Bartzelonako Aste Tragikoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Semana tragica.jpg

1909an Bartzelonan eta Kataluniako zenbait herritan gertatutako matxinada soziala. Bere sorrera nagusia Marokora tropa berriak bidaltzean sortutako protestak izan ziren.

Testuingurua eta aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alfontso XIII.a errege zelarik, gobernuan bi alderdi politikoren arteko alternantzia sistema bat zegoen. Gobernuan Alderdi Kontserbadorea eta Alderdi Liberala txandatzen ziren. Jauntxokeriari esker (Espainian caciquismo deitua) iruzurra egiten zen sufragioen zenbatzean, hauteskundeen emaitza ere sarritan aldez aurretik jakiten zelarik. 1909an Antonio Maura kontserbadorea zen gobernuko presidentea, 1907ko hauteskundeetan irabazle atera zena.

Kataluniako kontzientzia erregionalistak sustrai historiko sendoak zituen eta indartzu zegoen hiriko eta industriako burgesian. Renaixença mugimendu kulturala eta Kataluniako pertsonalitatearen afirmazioa zituen ardatz nagusi, bide intelektualetik Valenti Almirallek bultzatua.

Kontzientzia hartze horrek bere agerrera politikoa izan zuen 1885ean Alfontso XIII.ari Memorial de Greuges aurkeztu zitzaionean, geroago 1892ko Bases de Manresa agirian kontzentratuko zena, Gobernuari Kataluniarentzako erregimen espezial baten eske.

Enric Prat de la Riberaren irudia oso garrantzizkoa izan zen. Indar autonomistak estrukturatu zituen alderdi homogeneo batean Lliga Regionalista sortzean, katalanismo tradizionalaren baloreen aldekoa. Industrializazioaren zamaren azpian, alderdia politikoki liberala egin zen eta sozio-ekonomikoki kontserbadorea. 1903ko hauteskundeetan gobernuak erantzun egin zion Lligak lortutako nagusigoari.

Alejandro Lerrouxek alderdi errepublikazale, zentralista eta antiklerikala sortu zuen Bartzelonan. Aldekoak erdi-mailako klaseetan eta langileen artean bilatzen zituen. 1900 inguruan proletarioak anarkosindikalismo formetara hurbildu ziren, bere interesak greba orokorra bezalako baliabideekin defendatuko zituen erakunde baten bila.

1902ko otsailean, Bartzelonan metalurgiako beharginek hasitako greba lan-etenaldi erabatekoa bihurtu zen. Gatazka hark industriako burgesiaren eta proletargoaren arteko tirabirak agerrarazi zituen. Bartzelonan klase-antagonismoa nabariagoa zen estatuko beste lurraldeekin konpoaratuta, bere lantegien garapenagatik eta hiriaren masagatik.

1903 eta 1905eko hauteskundeek Lerrouxen arrakasta gorena adierazi zuten. 1905eko azaroko gertakizunek, La Veu de Catalunya eta Cu-Cut astekarien erredakzioak suntsitu zituztenean, erakutsi zuten ejerzitoak XX. mendean egindako lehen eskusartzea. Geroago, gertaera hau baliatua izango zen 1909ko istiluetan.

Gobernuaren pasibotasunaren aurrean, Solidaridad Catalana izeneko mugimenduan batu ziren joera politiko gehienak, Francesc Cambó buru zutela. Mugimendu hari, ordea, presentzia falta zitzaion langile klaseetan. Sozialistek, anarkistek eta zenbait errepublikarrek indarrak batuko zituzten erakunde bakar batean; horrela jaio zen Solidaridad Obrera (Langile-Elkartasuna). Haren prentsa organoa, Solidaridad Obrera ere deitua, Francesc Ferrer i Guardia pedagogo ospetsuak bultzatu zuen.

Marokoko protektoratuan, Melilla inguruko biztanle matxinatuekin hasitako borrokak zirela eta, Marokotik Penintsulari laguntza eskatu behar izan zioten. Gerrako ministroak, kasu horietarako bereziki prestatuak zeuden Andaluziako unitate militarrak erabili ordez, hirugarren brigada mobilizatzea erabaki zuen; honen barruan Kataluniako erreserbistak zeuden, bere kargura familia zuen langile jendeaz osatua. 6000 erreal ordainduz gero erreklutatzetik libratzea zegoen, garai hartako langile normal batek egunean 10 erreal irabazten zituenean. Kazetari liberal batek Maurari aholkatu zionez, Espainian iraultzaren ondorioak jasatearen sinonimoa izango zen Marokora joatea. Neurri horien aurkako protesta aho batekoa izan zen Katalunian. Gobernu zentralari bere asmoak bertan behera uzteko eskatu zioten Kataluniako indar politiko nagusiek.

Desadostasun honi haserre antiklerikala batu zitzaion: Uztailaren 18an erreserbistak kaian ontziratzen ari zirela, goi-klaseetako emakumez osatutako elkarte bat eskapularioak, kutunak eta tabakoa oparitzen ibili zen gizonen artean, jendearen aldetik haserreak piztuz. Gainera, Marokotik zetozen berrien arabera, borroka-guneetan hildako anitz omen ziren. Herri-erantzuna Bartzelonanko kale-agerraldietan azaleratu zen, tropen ontziratzearen kontra.

Aste Tragikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laster, herritarren haserre hura mugimendu gidatu batean batu zen greba-batzorde bati esker, non ezkerreko alderdi politikoek parte hartzen baitzuten; hala ere, protestak maizago izan ziren zirkunstantzien berezko produktua, antolatutako zerbait baino.

1909ko uztailaren 26[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soldaridad Obrera (Langile-Elkartasuna) erakundeak greba orokorrerako deia egin zuen gerraren kontra, hasiera batean baketsua eta aho batekoa izan zena. Angel Ossorio y Gallardo gobernadore zibilak dimisioa eman behar izan zuen uko egin ziolako Bartzelonan gerra-egoera deklaratzeari, eta Evaristo Crespo Azorin abokatu valentziarrak hartu zuen haren kargua. Bere aldetik, De la Ciervak jakinaren gainean gezurra esan zuen, gertakari haiek mugimendu nazionalista baten emaitza zirela esanez. Bai botere zibilaren ahuleziak bai Madriletik etorritako interpretazio okerrek oso ondorio txarrak ekarri zituzten; noraeza hark protesta petardo-sorta bat bezala zabaldu zuen eta bonba bat bezala leherrarazi. Autoritateek 26ko arratsaldean tropen irteera agindu zuten. Hauen presentzia oihuekin hartu zuen jendeak: Gora Ejertzitoa! Behera gerra!. Protestan ari zirenek askotan txaloka jasotzen zituzten beraien kontra bidalitako soldaduak.

1909ko uztailaren 27[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bartzelonak paralizatua jarraitzen zuen, egunkaririk gabe eta Penintsularekin guztiz inkomunikatuta. Jakin zenean Marokon 200-300 erreserbista hil zirela Barranco del Loboko guduan, haietako gehienak Bartzelonatik uztailaren 18an irtendakoak, Bartzelonan matxinada hasi eta kalean barrikadak jartzen hasi ziren. Lehen istiluak egun horretan hasi ziren. Hiriko langile-auzoetan lehen komentuak sutan agertu ziren. Matxinatuek burgesiaren babeslea bezala ikusten zuten Eliza, honek sindikatu horiak babesten zituenez gero, anarkosindikalismoaren aurka. Ejertzitoak bere jarrera jasankorra alde batera utzi eta lehen tiroak hasi ziren herritar eta militarren artean. Hasieran indarkeriarik gabeko greba zena matxinada bilakatu zen.

1909ko uztailaren 28[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Solidaridad Obrerako partaideek, ikustean matxinada eskuetatik ihes egiten ari zitzaiela, laguntza eskatu zieten Solidaritat Catalana eta Alderdi Erradikalari. Ez batak ez besteak ezin zituzten beren militanteak kontrolatu. Matxinadak gainezka egin zuen eta gogorki borrokatu zen. Hirian ez omen zen tropa nahikorik haiei aurre egiteko, eta goarnizio batzuek uko egin zioten matxinatuen kontra tiro egiteari. Artilleriak matxinoen guneari eraso egin zion Paralelo eta Paseo de Colon kaleetan.

1909ko uztailaren 29[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matxinadaren beheraldia hasi zen. Matxinatuen esperantza bakarra liskarra Espainia osoara kutsatzea zen. Hori ezin izan zen gertatu, Bartzelona guztiz inkomunikaturik baitzegoen. Bien bitartean, Bartzelonako gertakizunek izaera separatista zutelako bertsioa zabaldu zuen gobernuak Espainia osoan.

1909ko uztailaren 31[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirira lasaitasuna itzuli zen. Biktimen balantze ofizialen arabera, tropen artean bost hildako izan ziren eta ehun zibilen artean. Hogeita hamar komentu inguru guztiz errausturik geratu ziren, oraindik hirurogeita hamabostek zutik zirauten bitartean. Hiriko berrogeita hemezortzi elizetatik hogeita bat erre ziren; batzuk karlisten defentsari esker salbatu ziren.

Ondorioak → Mauraren erorketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aste Tragikoaren ondorioak bere lehenengo usteetatik harago nabaritu ziren. Gobernuak Bartzelonan gertatuko gertakizunek izaera separatista zeutela kontsideratu zuen. Autoritateek errugabeak atxilotu eta epaiketa sumarioak garatu zituzten. 1000 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten, 175 erbesteratze-zigor, 59 biziarteko kartzela-zigor eta 17 heriotza-zigor ezarri ziren, horietatik 5 exekutatu zirelarik, 1910eko maiatzaren 19an amaitutako prozesuetan. Aske jarritakoak kontuan hartuta, 1700 inguru inplikatu zenbatu ziren milioi erdiko hiri batean. Eskola laikoak itxi eta sindikatuak debekatu ziren. Hala ere, gertaera guztien erruduntasuna gizon bakar bati leporatu zioten: Francesc Ferrer i Guardia pedagogo anarkistari.

Ferrer i Guardia irailaren 1ean atxilotu zuten gertaeretan parte hartu zuela akusaziopean. Bere prozesua lasterregi bideratu zen, beharrezko bermerik gabe. Akusaziorako oinarri bakartzat Bartzelonako prelatuek sinatutako gutun bat erabili zen. Matxinadaren aktore eta eragile izatearen papera egotzi zitzaion eta hargatik heriotza zigorrera kondenaturik, Montjuiteko Gazteluan fusilatu zuten beste lau kondenatuekin batera, urriaren 13an.

Fusilamenduek protestak sorrarazi zituzten Espainiako eta Europako jende multzo zabalen aldetik. Prentsako gutunak, kale-agerraldiak eta, toki batzuetan, atzerriko enbaxadei eraso egitera ere iritsi ziren. Egoera hark larrituta, Alfontso XIII erregeak Maura presidentea kargutik kenarazi eta Segismundo Moret liberala izendatu zuen haren ordez.