Gales

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Gales
Cymru
Wales

Galesko bandera
Bandera
Galesko armarria
Goiburua: Cymru am byth
("Gales betiko")
Ereserkia: Hen Wlad Fy Nhadau
("Nire arbasoen lurra")
Europe location WAL2.png
Herrialdea Erresuma BatuaErresuma Batua
Hiriburua Cardiff/Caerdydd
Eremua 20.779 km²
Biztanleria 2.958.600 (2005)
Dentsitatea 140 bizt / km²
Hizkuntza ofiziala(k) ingelesa, galesera
Herritarra galestar
Bateratzea 1056
Zaindaria San David
www.wales.gov.uk

Gales (ingelesez Wales; galeseraz Cymru, euskaraz bere ahoskera gutxi gorabehera "Kamri" izango litzateke), Erresuma Batua osatzen duten 4 herrialdeetako bat da. Britainiar uhartearen mendebaldean dagoen penintsula batean kokatzen da. Ingalaterra du mugakide ekialdean honako konderriekin: Cheshire, Shropshire, Herefordshire eta Gloucestershire, Irlandako itsasoa (galeseraz Môr Iwerdodon) iparraldean eta mendebaldean, ipar-ekialdean Dee ibaia (Afon Dyfrdwy) eta Bristolgo kanala hegoaldean.

Hiriburua Cardiff/Caerdydd da eta 300.000 biztanle ditu. Galesek denera 20.779 km²-ko azalera dauka, eta 2.903.085 biztanle (140 bizt./km², 2001).

XIX. mendetik aurrera, Gales garaiko eskualde industrializatuenetakoa bihurtzen da, Britainiar Inperioa eta bere koloniei ikatz eta altzairu kopuru erraldoiak eskainiz. Gaur egunekoz, Zerbitzuen sektorea Industriaren sektorearen mailara ailegatu da, Galesko sektore garrantzitsu izateraino. Nahiz eta Galesko BPG-a Britainia Handiko beste eskualdeetakoa baino zertxobait baxuagoa izan, Gales eta Britainia Handiko beste eskualdeen arteko bizi mailaren ezberdintasun handirik ez da nabaritzen. XX. mendetik aurrera galestar nortasun nazionalaren berpizkunde bat eman zen.

Eduki-taula

[aldatu] Izena

Gales izena (ingeleraz Wales), Walh edo Waelisc germaniar hitzaren eratorria da, izendapen hau "erromanizatuak" zeuden atzerritarrei deitzeko erabili ohi zen. Izendapen berdina Kornuallesen agertzen da bere ingelerazko izenaren "-wall" atzizkian: "Cornwall". Waelisc izendapena eratorri eta gaur egungo Welsh ("Galestar/rrak") ingelerazko hitzara bilakatu zen.

Galestarrek euren buruei "Cymry" ("Aberkideak") bezala deritze, eta bere herrialdeari "Cymru" ("Aberkideen Lurra"), antzineko galeseran; izendapen honek garbi uzten digu galestarrak Britainia Handiko jatorrizko biztanleak zirelako ezagupena edo ustea zutela (bai eta bere arbaso britoien bertuteen jasotzaileak ere), honela Britainia Handia erasotu edo inbaditu zuten atzerritarrengandik bereizteko asmoz: anglosaxoiak (ingelesak).

[aldatu] Historia

[aldatu] Historiaurreko garaia

Bryn Celli Dduko trikuharria.

Egungo gizakiak azken 29.000 urteetan bizi dira Galesen, nahiz eta etenik gabeko bizialdia azken Izotz Arotik (K. a. 12.000 eta 10.000 bitartetik) hona dator. Izan ere, une horretan Europako ehiztari-biltzaileak Britainia Handira migratzen hasi ziren.

Izotz Aroaren ondoko garaietan, Europa eta Britainia Handia bereizita geratu ziren itsasoaren maila igo zelako (K. a. 7.000-6.000). John Daviesen esanetan, galestarren zenbait ipuin eta kondairatan (Irlanda eta Galesen arteko tartea handitzea) gertaera horren oroitzapen folklorikoa izan zitekeen.[1]

Horren ondoren, itsasoa zeharkatuz ere etorri zen jendea, oraingo honetan Iberiar Penintsulatik.[2] Neolitoko kolonizatzaile hauek bertakoekin nahastuta, bizimodua aldatu zuten, janariaren ekoizpenari ekin baitzioten. Basoak moztu zituzten, abereentzako larreak sortzeko eta lurra ereiteko, eta zeramika eta ehunak egiten hasi ziren. Halaber, trikuharriak, Pentre Ifan, Bryn Celli Ddu eta Parc Cwm long cairn, esaterako, eraiki zituzten. Erromatarrak iritsi orduko, galestarrak hainbat tributan zeuden bananduta: Deceangli, Ordovices, Cornovii, Demetae eta Silures.

[aldatu] Kolonizazioa

Galesen lehen aipu historikoa K. o. 48koa da. Tazito historialari erromatarrak adierazi zuen Britaniako probintziako buruak Galesko ipar-ekialdeko "deceangli"-ren errendizioa jaso zuela. Gotorleku erromatar andana eraiki ziren egungo Galesen hegoaldean. Britainia Handia osoan hobekien gorde den anfiteatroa dago bertan.

Erromatarrek uhartea 410ean abandonatu ondoren, behe aldeko lurrak tribu germaniarrek okupatu zituzten. Nolanahi ere, goiko aldeko lurraldeetan jatorrizko biztanleen estatu independienteak sortu ziren. Erromatar-britainiarren biziraupen temati hau mendebaldeko erresumetan egungo Galesen oinarria izan zen. Ekialdeko erresuma saxoi eta angloen kontrako borroketan ezarri zen muga: Wat's Dyke, esaterako. VIII. menderako, oro har anglo-saxoiekiko muga ezarrita zegoen.

Kornuallesen 722an eta Bretainian 865an egin zen bezala, Galeskoek bikingoekin bakea hitzartu zuten, eta anglo-saxoien aurka borroka egin zezaten laguntza eskatu zieten. Hala, 878an, galestar batuek eta Danimarkako bikingoek Mertziako anglo-saxoiak garaitu zituzten. Orobat, 1063an, Gruffydd ap Llywelyn printze galestarrak, Norvegiako bikingoekin aliatuta, Mertziakoak berriro gailendu zituen.

[aldatu] Erdi Aroa

Llywelyn Handia edo Llywelyn Fawr galestar erregea (1173-1240)
Cardiffeko Udaletxean dagoen Owain Glyndŵr galestar printzearen irudia

800etik aurrera, Rhodri Mawr (erregetzan 844-877) printzeak Gwynedd eta Powys printzerriak bereganatu zituen zenbait ezkontza zirela medio. Haren seme-alabek hiru leinu nagusiak sortu zituzten, nor besteen aurka borrokan. Haren ondorengo batek, Gruffydd ap Llywelyn erregeak (erregetzan 1039-1063) lehengusuen lurraldeak konkistatu zituen Powys printzerritik, eta Ingalaterraino ere iritsi zen haren boterea. John Davies historialariaren hitzetan, Gruffydd "Gales lurralde osoaren gainean gobernatu zuen errege galestar bakarra izan zen... Hala, 1057tik 1063ean hil zen arte, Gales osoak haren aginpea onartu zuen. [...] Buru bakarra izateko balentriak ez zuen aurrekaririk ez ondorengorik".[3] Owain Gwynedd (1100-1170) princeps Wallensium (galestarren printzea) titulua erabili zuen lehena izan zen.

Ingalaterrako erregeek titulu hori onartu zuten. Baina hainbat gatazka zirela eta, tartean Galesko Llywelyn-en emaztea, Eleanor, atxilotzea, Edward I.aren lehendabiziko inbasioa etorri zen. Bakea laburra izan zen eta 1282an Edwarden behin betiko konkista iritsi zen. Llywelyn-en heriotzarekin, irauten zuten Galesko jaunek Ingalaterrako erregeari omenaldia egin zioten haien lurren truk. Boterea bermatu nahian, Edwardek harrizko gaztelu gotor andana eraiki zituen.

Madog ap Llywelyn -zeinek bere burua Galesko Printzea deitu zion- 1294an matxinatu ondoren, Owain Glyndŵr-reraino ez zegoen beste altxamendurik. 1404an Owain Galesko Printze bezala koroatu zen Frantziako, Gaztelako eta Eskoziako ordezkarien aurrean. Nolanahi ere, matxinadak ez zuen arrakastarik izan, eta 1415erako amaituta zegoen.

Ingalaterrarekiko batasun formala, ordea, ez zen 1536ra arte iritsi. Horren ondoren, Galesko legea, indarrean konkistaz geroztik ere, guztiz Ingalaterrako legeak ordeztu zuen.

[aldatu] Anexioa

1535an galestar jatorria zuen Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren erregetzan Ingalaterrak Gales bereganatu edo anexionatu zuen. 1746ko Berwickeko Agiriak Inglaterran betetzen ziren legeak automatikoki Galesen ere bete zitezen ezartzen du (Berwick Anglo-Eskoziar mugan kokatzen den hiri bat da), betiere legeak beste irizpide ezberdinik ez baldin badu.

XIX. mendearen hasieran Galesko zenbait eskualde industrializatu egin ziren. Iparraldeko ikazte mehatzeek eskulan ugari erakarri zuten. Metalurgia Brecon Beacons mendietatik hegoaldera dauden haranetan ezarri zen, bereziki Merthyr Tydfil hiri berriaren inguruan, aurrerago burniaren ekoizpena Neath eta Swansea kokagunetatik mendebaldera ere eratu zen, azken hauetan ikatzaren antrazita ateratzen zelarik. 1840ko hamarkadan ikatzaren ustiaketa Aberdare eta Rhonddako haranetara eratu zen. Honek berarekin gune hauetako biztanleriaren hazkuntza ekarri zuelarik. 1801an Galesen 587.000 pertsona inguru bizi ziren; aldiz, 1901 urtea iritsi aurretik, biztanleria 2.012.000 pertsonetara igo zen. Hazkunde nabarmenenak konderri industrialenetan gertatu ziren - Denbigh, Flint, Monmouth eta Glamorgan. Mende hau nekazal giroko gizarte batetik (1800en biztanleriaren %80 inguru hirietatik kanpo zeuden guneetan bizi ziren) gizarte industrializatu baterako bilakaeraren lekuko izan zen (1911an biztanleriaren %20a besterik ez zen bizi nekazal giroko guneetan).

[aldatu] Nazionalismoaren berpizkundea

XX. mendean Galesek bere herri izatearen berpizkundea bizi izan zuen. 1925ean Plaid Cymru alderdi politikoa sortu zen, honen helburu nagusiak Erresuma Batuarekiko autonomia gehiago edo independentzia ziren. 1955an ingeles legea ezarrita zeuden guneetan Ingalaterra eta Gales izendapenak parekide bilakatu ziren eta herrialdeko hiriburutzat Cardiff aldarrikatu zen. 1962an hizkuntzaren mehatxuari erantzun egokia emateko borondatez Galestar Hizkuntzaren Elkartea (Cymdeithas yr Iaith Gymraeg) sortu zen. Nazionalismoak goruntz egin zuen, bereziki 1965eko Tryweryn Haraneko uholdeen ondoren, honetan Liverpool hiria urez hornitzeko asmoz Capel Celyn herrixka erabat urperatu zutelarik (handik aurrera "Cofiwch Dryweryn", euskaraz "Gogoratu Tryweryn" esaldia dun horma-irudiak ohikoak egin ziren). 1966ko Hauteskundeetan Plaid Cymru alderdiak Erresuma Batuko Legebiltzarrerako eserleku bat lortu zuen Carmarthen ordezkatuz, bere lehendabiziko legebiltzar eserlekua. Tryweryngo suntsiketaren ondorioz Galesko Gudaroste Askeak eta Mudiad Amddiffyn Cymru (MAC) (euskaraz "Galestar Defentsa Mugimendua") erakundeak ekintza bortitzak burutzeari ekin zioten. Charles Printzea Galesko Printze izendatzearekin batera lehen aipatutako bi erakunde hauek ur biltegi, ogasun bulego eta beste zenbaiten aurka eginiriko lehegailu bidezko atentatuen arduradun bilakatu ziren. 1967an Galesi zegokionez 1746ko Berwickeko Agiria behin betiko ezeztatu zen, Gales legalki zehaztu eta Ingalaterrarekin zituen muga geografikoak finkatu egin ziren.

1982an S4C telebista (Sianel Pedwar Cymru/Channel Four Wales) sortu zuten, orduz geroztik galesezko programazioa eskaintzen duena. %7 inguruko audientzia dauka gaur egun. 1988an sortu zuten Bwrdd yr Iaith Gymraeg/Welsh Language Board hizkuntza-erakundea.

1979an Galesentzako Legebiltzar bat sortzeko inguruko erreferendum edo galdeketa bat egin zen baina gehiengoak ezetza eman zion. Halere, 1997an galdeketa berri bat ospatu eta oraingoan gehiengo estu batez Legebiltzar berria sortzearen aldeko baietzat irabazi zuen. 1999an Galesko Biltzar Nazionala (Cynulliad Cenedlaethol Cymru/National Assembly for Wales) eratu zen (1998ko Galesko Gobernuaren Agiriaren" ondorioz), hau 1999ko Senedd delakoan biltzartzen delarik eta britaniar legebiltzarreko oinarrizko legedia eraldatzeko botereak dituelarik. "2006ko Galesko Gobernuaren Agiriaren" ondorioz eskumen 2007ko hauteskunde orokorren ondoren areagotu egin ziren. Galesko Biltzarretik Galestar Gobernu bat sortu zen, oinarrizko araudia sortzeko nolabaiteko ahalmen mugatu batekin (eskoziar gobernuaren antzekoa, nahiz eta ez hainen indar handia ez izan).

[aldatu] Geografia

Gales satelite irudian

Snowdon/Yr Wyddfa (1.085 m) da mendirik garaiena, Snowdonia/Eryriko mendigunean.

Bestela, herrialdeko mendilerro nagusia Mendi Kanbrikoak dira, herrialdeko erdialdean daudenak.

[aldatu] Hiri nagusiak

Cardiff/Caerdydd (305.000 biztanle, 2001) da hiriburua eta hiri nagusia.

Beste hiri garrantzitsu batzuk:

[aldatu] Banaketa administratiboa

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Galesko banaketa administratiboa

1889 eta 1974 urteen arteko Galesko konderri historikoak hauek izan ziren: Monmouthshire (Sir Fynwy), Glamorgan (Sir Forgannwg or Morgannwg), Carmarthenshire (Sir Gaerfyrddin or Sir Gâr), Pembrokeshire (Sir Benfro), Cardiganshire (Sir Aberteifi or Ceredigion), Brecknockshire (Sir Frycheiniog), Radnorshire (Sir Faesyfed), Montgomeryshire (Sir Drefaldwyn), Denbighshire (Sir Ddinbych), Flintshire (Sir y Fflint), Merionethshire (Sir Feirionnydd / Meirionnydd), Caernarvonshire (Sir Gaernarfon) eta Anglesey (Sir Fôn).

1974an konderri hauetako batzuk elkartu eta denera zortzira murriztu ziren: Gwent, South Glamorgan (De Morgannwg), Mid Glamorgan (Morgannwg Ganol), West Glamorgan (Gorllewin Morgannwg), Dyfed, Powys, Gwynedd y Clwyd.

[aldatu] 1996ko lurralde banaketa

Galesko lurralde nagusiak (Principal areas of Wales).

Azkenik 1996an herrialdea hogeitabi 22 lurralde nagusitan banatuta zen

  1. Merthyr Tydfil/Merthyr Tudful.
  2. Caerphilly/Caerffili.
  3. Blaenau Gwent.
  4. Torfaen/Tor-faen.
  5. Monmouthshire/Sir Fynwy.
  6. Newport/Casnewydd .
  7. Cardiff/Caerdydd.
  8. Vale of Glamorgan/Bro Morgannwg.
  9. Bridgend/Pen-y-bont ar Ogwr.
  10. Rhondda Cynon Taf.
  11. Castell-nedd Port Talbot.
  12. Swansea/Abertawe.
  13. Carmarthenshire/Sir Gaerfyrddin.
  14. Ceredigion.
  15. Powys.
  16. Wrexham/Wrecsam.
  17. Flintshire/Sir y Fflint .
  18. Denbighshire/Sir Ddinbych.
  19. Conwy.
  20. Gwynedd.
  21. Anglesey/Ynys Mon.
  22. Pembrokeshire/Sir Benfro.

[aldatu] Hizkuntzak

Hizkuntza ofizialak ingelera eta galesera (Cymraeg), lehenengoa nagusi dela eta bigarrenaren hiztunak biztanleen %20 inguru direla, 600.000 gutxi gora-behera, hauetako gehiengoa Galesen ipar-mendebaldean bizi da.

Bestela, galesera hizkuntza zelta da, bretainierarekin oso antzekoa.

[aldatu] Ekonomia

Historikoki, meatzaritzaren jarduera oso garrantzitsua eduki dute lurraldean, ikatza, burdina, kobrea, zilarra, beruna eta urrea ustiatuz nagusiki.

[aldatu] Politika

Erresuma Batuaren barruan dagoen herrialdea izanda, Elisabete II.a erregina Galesko estatuburua da. Honek boterea uzten du Erresuma Batuko Legebiltzarraren eskuetan, eta azken honek Galesko Legebiltzar Nazionalari eskuduntza batzuk ematen dizkio, 1998ko Devolution edo itzultzetik.

Rhodri Morgan lehen ministroa da 2000tik, Alderdi Laboristakoa. Dena den, 2007ko hauteskundeen ostean Plaid Cymru alderdi nazionalistarekin dago gobernuan.

[aldatu] Kirolak

Futbolean, selekzio nazionala munduko hiru zaharrenen artean dago, lehenengo partida 1876an jokatuz Eskoziaren aurka. 1958an parte hartu zuen Munduko Futbol Txapelketan, Suedian, lehen eta azken aldiz. Bestela, John Benjamin Toshack, Neville Southall, Ian Rush eta Mark Hughes daude azken urteotako jokalari ezagunenen artean.

Herrialde barneko txapelketei dagokienez, berezko liga daukate 1992tik, historikoki hiru talde nagusiek (Swansea City AFC, Cardiff City FC eta Wrexham AFC) Ingalaterrako Ligan jokatzen duten arren.

Errugbian, Galesko errugbi selekzioak antolatu zuen 1999an munduko txapelketa. Halaber, Sei Nazioen Torneoaren ohiko partaidea da.

[aldatu] Erlijioa

Zeltiar eragina duten beste herrialde batzuen antzera, Galesen ere erlijioak berebiziko garrantzia du. Honen froga gisa bertan kokaten diren abatetxeak (Cymer-Dogellau), katedralak (S. David) eta gurutze zeltiar eta zeltiar apaindura elkargurutzatuak (Carrew).

2001an galestarrak honako erlijio multzoetan banatzen ziren:

  • Kristauak: 71,9%
  • Budistak: 0,19%
  • Hinduak: 0,19%
  • Juduak: 0,08%
  • Musulmanak: 0,75%
  • Sîkhak: 0,07%
  • Besteak: 0,24%
  • Ateoak: 18,53%
  • Ez ezagutaraziak: 8,07%

[aldatu] Ospakizunak

San Daviden bandera.

Martxoaren 1ean San Daviden eguna (Saint David ingelesez eta Dewi Sant galeseraz) Galesko festa nazionala da, herrialdeko patroia denez. Diasporan ere ospatzen dute.

Bestela, ezagunak dira "Eisteddfod" izeneko kultura jaialdiak, poesia eta musika uztartzen dituztenak, galeseraz nagusiki.

[aldatu] Pertsonaia ezagunak

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Galestar ezagunen zerrenda

Aipatzekoak dira Bertrand Russell, Roald Dahl eta Ken Follett idazleak, Richard Burton eta Anthony Hopkins aktoreak eta Ian Rush eta John Benjamin Toshack futbolariak, besteak beste.

[aldatu] Diaspora

Argentinako Chubuteko probintzian galestar jatorria edo ondorengoak diren biztanle ugari daude.
Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Galesak Patagonian eta Galesak Ipar Amerikan

Galestik kanpo, komunitate garrantzitsuenak Chubuteko probintzian (Argentinako Patagonia) eta Ipar Amerikan daude.

[aldatu] Erreferentziak

  1. Davies, John (1994). A History of Wales. London: Penguin. pp. 4 - 6. ISBN 0-14-014581-8.
  2. "Genes link Celts to Basques". BBC News website. BBC. 2001-04-03. http://news.bbc.co.uk/1/hi/wales/1256894.stm. Retrieved on 2008-08-05.
  3. Davies, John (1993). A History of Wales. London: Penguin. pp. 100. ISBN 0-14-014581-8.

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Gales