Alejandro Lerroux

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alejandro Lerroux, 1931. urtean.

Alejandro Lerroux García (La Rambla, Kordoba, Espainia, 1864ko martxoaren 4aMadril, Espainia, 1949ko ekainaren 25a) kazetaria eta politikaria izan zen. Espainiako Bigarren Errepublikako lehendakari izatera iritsi zen aldi labur batez.

[aldatu] Bizitza

El País egunkariko zuzendari izan zen eta El Progreso, El Intransigente eta El Radical egunkariak sortu zituen. Guztiak agerkari errepublikanoak ziren. Bere artikulu oldarkor eta demagogikoak zirela kausa, hainbatetan izan zen espetxean edo erbestean.

Bartzelonan hitzaldi demagogikoak egin zituen langileak erakarri nahian, eta anarkismoa eta katalanismoa bazter zezaten. Espainiako Parlamentuko diputatu hautatu zuten Bartzelonan (1901, 1903, 1905), eta Nicolás Salmerónekin batera Batasun Errepublikanoa alderdia sortu zuen. 1906an Kataluniar Elkartasuna alderdia sortu zen, eta Salmerón hautatu zuten lehendakari. Lerrouxek harremanak eten zituen Salmerónekin, eta aurre egin zien katalanzaleei. Jarrera horrek erabateko porrota ekarri zion 1907ko hauteskundeetan.

1908an Alderdi Errepublikano Erradikala sortu zuen, eta berriro hautatu zuten diputatu (1910), baina bere alderdikideek Bartzelonako Udaleko administrazioari iruzur egin izanaz salatu zuten, eta haiengandik aldendu zen; harrez gero zentrorantz lerrotu zen. Lerrouxek gero eta eragin gutxiago zuen langileengan, eta monarkiaren aurkako politika egiten hasi zen bete-betean. 1929an Lerrouxen jarraitzaile finenak harengandik aldendu eta Alderdi Erradikal Sozialista sortu zuten.

1930ean Batzorde Iraultzailean parte hartzera deitu zuten, gero Espainiako Bigarren Errepublikako behin-behineko gobernua bilakatu zena. Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatzen lagundu eta Errepublikaren lehenengo biurtekoan Manuel Azañaren ezkertiar aldaketak babestu zituen. Estatu ministro izan zen 1931ko apiriletik abendura.

Lerroux eta haren alderdia eskuinera lerrotu ziren gero eta gehiago. 1933-1935 urteetan CEDA eskuindarrekin batera gobernatu zuen, eta sei aldiz gobernuburu izan zen. Alderdiaren hondamendia buruzagi nagusiak ustelkeriako auzietan nahasi zirenean etorri zen; 1936ko hauteskundeetan erabateko porrota izan zuten, Estraperloaren eskandalua zela eta. Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) hastean, Portugala ihes egin zuen, eta ez zen Espainiara itzuli 1947 arte.


[aldatu] Erreferentziak

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak