Eduardo (Printze Beltza)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Agintari infotaula Eduardo Woodstockekoa (Woodstock, Oxfordshire, Ingalaterra, 1330eko ekainaren 15ean - Londres, Ingalaterra, 1376ko ekainaren 8an), Printze Beltza (ingelesez: Black Prince) deitua, Galesko eta Akitaniako printzea izan zen. Eduardo III.a Ingalaterrakoaren seme zaharrena, eta Rikardo II.a Ingalaterrakoaren aita izan zen.

Aparteko agintari militarra eta oso estimatua bizitzan zehar, aita baino urtebete lehenago hil zen, eta, hortaz, ez zuen errege gisa gobernatu (Galesko printzeari horrelakoa gertatu zitzaion lehenengo aldia). Richard semearengana igaro zen koroa, artean adin txikikoa zela.

Gaur egun Printze Beltza deitzen bazaio ere, bere bizialdian honelako izenik ematen zitzaion frogarik ez dago. Horren ordez Eduardo Woodstockekoa bezala ezagutzen zitzaion, jaiotokia zela eta. Printze Beltza ezizena geroago jaio zen, lehen aldiz XVI. mendean. Ziurrenik goitizen hori armarritik etor dakioke, Canterburyko hilobian agertzen den bezala, beltza eta hiru ostruka-lumekin.

Biografia

Printze Beltzaren estatua Leedsen.

Eduardo III.a Ingalaterrakoaren semea zen. Ehun Urteko Gerrako jeneralik onenetakoa izan zen. 1356. urtean Frantziako errege Joan II.a garaitu zuen Poitiersko guduan. Aitak semearen esku utzi zuen Akitania (1363).

1366. urtean, Baionan bildu zen Gaztelako errege Petri I.a Ankerrarekin eta Nafarroako errege Karlos II.a Gaiztoarekin, Libourneko ituna prestatzera. Hitzarmen haren arabera, laguntza militarraren truke, Bizkaiko jaurerria Akitaniako dukearen mendeko lurralde bihurtu zen, eta Gipuzkoa, Araba eta Errioxa Nafarroako koroaren mendean gelditu.

1367. urtean, Printze Beltzaren osteek Nafarroa igaro, eta, Naiaran, Petri I.a Gaztelako erregearen anaia eta aurkari zen Henrike Trastamarakoaren osteak garaitu zituzten, eta Bertrand du Guesclin atxilotu zuten. Printze Beltza Akitaniara itzuli zen, eta bertan Aragoiko, Nafarroako eta Portugalgo erregeek Gaztelako koroa eskaini zioten, gaztelarrek kenduriko lurralde guztien truke. Portugalgo erregeak ez zuen hitza bete eta, Petri I.aren alde jarri ondoren, hutsean geratu ziren asmo haiek guztiak.

Printze Beltza gaixotu egin zen 1370. urtean eta Joan Lancasterkoak, bere anaiak, hartu zuen haren lekua Akitaniako gobernuan.

Erreferentziak


Aurrekoa
Eduardo III.a Ingalaterrakoa
Akitaniako dukea
13621372
Ondorengoa
Rikardo II.a Ingalaterrakoa
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eduardo (Printze Beltza) Aldatu lotura Wikidatan