Etxe-txolarre

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Life

Etxe-txolarre
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Aves
Ordena: Passeriformes
Familia: Passeridae
Generoa: Passer
Espeziea: P. domesticus
Linnaeus, 1758

Etxe-txolarrea (Passer domesticus) passeridae familiako hegazti paseriforme bat da, jatorriz ia Eurasia osokoa, gizakiaren laguntzaz ia mundu osora zabaldua.[2] Izan ere, gizakiarekin erlazionatzen jakin izan du, eta, horregatik, egun hegaztirik hedatuenetakoa da.

Izen arruntak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz, erdaretan bezala, izen arrunt ugari ditu gizakiari hainbeste hurbiltzen zaion espezie honek. Euskara baturako etxe txolarre edo etxe-txolarre hartu da,[3] baina euskalkietan baditu beste hainbat izen: artatxori, burrigoi, burringoi, burrugoi, eletxori, eliza-txori, eliz txori, erretxori, etxe-txori, errota-txori, etxaxori, etxe-sori, etxe-xori, etxolar, gala-txori, galar-txori, galtxori, garraio, gurrigoi, gurringoi, itxe-txori, karatxori, karrato, kurloe, kurloi, kurriloe, lastatxori, murruxori, murrutxori, ormatxori, pareta-txori, pareta-xori, parra-txori, parra-xori, patxi-zarra, torratxori, torre-txori, torrotxori, torrutxori, ttau, ttau-ttau, txao, txau, txau-txau, txoarre, txolarre, txori arre, xoarre, xori.[4]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Passer domesticus male nuptial.jpgPasser domesticus male internuptial.jpg
Arra eztei-lumekin (ezkerrean) eta emea eztei-arteko lumekin (eskuinean).

Hegazti txiki bezain sendoa da txolarrea; burua proportzionalki nahiko handia du eta mokoa gogorra. Hegaldi traketsa duela esaten da eta lumadi ugariak ordenarik gabekoa dirudi askotan.

Txori honetan kolore arreak dira nagusi. Eme eta gazteetan apalak dira, baina ar helduek kontraste handiagoa dute. Alde dortsala marroi ilun kolorekoa dute, marra beltzez betea, eta alde bentrala grisa. Arrek bularraldetik mokoraino orban beltz bat dute (udan nabariagoa da) eta buru-gaina grisa (ezaugarri honengatik txolarre ilunarekiko erraz desberdindu daiteke). Emeek eta gazteek lista superziliar marroi argia izaten dute askotan[5].

Dimorfismo sexuala lumetan ez-ezik, tamainan ere badago: arren hegalak batez beste 76,2 mm neurtzen ditu eta emeenak, aldiz, 74,3 mm . Pisuari dagokionez, batez besteko balioa 27,59 g da.

Kantua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxe-txolarrea espezie iskanbilatsua da, batez ere taldeka biltzen denean. Horrelakoetan kantu monosilabiko tipikoa egiten du, txip-txip edo txirr-r-r modukoa. Ugalketa-garaian soinu horien bariazioak egiten ditu.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Voir texte pour la répartition mondiale

   Habitat naturala

   Hedapen eslualdea

Etxe-txolarrearen jatorria Mesopotamia inguruan legoke, non azken glaziazioan bertan babestuta geratu omen baitziren. Gainera, bertan nekazaritza jaiotzean gaur arte iraun duen gizakiaren eta txolarrearen arteko erlazioari hasiera eman zitzaion [6]. Erlazio horrek txolarrearen hedapena erraztu zuen, eta egun Palearktikoan (Europa, Afrikaren iparraldea, Asiaren mendebaldea, Siberia, Txinako iparraldea eta Japonian), Ekialdeko eskualdean (Asia tropikalean) eta eskualde etiopiarrean (Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Arabiako hegoaldean) aurki daiteke[7]. Gainera, itsas-mailatik 4.500 metrora arte hedatua dago[8]. Ondorioz, etxe-txolarrea banaketa handiena duen hegaztia dela esan daiteke.

Etxe-txolarrea hegazti sedentarioa da, urte osoan gizakiarengatik gertu bizi dena. Halere, ez dago argi benetako migraziorik egiten duen. Izan ere, ale batzuek Gibraltar edota Pirinioak zeharkatzen dituztela ikusi da, baina ez da argitu benetako migrazioak diren ala sakabanatze mugimendu soilak[9].

Hiri handietako erdiguneetan bizi diren txolarre helduak ez dira ia mugitzen haien kolonia inguruetatik. Ordea, hiri handi hauetako periferietan eta herri txikietan bizi direnak hiritartu gabeko guneetara hurbiltzen dira egunean zehar elikagai bila batez ere (Bernis, 1989).

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxe-txolarrearen eta gizakiaren arteko erlazioa estua da, eta habitataren hautaketan argi ikusten da berau. Izan ere, etxe-txolarreak gizakia urte osoan bizi den inguruetara lotuta dago, are gehiago abereak inguruan badaude[10]. Bestela, hezegune, baso eta sastrakadietaara nekez hurbiltzen da.

Habia zuloetan edo adaburutan eraikitzen du. Zuloetan egiten duenean habia irekia izaten da, baina adarren artean egiten duenean itxia da, zulo bakar batekin.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie hau orojalea eta oportunista da, hau da, aurkitzen duen ia gehienaz elika daiteke, baina belarrak eta ornogabeak hobesten ditu[11]. Dena dela, hiri handien periferietan eta herri txikietan bizi diren etxe-txolarreak inguruko hiritartu gabeko guneetan bazkatzen dira, eta eremu horien araberakoa izaten da hegazti hauen dieta. Horrela, hirietako txolarreek parkeetako belarrak eta zuhaitzetako fruituak edo haziak jaten dituzte batik bat, baina landa inguruetakoek zekale aleak eta hondakinak.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bikotea ugaltzen.
Passer domesticus domesticus

Ugalketa garaia apiriletik uztaila artekoa da; alabaina, araldia urte osoan zehar gertatzen da. 1etik 9ra arrautza bitartean erruten dituzte, eta urtean zehar 1-5 errunaldi egoten dira. Inkubazioa 11-19 egunez luzatzen da eta arrek zein emeek hartzen dute parte. Txitak jaio eta gero 13-16 egunez bazkatzen dituzte eta gero habia uzten dute.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxe-txolarrea espezie taldekoi eta monogamoa da eta bikoteak bizitza osoan iraun dezake. Hala eta guztiz ere, poliginia maiz ikusten da, hau da, arrak beste eme batzuekin ikusten dira[12]. Bikoteak 6 eta 20 bikote artekoak izaten diren kolonietan biltzen dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan etxe-txolarreak eta landa-txolarreak (Passer montanus) habia eta elikagaiengatik konpetentzia izaten dute. Horrelakoetan etxe-txolarrea benetan oldarkor agertzen da (landa-txolarreak hiltzera ere irits daiteke) eta landa-txolarrea ingurune traketsagoetara bidaltzen du[13]. Habiengatik kaskabeltz handiarekin (Parus major) konpetentzia ikusi zaio (habi-kutxengatik), bai eta arratoiekin ere (zuloak)[14]. Batzuetan etxe txolarreak eta txolarre ilunak (Passer hispaniolensis) talde berdinetan ikusi izan dira.

Etxe-txolarrearen hainbat espezieren harrapakinak dira: habietan arratoiak, eskulapioren eta eskailera sugeak, soro muxarrak, etxe-saguak, lepitzulia eta mika; gainontzean hontz zuriak, urubiak, eskinosoak, mozoloak, mirotz urdina, zuhaitz belatza...

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxe-txolarrearen azpiespezieak bi multzotan banatzen dira:

  • domesticus multzoa
    • Passer domesticus domesticus
    • Passer domesticus balearoibericus, von Jordans, 1923
    • Passer domesticus tingitanus, Loche, 1867
    • Passer domesticus niloticus, Nicoll eta Bonhote, 1909
    • Passer domesticus persicus, Zarudni eta Kudashev, 1916
    • Passer domesticus biblicus, Hartert, 1910
  • indicus multzoa
    • Passer domesticus hyrcanus, Zarudni eta Kudashev, 1916
    • Passer domesticus bactrianus, Zarudni eta Kudashev, 1916
    • Passer domesticus parkini, Whistler, 1920
    • Passer domesticus indicus, Jardine and Selby, 1831
    • Passer domesticus hufufae, Ticehurst and Cheeseman, 1924
    • Passer domesticus rufidorsalis, Brehm, 1855

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. The IUCN red list of endangered species
  2.   Barrows, Walter B. (1889), «The English Sparrow (Passer domesticus) in North America, Especially in its Relations to Agriculture», United States Department of Agriculture, Division of Economic Ornithology and Mammalology Bulletin (Washington: Government Printing Office) (1), http://www.archive.org/details/cu31924022537298 .
  3. Hala dator Elhuyar eta Zehazki gaztelania-euskara hiztegietan, bai eta Euskalterm terminologia bankuan ere.
  4. Plazido MUXIKA BERRONDO: Diccionario castellano-vasco, Mensajero, 1965.
  5. Cramp, 1988; Mullarney et al, 2010
  6. Murgui, 2011
  7. Cramp eta Perrins, 1994; Hudde, 1997; Murgui, 2011
  8. Summers eta Smith, 2009
  9. Snow et al, 1955; Bernis, 1989; Frias et al, 2009
  10. Bernis, 1989
  11. Cramp eta Perrins, 1994; Hudde, 1997
  12. Veiga, 1992
  13. Cordero eta Senar, 1990
  14. Faus eta Vericad, 1985; Barba et al, 1995

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Etxe-txolarre Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Passer_domesticus