Henrike II.a Gaztelakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Henrikeren Madrilgo estatua bat.

Henrike II.a Gaztelakoa (Sevilla, 1333ko urtarrilaren 13a - † Santo Domingo de la Calzada, 1379ko maiatzaren 29a), Gaztelako erregea izan zen, Trastamara leinuko lehena.

Erregetzarako bidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alfontso XI.aren eta Leonor de Guzman maitalearen 4. seme-alaba izan zen. Aitak Trastamarako konderria eta Galiziako hainbat jaurerri eta hiribildu ere eman zizkion. Izan ere, Alfontso XI.a bizirik zegoela, Leonorrek seme-alabentzat pribilejio eta titulu andana lortu zituen. Honek noble askoren, Maria Portugalgo legezko erreginaren eta Petri oinordekoaren nahigabea eta haserrea eragin zuen. Horiek horrela, erregea 1350eko martxoan Gibraltarren setioan hil ondoren, Henrike eta anai-arrebak sakabanatu ziren, errege berriak hartuko zituen neurrien beldurrez.

Gortean era baketsuan sartzeko akordioa hitzartu arren, Henrikeren hainbat anaia (Fadrique, Tello edo Sancho) matxinatu ziren. Gainera, Henrike Don Juan Manuel noble boteretsuenaren alabarekin ezkondu zen, bere egoera indartzearren. Altxamendu horiek Leonorrek eraginak zirelakoan, Petrik (edo Juan Alfonso de Alburquerque kontseilariak) Leonor atxilotu eta exekutatu zuen 1351n.

Horren ostean, Henrikek Portugalera egin zuen ihes. Petriren barkamena lortutakoan, Gaztelara itzuli eta Asturiasen matxinatu zen 1352an. Honela, anaiordearen kontrako gerra latza eta luzea hasi zen. Hasieran, Trastamarako kondea Frantziara joan zen, Joanes II.aren zerbitzupean aritzeko. Geroago, Petri IV.a Aragoikoarekin Gaztelako erregearen kontra borrokatu zen Henrike. Gatazka honetan ia atxilotu zuten Naiaran (1360). Frantziara itzuli zen.

Gaztela eta Aragoiren arteko hurrengo borrokan, Henrikek Aragoiren alde egin zuen berriro, baina oraingo honetan Gaztelako tronuan anaiordea ordezteko laguntza eskatu zuen. Honela, Henrikeren gizon gaztelauek eta frantziarrek (Bertrand du Guesclin buru zutela), Aragoikoekin batera, Petri garaitu zuten. Henrike errege izendatu zuten (1366) eta Petri Guienan babestu zen.

Bien bitartean, Petri I.ak Gaztelaren inbasioa prestatu zuen, ingelesen laguntzarekin. Printze Beltzak arkulari eta zaldun askoz osaturiko armada utzi zuen Petriren esku. Petri Naiaran (1367ko apirilaren 3an) gailendu zen, eta Henrike Frantziara itzuli zen, Karlos V.aren babesera. Hor, armadak berrantolatu eta, Gaztelako hiri frankotako matxinoek zein Du Guesclinen armada frantziarrak lagunduta, Petri gainditu zuen Montielgo guduan (1369ko martxoaren 14an). Petri exekutatuta, Gaztelako koroa Henrikeren esku geratu zen.

Erregealdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garaipenak garaipen, Henrikek beste bi erregegairi aurre egin behar izan zien: Portugalgo Fernando I.a (Gaztela eta Leongo Antso IV.aren biloba) eta Juan de Gante (Petriren alaba zen Constanza infantarekin ezkonduta). Ingelesen aurkako gatazkan, Frantzia izan zuen lagun. Karlos V.aren esku Gaztelako itsasarmada jarri zuen, Arroxeleko setioan (1372) parte-hartze garrantzitsua izan zuena.

Aragoiri dagokionez, kinka larrietan egindako lur eskaintza bat ere ez zuen burutu. Barne politikan erresumaren ekonomia suspertzeari ekin zion. Juduak babestu zituen, nahiz eta gerra zibilean jazarri. Administrazioaren aldaketa bizkortu zuen eta Bizkaiko jaurerria Gaztelarekin batu zuen, Tello anaiaren heriotzaren ostean.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Henrike II.a Gaztelakoa Aldatu lotura Wikidatan