Einsatzgruppen

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Juduen hilketa Ivanhoroden (Ukraina). Emakume bat umea bere gorputzarekin babesten saiatzen da, Einsatzgruppen taldeko kideek hurbiletik tiro egiten duten bitartean

Einsatzgruppen (ekintza-taldeak esan nahi duen alemanezko hitza; singularra: Einsatzgruppe; izen osoa Einsatzgruppen der Sicherheitspolizei und des SD) Alemania Naziko Schutzstaffel-en (SS) unitate hiltzaile mugikorrei ematen zitzaien izena da[1]. Bigarren Mundu Gerran, talde hauek masa-hilkintzak egin zituzten Ekialdeko Europan, gehienean tiroka. Garrantzi handia izan zuten nazien politika genozida gauzatzeko tenorean eta, beste erakunde kriminal batzuekin batera, Porajmos eta Holokaustoaren arduradunetakoak izan ziren. Talde hauek milioi eta erdi lagun inguru hil zituzten, gehienak juduak[2].

1939ko irailetik aitzina, Hitlerren aginduz eta Wehrmacht jakinaren gainean zegoela, 60.000 lagun inguru hil zituzten Polonian: juduak (7.000 inguru), buruko gaixoak, intelektualak, apaiz katolikoak eta nobleak[3][1]. 1941eko ekainean Bizargorri Operazioa hasi zenetik, Sobiet Batasunean (gehienbat Ukraina eta Herrialde Baltikoetan) eta Balkanetan, Wehrmachtekin elkarlanean, juduak, ijitoak, komunistak eta ezindu fisiko eta psikikoak erahiltzen jardun zuten[2]. Esaterako, 1941eko irailean 33.771 judu hil zituzten, bi egunez, Babin Jar-en (Ukraina)[4], eta 1941eko azaroaren 30etik abenduaren 8ra, 25.000 Rumbulako oihanean (Rigatik hurbil, Letonia) [5].

Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, Einsatzgruppen taldeetako 24 goi-kargu epaituak izan ziren Nurenbergen, gerra krimenez eta gizadiaren aurkako krimenez akusaturik. Hamalau heriotzara (lau bete ziren) eta bi bizi bitarteko espetxera zigortuak izan ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Hannah ARENDT: Eichmann Jerusalemen Euskaratzailea: Koro Navarro. Klasikoak bilduma. Ehu.es
  2. a b Yale F. EDEIKEN:Introduction to the Einsatzgruppen Holocaust History Project. Holocaust-history.org
  3. Saul FRIEDLÄNDER: Das Dritte Reich und die Juden, Band 2: Die Jahre der Vernichtung 1939–1945. C.H. Beck, München 2006
  4. The Holocaust: The Invasion of the Soviet Union and the Beginnings of Mass Murder Yad Vashem The Holocaust Martyrs' and Heroes' Remembrance Authority. y Yadvashem.org
  5. Remembering Rumbula Rumbula.org
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Einsatzgruppen Aldatu lotura Wikidatan