Dextrano

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Dextranoaren egitura kimikoa

Dextranoa mikroorganismoek sortutako pisu molekular handiko polimeroa da. Erabilera desberdinak izan ditzake pisu molekularraren arabera.

Glukosa molekulaz osatuta dago eta adarkatua izan daiteke. Glukosa molekula hauek α (1-6) loturen bidez lotzen dira elkarri, baina zenbait kasutan α (1-2), α (1-3) edo α (1-4) loturak ere egon daitezke polimeroaren egitura adarkatsuago bihurtuz.

Ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelula kanpoko polimeroa da eta zenbait bakteriok duten dextrano sakarasa entzimaren eraginez jariatzen du zelulak. Entzima honek sakarosa aitzindari harturik glukosa molekulak polimerizatzen ditu polisakaridoa sortuz. Bakterio anduien arabera polimero desberdinak lortzen dira, adarkadura kopuru aldakorrekoak. Adarkadura hauek oso laburrak dira eta α (1-3) eta α (1-2) loturen bidez lotzen dira kate nagusira.

Polisakarido hauen ekoizpen industriala Leuconostoc mesenteroides eta Streptococcus mutans anduien kultiboekin egiten da sakarosan oparo den ingurunean. Kultiboa agortzen denean, polimeroa alkoholarekin hauspeatzen da. Ondoren, hauetatik pisu molekular baxuko dextranoak lortzeko hidrolisi partziala egiten da. Azkenik, dextrano ofizinalak lortzeko, desionizazioa, hauspeaketa azetonan eta berkristalizazioa burutzen dira.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dextranoak erabilera terapeutiko ugari izan ditzake, baina hauek bere pisu molekularraren araberakoak dira.

  • Pisu molekularra 100.000 baino handiagoa duten dextranoak ez dira terapeutikan erabiltzen, eritrozitoen agregazioa bultzatzen dutelako.
  • Erdi mailako pisu molekularra duten dextranoak (40.000-60-000) ospitaleetan erabiltzen dira zainbidetik. Erredura handiak edo odoljarioak dituzten gaixoetan, odol bolumen handia galdutakoan sortutako shock hipobolemikoaren tratamendu edo aurrezaintzan erabiltzen dira plasmaren ordezkatzaile gisa.
Ez dira toxikoak, organismoak guztiz kanporatzen ditu. Plasmaren antzeko likatasun eta osmolaritatea dute eta gorputzean plasmaren deribatua bailitzan jokatzen du.
  • Pisu molekular baxuko dextranoak eragin antikoagulantea dute eta tronboen eraketa galerazteko erabiltzen dira. Odol zirkulazioa bultzatzeko erabiltzen dira, batez ere kapilarretan.

Eragin desiragaitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dextranoarekin loturiko eragin desiragaitzak gutxi badira ere, oso larriak izan daitezke. Hauen artean daude:

  • Anafilaxia
  • Bolumen gainkarga
  • Birika edema
  • Garun edema
  • Giltzurrun gutxiegitasuna