozan ere hedatuta zegoen, eta Akitanian eta Erdialdeko Pirinioetan ere bai.

Iberiar Penintsulan oraindik bizirik dirauen erromatarren aurreko hizkuntza bakarra da. Gutxitze prozesu gogorra jasan du, etenik gabe lurraldeak eta hiztunak galduz. Nafarroa Garaian bereziki, prozesu hori nabarmena da. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran, hainbat intelektualen eta politikariren eraginez (Arturo Kanpion, Sabino Arana...) nolabaiteko biziberritu zen, abertzaletasunarekin estuki loturik. Frankismoan (1936-1977) jazarpen latza pairatu ondoren, XX. mende erdialdetik aurrera hasi da indartzen, idatzizko estandarizazioari dagokionean batez ere.

Euskararen ezagutza portzentajeak.
Euskararen ezagutza portzentajeak.

1980ko hamarkadatik aurrera, erakundeen onarpena lortu zuen, lurralde zatiketa handiekin bada ere. Gernikako Estatutuak euskara Euskadiren berezko hizkuntza izendatu eta gaztelaniarekin batera ofiziala egin zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (Trebiñuko Konderrian eta Turtzioz-Billaberden izan ezik). Nafarroa Garaian, Euskararen Legearen eraginez, herrialdeko ipar/mendebaldean (Eremu euskalduna) soilik da koofiziala. Iruñean eta erdialdeko beste hiri garrantzitsuetan (Eremu mistoa), onarpen maila txikiagoa eta traba handiagoak ditu. Nafarroa hegoaldean (Eremu ez-euskalduna), berriz, euskara ez dago onartuta. Ipar Euskal Herriari dagokionez, euskarak ez du onarpen instituzionalik, frantsesa hizkuntza ofizial bakarra izanik.

XX. mendean euskara batua sortu zen euskalkiak batzeko beharrari erantzunez; gaur egun, hizkuntza koofiziala da Euskal Herriko lurralde batzuetan. Komunikabide, ikaskuntza, administrazio eta aisian erabiltzen da, lurralde eta eremuen arabera gorabehera handiak dauden arren.

[aldatu] Musika

Artikulu nagusia: Euskal Herriko musika


[aldatu] Bertsolaritza

Uztapide eta Basarri bertsolariak.
Uztapide eta Basarri bertsolariak.

Artikulu nagusia: Bertsolaritza

Nahiz eta lehenagoko aztarnak ere badiren, bertsolaritza XIX. mendetik aurrera garatu zen Euskal Herrian. Ez zen lurralde guztietan indar berarekin hedatu, ordea. Gipuzkoako eskualde batzuek eman zituzten bertsolaririk ezagunenak. XIX. mendeko gerra eta gatazka ugariek eskaini zuten bertsotarako gairik. Hori dela eta, frantsesen aurkako, karlisten garaiko eta Kubako gerrei buruzko bertso mordoskak iritsi zaizkigu: ahoz aho banaka batzuk, idatziz gehienak. Kanta paperen bidez zabaldutako bertsoak oso modan egon ziren, zenbait kasutan orduko gertaera eta albisteak jakinarazteko modurik herrikoienetako bat zelarik.

Mende hartako bertsolari zaharrenen artean Xenpelar errenteriarra dugu ospetsuena. Haren bertso-sorta askok bizirik diraute euskal kantutegian: Betroiarenak, Pasaiako zezenarenak edo Ia guriak egin du, esaterako. Bapateko bertsolari moduan nabarmendu ez baziren ere, Jose Mari Iparragirre eta eta Bilintxen bertsoak ere aipagarriak dira. Lehenaren Ume eder bat eta Gernikako arbola edo bigarrenaren Bein batian Loiolan eta Loriak udan intza bezela, oso ezagunak dira. Azpimarratzekoak dira Iparraldeko koblakariak ere, hala nola Zuberoako Piarres Topet "Etxahun" barkoxtarra (Ürx'aphal bat badügü, Maria Solt eta Kastero...) eta Nafarroa Behereko Joanes Oxalde bidarraitarra (Lurreko ene bizia, Iruiñeko ferietan...).

[aldatu] Euskal dantzak

Ezpata dantza Donostian.
Ezpata dantza Donostian.

Artikulu nagusia: Euskal dantzak

Euskal dantzak euskal kultura eta folklorearen osagai garrantzitsuak dira. Herri, eskualde edo lurralde batetik bestera dantza hauek aldatu egiten dira, baita esanahia eta dantza egiteko modua ere (jantziak, partaideak, etab.). Dantza batzuk oso zaharrak dira, ia betidanik egin dituzte euskaldunek, baina badago aintzinako dantzen bertsio eraberritu ugari ere.

[aldatu] Erlijioa

Euskaldunen gehiengoa katolikoa da gaur egun. Hala ere, Elizaren eragina ez da antzina bezain handia euskalduengan, zeinak XIX. mendean katolizismoari erabat lotzen baitziren, euskaldun fededun esamoldeak dioen moduan.

[aldatu] Euskal mitologia

Euskal mitologian leku berezia duen Anboto mendia.
Euskal mitologian leku berezia duen Anboto mendia.

Artikulu nagusia: Euskal mitologia

Gainerako herri eta kulturen antzera euskal mitologia alegiazko kontakizun, antzinako balizko jainko edo heroien egintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen da, gehienetan, izadiaren indarren edo giza izaeraren alderdien oihartzuna dakarrena.

Kondaira sinbolikoa, munduaren hasierako edo denbora historikotik kanpoko gertakari harrigarriren baten berri ematen du askotan. Antzinako jainko edo heroien ekintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen dira alegiazko kontakizunak, jatorri ezezagunekoak eta herri baten tradiziozko pentsamendu kolektiboaren osagai direnak, naturaren indarrari edo giza izaeraren zenbait alderdiri buruzko ikuspegia eta sinesteak islatzen ditu.

[aldatu] Euskal kirolak

Pilota, 1900eko Olinpiar Jokoetan (Paris).
Pilota, 1900eko Olinpiar Jokoetan (Paris).

[aldatu] Euskal pilota

Artikulu nagusia: Pilota

Pilota edo, Euskal Herritik kanpo, euskal pilota Euskal Herriko kirola da. Orokorrean bi edo lau pilotarik (bi taldetan banatuta) txandaka pilota frontis izeneko aurreko hormaren kontra jotzen dute, tantua lortu nahian. Pilota jotzeko erabiltzen den tresnaren arabera ezberdintzen dira joko motak: eskuz, palaz, xarez, etab.

Pilota joko asko egon arren eta herri askok pilota jokoak izan arren, euskaldunek beste hainbat gauzekin bezala ederki jakin dute pilota jokoa jasotzen. Beren tokira moldatu dute pilota euskaldunek eta gauza aldatu dituzte: plaza, leku, arau, pilota, jotzeko pala eta beste gauzak, instalazioak, materialak, etab. Ondorioz, gaur egungo joko horiei pilota jokoak esaten zaizkie.

[aldatu] Herri kirolak

Harriak zulatzeko proba, Barakaldon (Bizkaia).
Harriak zulatzeko proba, Barakaldon (Bizkaia).

Artikulu nagusia: Herri kirol

Herri kirolak Euskal Herrian antzinatik jokatu izan diren kirolei deitzen zaie normalki. Hauetako asko bertan sortutakoak eta bereziak dira. Herri kirolen jatorria garai bateko lan jarduera desberdinak aisialdira bideratzean aurki dezakegu. Baserritarrak nahitaez egin behar zituen eguneroko betebeharrak kirol bilakatu dira denborarekin.

[aldatu] Abertzaletasuna

Artikulu nagusia: Abertzale

Euskaldunen gizataldearen edo talde etnokulturalaren aldarrikapen politikoa egiten duen mugimendua euskal nazionalismoa edo (eurek erabilitako terminoa erabiliz) abertzaletasuna da. Mugimendu horren arabera, euskaldunen herria, Euskal Herria, errealitate kulturala ez ezik, errealitate politikoa ere bada eta, hortaz, nazio bat osatzen du.

Historian zehar, egile desberdinek euskal lurraldeen nazio izaera goraipatu bazuten ere, eta historiagile batzuek sustraiak askoz lehenago ipintzen badituzte ere, euskaldunen aldarrikapen politiko zehatza egin zuen lehena Sabino Arana izan zen, zeina euskal nazionalismoa eta Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) sortu baitzituen. Horrek, XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran, besteak beste euskalduntasuna arrazan oinarritu zuen. 1959an Euskadi Ta Askatasuna (ETA) sortu zen, zeinak, oro har eta aurretik izandako saiakera batzuen erreleboa hartuz, ezkerreko euskal nazionalismo baten oinarriak ezarri baitzituen.

[aldatu] Euskaldun ezagunak

Artikulu nagusia: Euskal Herriko pertsona ezagunak

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak

Tresna pertsonalak