Fauvismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Henri Matisse Les Fauveseko buruenetakoa izan zen

Fauvismoa (frantsesezko fauve hitzetik dator, hots, basapiztia) XX. mendeko hasieran sortu eta biziraupen laburra izan zuen margolaritza modernoko mugimendua izan zen.

Izadiaren formak bere horretan irudikatzea erdeinatzen zutelako eta margoen harmonia "basatiak" eratzen ahalegintzen zirelako, fauvista -basati, alegia- esan zitzaion 1905ean Parisen erakusketa bat egin zuen margolari gazte talde bati, eta fauvismo deitu zioten haiek sortu zuten higikundeari. Margolari talde honen arabera, artelanaren ezaugarri piktorikoak bereziki nabarmendu behar ziren eta, inpresionismoan ez bezala, kolorearen indarra aldarrikatzen zuen irudikapenaren gainetik.

Pintura-mugimendu gisa, 1900aren inguruan hasi zen eta bere azkenak 1910tik aurrera ere kausi ahal izan arren, berez 3 urte besterik ez zuen iraun (1905-1907) eta hiru erakusketa baino ez zituen izan. Estilo honen buruak Henri Matisse eta André Derain izan ziren.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fauvismoa zaletasun bereko eta jarrera artistiko oso hurbileko pintore multzo bat zen, kritikaren erasoak elkarrengana hurbildu baizik ez zuena. Ez zen ez elkarte antolatu bat, ez adiskidetasunez edo sineste artistiko zehatz batez elkarri loturiko talde sendo bat, ez eskola bat. Higikunde hura Matisseren inguruan eratu zen, hura baitzen adinez eta nagusitasun intelektualez zeregin hartarako egokiena. Harez gainera, Rouault, Marquet, Camoin, Manguin, Puy, Derain, Vlaminck, Friesz eta Dufy izan ziren fauvista nagusiak, baina zerrenda hori ez da inondik ere itxia eta mugatua, aitzitik, taldearen muin edo gisakotzat hartzen diren hamar bat lagun horiez gainera, baziren, baita ere, unean uneko adiskidetasunagatik edo bestelako zernolakoren bategatik, talde hartara hurbilduak eta talde hartatik urrunduak, eta baziren, orobat, artearen historiak beren geroztikako lanengatik eta bere obraren bilakaerarengatik beste eskolen eta joeren baitan sartu izan dituenak, nola diren Braque, Metzinger, Delaunay...

Ez da erraza fauvismoaren jatorriak zeintzuk izan ziren jakitea. Fauvista gehienek bere kasa ikasiak eta prestatuak zirela esaten zuten, eta ez zuten eragin finkorik aitortu, Van Goghena izan ezik. Itxura denez, Gustave Moreauk Arte Ederren eskolan zuen lantegia izan zen fauvisten harrobi nagusia.

Bukatu, ordea, bat-batean bukatu zen fauvismoa, eta tupusteko bukaera horrek harrituta utzi zituen artearen historialariak. Bat-batean margo ilunak erabiltzen hasi ziren (marroiak, berde itzaliak, urdin ilunak), eta koadroa antolatzeko modu zurrun eta geometrikoak. Ez zen beraz bilakaerarik izan, erabateko haustura baizik.

Fauvismoaren ezaugarriak eta eraginak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fauvisten arteko lotura eta ezaugarri nagusia kolore biziak erabili izana da, bere garaiko jende asko asaldatu zuen ezaugarria hain zuzen ere. Koloreak beren horretan ezartzen zituzten koadroan: gorriminak, horiak, herdeak Vlaminckek; gorriak eta urdinak Derainek; laranjak eta ubelak Matissek eta Manguinek. Denek ez zuten margo eskala bera erabiltzen, baina denek erabili zituzten kolore bizi horiek, aldez aurretik azterketa sakonak egin ondoren, batez ere Gauguinen eta Van Goghen obran. Koloreak balio adierazkor bat zuen haientzat, eta zirrarak adierazteko erabiltzen zuten mugimenclua irudikatzeko bezainbat.

Plano margotuen kontrakotasunaren bidez mugimendua eta sakonera iradokitzen zuten. Hori da, inondik ere, fauvistek egin zuten ekarpenik emankorrena. Fauvismoa bukatu ondoren ere, pintore haiek margoen ezaugarri hori sakontzen jarraitu zuten, eta alderdi horretan pintura abstraktua zordun zaio fauvismoari. Esan izan da fauvistak, margoez liluraturik, guztiz axolagabeturik zeudela marrazkiaz eta irudien antolamenduaz. Egia da hori ez zela haien kezka nagusia. Berariaz marraztu zuten marrazkera soilaz eta are batzuetan traketsaz, nahiz Matisse eta Dufy, adibidez, marrazkilari bikainak ziren.

Fauvismoan erabateko ezaugarriak, denentzat berdinak, nekez finka badaitezke ere, fauvista askok sintesirako borondante garbi bat erakutsi zuten, estilizaziorako joera, alegia, eta, beraz, interes handia izan zuten joera hori berez zuten bi adierazpidetan: kartelak eta, batez ere, karikatura. Fauvista batzuk karikaturagile bikainak izan ziren.

Fauvistek bidaia asko egin zituzten, eta paisajea landu zuten gehienbat: Paris eta bere inguruak, Normandia, Kosta Urdina, Anberes, Londres. Oso ikuspegi arruntak ziren: kale xumeak, portuak eta itsasertzak. Eez zuten ez paisaje fantastikorik edo heroikorik pintatu, ez pertsonaia aipagarririk, eta, oso bakan baizik ez, izadi hilik.

XIX. mendeko pintore independente guztiek, margoari bere indar adierazkorra ematen ahalegindu ziren guztiek, izan zuten eraginik fauvismoan: Delacroix, Turner, Manet, Redon, Monet, Cezanne, Gauguin... Orobat Monticelli, Carrand, Díaz de la Peña, Munch, Ensor eta Picassoren lehenengo obrek. Baina, Munch izan ezik, fauvismoaren aitzindari berehalakotzat har baitaiteke, gainontzekoak zeharkako eragina izan ziren fauvismoarentzat. Eragin zuzenagoak izan ziren, nahiz batzuek auzitan jarri zituzten, inpresionismoa, neoinpresionismoa eta Gustave Moreau.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Fauvismo Aldatu lotura Wikidatan