Garcilaso de la Vega
Garcilaso de la Vega espainiar olerkaria izan zen (Toledo, 1501 inguruan - Niza, 1536). Familia noblean jaio zen eta gortean hezi zuten. Anitz gudutan parte hartu zuen: komuneroen kontra Oliasen, turkiarren kontra Rodas uhartean, Nafarroako Gerran eta Hondarribiko Setioan, Vienako eta Tunisiako guduetan. Probentzako Guduan (1536) harri batek buruan jo, eta zauriturik utzi zuen, Muyko gotorlekuari erasoan ari zitzaiola; handik egun batzuetara hil zen. Errenazimentu garaiko gizon eredugarria da Garcilaso: soldadu, gorteko gizona eta olerkaria. Hasierako bertsoak Gaztelako zortzikoan idatzi bazituen ere, Juan Boscán bere adiskide minaren eraginez, Italiako bertso-neurriak bereganatu zituen, Petrarkaren moldean. Sonetoak, eglogak eta eresiak idatzi zituen. Oso eragin handia izan du gaztelerazko poesian, eglogen bidez, batez ere. Garcilasoren olerkiak hil ondoren argitaratu ziren, Boscánenekin batera, 1543an.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.
