Frankismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Frankista» orritik birbideratua)
Bandera frankista, Espainiar estatuan 1945 y 1977 artean erabili zena.

Frankismoa Francoren diktadura, 1939tik 1975era, sostengatu zuen ideologia eta printzipio politikoen multzoa da. Askotan, Espainiako Gerra Zibilaren ondotik 1936tik 1975 arte iraun zuen Francisco Francoren diktadurari erreferentzia egiteko ere erabiltzen da termino hori, baita diktadura barne hartzen duen Espainiako garai historikoa adierazteko ere.

Ezaugarriak eta oinarri ideologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iritzi desberdinak daude frankismoaren ideologiaren ezaugarri nagusiari buruz: batzuen arabera, Espainian agindu zuen denbora guztian zehar erregimen faxista izan zen; beste batzuen arabera, ordea, erregimen autoritarioa izan zen funtsean, faxismoaren elementu zenbait biltzen zituen arren.

Francisco Franco Caudillo edo buruzagiaren agintaritzapean, beste erakunde batzuek ere mamitu zuten frankismoaren ideologia: Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzarren Espainiako Falangeak —garai hartako alderdi bakarrak—, Movimiento Nacional izenekoak, Espainiako Armadak eta Eliza katolikoak. Azken honi loturik, Nazionalkatolizismoa ere aipatu izan da frankismoaren osagai nagusitzat.

Antikomunismoa ere aipatzekoa da, frankismoko kanpo politika eta barne ideologia ongi islatzen baititu. Izan ere, barne politikan erregimenak ideologia ezkertiar oro jazarri zuen, komunismoa bereziki. Kanpo politikan, Sobietar Batasunaren kontrako blokearen oniritzia jasotzeko baliatu zuen.

Sinbologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iritziak iritzi, faxismoaren ohiko diren parafernaliak erabili zituen urte luzeetan eta itxura hau erabili zuen propaganda ekintzetan. Hasierako urteetan, nabaria da frankismoak italiako faxismoan eta alemaniako nazismoan inspiraturiko sinbologia. Geroago, Bigarren Mundu Gerraren amaitu ostean, erregimenak berak uko egin zien sinbolo horiei, nolabait ere nazioarteko oniritzia lortzeko eta nazismoarekin izan zuen laguntasuna atzean uzteko asmoarekin.

Oinarri politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francisco Franco diktadorea 1940an.

Politikoki alderdi bakarrean oinarrituriko sistema batean oinarritzen zen, Movimiento Nacional izeneko alderdian gorpuzten zena. Alderdia FET y de las JONS erakundearen oinordeko zen, aldi berean Falange Española Tradicionalista alderdi karlisten batasuna eta Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista alderdi faxistak elkartzean sortu zena.

"Caudillo" edo "Generalísimo" delakoa zen alderdiaren burua, eta alderdiaren barnean hainbat talde edo mugimendu politiko ezberdin zeuden:

Talde hauek diktadorearen oniritziagatik lehiatzen ziren. Diktadoreak bat edo beste babesten zuen komeni zitzaionaren arabera, baina sekula inori botere gehiegi eman gabe eta elkarren arteko lehia bultzatuz.

Falangismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Uztarria eta geziak", falangisten ikurra (1940ko entseina).

Talde honetako kideen oinarri ideologikoa nazionalsindikalismoa zen. "Urdinak" ere deitzen zitzaien. José Antonio Primo de Riveraren ildoak jarraitzen zituzten, eta espainiar nazioaren batasuna eta ideologia faxista bultzatzen zituzten. Horretarako gizarte-bizitza eta ekonomia kontrolatu nahi zituzten eta helburu horrekin hainbat erakunde sortu zituzten: Frente de Juventudes, Sección Femenina, Sindicato Vertical, Auxilio Social, etab.

Falangismoak indar handia izan zuen Movimiento Nacional delakoaren barnean, Bigarren Mundu Gerran faxismoa eta nazismoa garaituak eta nazioartean baztertuak geratu ziren arte. Ramón Serrano Súñer Francoren koinatua, José Antonio Girón de Velasco, José Luis Arrese eta Adolfo Suárez izan ziren talde honetako pertsona garrantzitsu batzuk.

Armada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Militarrak Francoren agindupean zeuden erabat, eta potere eta prestigio handia zuten diktaduran zehar. Francok konfiantza zuen militarrengan eta ardura handiko postuak eman zizkien gobernuan. Ez ziren talde itxia, militar asko beste taldeei hurbilekoak izaten baitziren askotan. Adibidez, Carrero Blanco nazionalkatolikoengandik hurbil zen, eta Agustín Muñoz Grandes falangisten gustukoa zen.

Nazionalkatolizismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erorien haraneko gurutzeak agerian uzten du frankismoaren eta eliza katolikoaren arteko lotura.

Kristautasun katolikoaren defentsa erregimenaren ikur nabarmena zen, eta nazionalkatolizismo zeritzon mugimenduan gorpuzten zen. Hezkuntza katolikoen esku utzi zen hasieratik, eta kanpo politikan presentzia argia zuten. Joaquín Ruiz-Giménez da garai horretako agintarien arteko adibide.

1950eko hamarkadan "teknokratak" agertu ziren, gobernutik estatuko ekonomia zuzentzen indartsu aritu ziren Opus Deiko kideak. Mariano Navarro Rubio eta Alberto Ullastres ziren ezagunenetako batzuk.

Karlistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlistek edo tradizionalistek aginpide eta pixua galdu zuten gerra bukatzean, baina ez ziren erakundeetatik desagertu. Esteban Bilbao eta Antonio Iturmendi Bañales izan ziren botere gehien ukan zutenak.

Monarkikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

II. errepublikako eskuindarrak biltzen ziren bertan. Juan Borboikoaren eta Juan Carlos I.aren aldekoak ziren. Francok erregegaiarekiko jarrera zalantzazkoa zuen, eta beraz monarkikoen diktadorearekiko harremana aldakorra zen.

Emakumea frankismoaren garaian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Emakumeak, bizitza osoan, zerbitzatzeko funtzioa du. Jainkoak gizona egin zuenean, "ez da ona bakarrik egotea" pentsatu zuen. Eta emakumea egin zuen gizonari laguntzeko eta konpainia egiteko, bai eta ama izateko ere. Jainkoaren lehen ideia "gizona" izan zen. Ondoren, emakumearengan pentsatu zuen, beharrezko osagarri gisa, hau da, zerbait erabilgarria izateko. »
Espiritu Nazionalaren Heziketa, 1962
« Emakumeek sekula ez dute ezer asmatzen; zalantzarik gabe, Jainkoak gizonentzat gordetako gaitasun sortzailea falta zaie. Emakumeok gizonek eginda ematen digutena interpreta dezakegu soilik, hobeto edo okerrago. »
Pilar Primo de Rivera, Emakumeen Sekzioko ordezkari nazionala

Frankismoa Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Francoren diktadura Euskal Herrian»

Frankismoak bere menpeko lurralde guztietako jendea politikoki, ideologikoki eta sozialki berdintzeko ahalegin handia egin zuen. Gizatalde ezberdinek pairatu zuten ideologia horren inposizioa, emakume, homosexual, ijito eta beste askok. Euskal Herriari dagokionez, Katalunian, Galizian eta beste hainbat tokitan bezala, espainiarra ez zen naziotasun sentimentu oro zapaldu zuten.

Mugimendu ezkertiar zein abertzaleak debekatu eta jazartzeaz gain, erregimenak ezartzen zuen Espainia bakar eta batu horretatik urruntzen ziren edonolako ekitaldiak debekatuak ziren. Aldizkari eta irratiak ere itxiarazi zituzen. Hizkuntzan izan zuen, bereziki ondorioa.

Frankismoaren ideologia diktaduraren ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bandera frankista AVTren manifestaldi batean (2006).

Francoren heriotza eta transizioaren ondoren, ideologia frankistak erakunde publikoetan zuen boterea desagertu zen, nominalki bederen. Hala ere, ideologia hori edo ideologia horien elementu esanguratsu batzuk sustengatzen dituzten taldeak ez ziren desagertu, eta batzuetan beste elkarte batzuetan egituratu dira. Francisco Franco Fundazio Nazionala, adibidez, 1976an sortu zen, eta Franco eta bere diktaduraren oinarriak zuritzea helburu du.

Sinbologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francoren estatua Santanderren (2008an kendu zuten[1]).

Bestalde, frankismoko sinbologia ez da guztiz desagertu. Espainiako Oroimen Historikoaren Legea gorabehera, herri askotan frankismoari loturiko izenak dituzten kaleak edo seinaleak daude, baita eskulturak ere.

Erorien harana da frankismoko sinbolo nabarmenetako bat. 2019 arte bertan egon zen diktadorea hobiraturik[2]. Gaur egun ere, azaroaren 20an, Francisco Francoren eta José Antonio Primo de Riveraren heriotzaren urteurrenean, eskuin muturreko kideak elkartzen dira, bereziki Erorien haranean.

Bestalde, eskuin muturraren manifestazio eta elkarteetan frankismoari loturiko ikur ugari ageri ohi dira[3].

Alderdi politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainian, eskuin muturrekotzat jotzen diren alderdietan ageri dira frankismoaren ideologiaren eraginak. Hainbat alderdi politikok frankismoaren ideologia hein batean edo bestean defendatzen dute.

Falangeari zuzenean loturiko zenbait alderdi ere badira (jatorrizko Falange Española de las JONS zenaren oinordekoa, La Falange eta Falange Auténtica, adibidez). Nazionalkatolizismoari loturik ageri da Alternativa Española (AES) alderdia. Horietako batzuk, Democracia Nacional alderdiarekin batera ADÑ Identidad Española delako koalizioan bilduak dira.

Azken urteetan, estatu mailan arrakasta ukan duen VOX alderdia ere frankismoaren ideologiarekin lotzen dute askok[4][5][6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Santander retira la estatua de Franco» el País (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  2. Orzaiz, Ion. «Badu ateratzeko ordua» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  3. (Gaztelaniaz) Forment i Bori, Cèlia. «Símbolos franquistas y esteladas quemadas en la manifestación ultra en Barcelona» elnacional.cat (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  4. (Gaztelaniaz) Rodríguez Veiga, Diego. «La conexión de dirigentes de Vox con Franco más allá de la amistad de Abascal y el bisnieto Luis Alfonso» el español (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  5. (Gaztelaniaz) Dusster, David. «El franquismo que acecha a Vox» La Vanguardia (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  6. (Gaztelaniaz) «Vox dice que los fusilamientos franquistas fueron “con amor”» el plural (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Historia
Espainia
Artikulu hau Espainiako historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.