Bokal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gaztelaniazko bost bokalak, Euskalki gehienetan dauden bostetatik oso hurbil.
Nazioarteko IPA sistemen araberako bokalak. Aurreko, (aitzineko), erdiko eta atzeko bokalak. Ahoaren zabalera eta mihiaren kokapenari begira egindako sailkapena.
Aurreko bokal batzuk. Ahots-kordak dar-dar era airea botatzerakoan, mihiak nola ireki eta halako bokal ahoskatzen da.
Atzeko bokal batzuk.
IPA chart vowels translated into basque eu Bokalak NAF

Bokal ahots-korden bibrazioz sortu eta glotisgaineko barrunbetik trabarik gabe igaroz gauzatzen den fonema da[1]. Beste definizio batek dio bokala dela aire-etorriari traba gutxien egiten dion hots mota[2]. Kontsonanteak ahoskatzean, berriz, ahots-traktuan traba edo itxiera bat dute. Bokalak silabikoak dira, silaba osa dezaketen hots irekienak dira[3]; haiek bezalako soinua baina silabikoa ez denak erdibokal du izena.

"Bokal" hitza latinezko vocalis hitzetik dator, "ahotsarekin" esan nahi duena. Izan ere, hizkuntza gehienetan, hitzak ezinezkoak dira bokalik gabe. Hitzak bai soinuak bai idatzizko zeinuak izendatzeko balio du[4].

Suediera bezalako hizkuntzatan dozena bat bokal baino gehiago bereizten dira, fonema dira. Mingainaren malgutasunari esker, ahoska daitezkeen bokalak infinitu dira. Hizkuntza bakoitzak, baina, bere fonema bokaliko bereiziko ditu, beti oso kopuru mugatuan. Latinez, esate baterako, garai klasikoetan hamar bokal bereizi ziren. Gaurko hizkuntza erromanikoetan, hamar horiek baino gutxiago bereizten dira.

Bokalen sailkapena

Ahoaren zabalera eta mihiaren kokapena begiratzeaz gain, (ikus eskuineko bigarren diagrama), bokalak sailkatzerakoan, ahotsaren indarrari eta doinuari erreparatzen zaio. Bokalaren iraupenari ere begiratu behar zaio.

Azentuari begira bokal ahulak eta bokal azentudunak-edo bereizten dira. Bestalde, Asiako zenbait hizkuntzatan, esaterako, doinuari lotutako bokal bereizketak egiten dira.

Bokal ahokariak / sudurkariak. Azken hauetan erresonantzia sudurraren barrunbean ere gauzatzen da.

Azkenik, beste hizkuntza batzuetan iraupenak du garrantzia eta bokal luzeak eta bokal laburragoak bereizi izan dira. Horrela, latin klasikoan, esate baterako, bokal luzeak eta laburrak zeudela esaten da.

Euskararen bokal sistema

Euskal bokalen diagrama bat. Ahoaren irekiera eta mihiaren kokapenari begira egindako sailkapena.

Euskarak bost fonema bokaliko ditu gaur egun eta gaztelaniaren sistema bokalikoarekin harreman handia izan arren, bokal hauen gauzatzeak desberdinak dira sistema biotan[1]. Zubereraz seigarren fonema bokalikoa agertu da: /y/, grafian < ü > zeinuarekin islatzen den bokala; aitzinekoa baina ezpainak apurtxo bat biribilduz ahoskatzen den bokala, goikoa.

Bilakaera historiko hauek antzeman izan dira zubereraren zenbait testuingurutan: /u/ > /y/ > /i/. Gaur egungo euskal bokalak ahokariak dira oro har baina zubereraz badago bokal sudurkaririk. XX. mendean hiztun guztiak galdu dituen erronkarieraz ere bazeuden bokal sudurkariak.

Bizkaiera zaharrean ere ba omen zegoen bokal sudurkaririk[5][6].

Gaur egungo euskarak ez ditu bokal ahulak eta indartuak bereizten, ezta bokal luzeak eta laburrak ere. Euskal bokaletan ez dago doinuaren balio fonologikorik: euskaraz fonologikoki antzeman beharreko tasunak ahoaren zabalera eta mihiaren kokapena dira.

Diptongoak. Hiatoak

Bi soinu bokaliko elkarren ondoan suertatzen direnean diptongo edo hiato bat sortzen da.

Diptongoetan bi soinu bokalikoak silaba berean elkartu egiten dira. Soinu bokaliko horietako bat laburrago gertatzen da, erdibokal esaten zaio. Erdibokal horiek goiko bokal itxietatik oso gertu daude.

Hiatoetan bi bokal elkarren ondoan agertzen dira baina ez dira biak silaba bakarrean elkartzen, silaba banatan bereizita agertuko dira.

Ikus, baita

Erreferentziak

  1. a b Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Bokal. .
  2. Miren Lourdes Oñederra Olaizola: Fonetika fonologia hitzez hitz. EHU. 2004. (60. or.)
  3. Miren Lourdes Oñederra Olaizola: Fonetika fonologia hitzez hitz. EHU. 2004. (60. or.)
  4. Johnson, Keith. (2003). Acoustic & Auditory Phonetics. Blackwell ISBN 1-4051-0123-7..
  5. Ikus: Koldo Mitxelena: Fonética histórica vasca. [1961, 1977]. 1985.
  6. Joseba Andoni Lakarra: Refranes y Sentencias (1596), Ikerketak eta edizioa. Euskaltzaindia. 1996. Bilbo.


Hizkuntzalaritza Artikulu hau hizkuntzalaritzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.