Erradikalismo (politika)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Köktencildik XVIII. eta XIX. mendeko Britainia Handiko zenbait pentsalariren dotrina filosofikoa eta politiko-ekonomikoa da. Bentham, James Mill eta John Stuart Mill izan ziren eskola horretako filosofo ezagunenak. Arrazoiarengan zeukaten uste osoa, moralaren aldetik utilitarismoaren aldekoak ziren eta, psikologian, determinismoa eta asoziazionismoa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Britainia Handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles James Fox.
John Wilkes.

Britainia Handian erradikalismoa XVIII. mendean sortu zen, ez dotrina bateratu baten gisa, ezpada Jurgi III.a Erresuma Batukoa erregearen gehiegikerien kontrako erreakzio moduan, eta Ameriketako koloniei laguntza eskaintzeko. Frantziako Iraultzak indartu zituen ideiok, eta Napoleonen kanpainen ondoren oinarri berriak sendotu ziren Bentham, filosofo utilitaristaren jarraitzaileen eskutik. Demokraziaren aldeko mugimendua bultzatu zuten, Frantziako jakobinismoan helburua jarrita, burgesia garaiaren kontra eta guztientzako boto eskubidearen alde. Burgesia txikiak eta proletargoak osatu zuen mugimendua. XIX. mendearen bukaeran, eta Chamberlainen gidaritzapean parlamentuko erreformak bideratu zituzten, baina horiek lortu zirenean eta Alderdi Sozialista sortu zela eta, XX. mendearen hasieran erradikalismoa desagertu egin zen Britainia Handian.

Frantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian, Luis Filipe Frantziakoaren erregetza garaian sortu zen erradikalismoa, Ledru-Rollinen inguruan bildutako errepublika zaleak izendatzeko (1843). Helburuak, Britainia Handian bezala, Iraultzaren ondarea aurrera eramatea izan zuten: laikotasuna eta norbanakoaren eskubideak babestea. Talde parlamentarioak osatu zituzten Ganbettaren, Clemenceauren eta Pelletanen inguruan. Dreyfus aferan sortutako iskanbilak eta politikari erradikalen elkar hartzeak Alderdi Erradikalaren jaiotza ekarri zuen (1901).

Handik hara eta Lehen Mundu Gerra bitartean gobernuan egon ziren ia etenik gabe (1902-1914), Alderdi Sozialistarekin borrokan. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, zentro aldera lerratzen joan ziren haien jarrerak. Irakaskuntzaren laikotasuna lortu zuten eta elizaren eta estatuaren arteko banakuntza (1905). Gerra ondoren gorabehera handiak izan zituzten, eta izan zen bolada bat erradikalen parte hartzea nahitaez behar zena, gobernua osatuko bazen. 1932an Herri Frontearen eskuin aldea osatu zuten, eta Vichyko gobernuaren garaian, erradikalak banatuak egon ziren. 1940an, iritzi publikoak, hala ere, hondamendiaren errua leporatu zion alderdiari, eta behera egin zuen nabarmen. 1948an berritze aldi bat izan zuen, kleroaren kontrako bere betiko jarrera gogorra alde batera utzita, Frantziako hirugarren indarra izatera iritsi zen. Baina Frantziako V. Errepublikarekin batera Alderdi Erradikalaren indarra ahultzen joan zen, eta erradikalak beste alderdi batzuen baitan sakabanatu ziren.

Espainia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainian, Frantziako eta Britainia Handiko ideien antzekoak, Alderdi Demokratikoak eta Progresistak babestu zituzten, baina erradikal hitza ez zen erabili 1868ko Iraultza arte. Orduan Prim jeneralak erabili zuen demokrata-monarkikoak izendatzeko. Ruiz Zorrillak sortu zuen lehen Alderdi Erradikala 1872ean Amadeo I.a Espainiakoaren erregetza garaian, Martos eta Rivero errepublikazaleekin batera. Urte hartan bertan heldu ziren gobernura, eta erreforma sakonak egitera saiatu baziren ere, erregetza parlamentarioaren hondamena ekarri zuten eta Amedeo erregeak bere koroa galtzea.

1908an sortu zen, indar berriz, Alderdi Erradikala, Alejandro Lerrouxen gidaritzapean. Bartzelonako Aste Tragikoak eta Lerroux bera ustelkerian nahasia zegoelako usteak susmo txarra sortu zuen herriarengan. Konspirazio garaia heldu zitzaien, eta Primo de Riveraren diktaduraren kontra altxatzeko saioak egin zituzten. Donostiako Hitzarmenean parte hartze erabatekoa izan zuen, eta Espainiako II. Errepublikarekin batera arrakasta handia lortu zuen hauteskundeetan (1931).

Ezkerraren batasuna finkatu zelarik, Lerroux eta bere alderdia eskuin aldera lerratu ziren nabarmen, eta CEDArekin batera gobernuan egotea egokitu zitzaionean (1933-35), areagotu egingo zen lerratze hori. Alderdiaren hondamena buruzagi gorenak estraperlo edo merkatu beltzean nahasirik agertu zirenean etorri zen. Erradikalismoak Europan izan bazuen ere indarrik handiena, Estatu Batuetara eta batez ere Hego Ameriketara ere hedatu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]