Francesco Petrarca

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Petrarca
Petrarca
Francesco Petrarcaren irudia.
Datu pertsonalak
Jaio 1304ko uztailaren 20a
Arezzo (Italia)
Hil 1374ko uztailaren 19a
Arquà Petrarca, Padua (Italia)

Francesco Petrarca (1304ko uztailaren 20a, Arezzo - 1374ko uztailaren 19a, Arquà Petrarca, Padua), XIV. mendeko italiar idazle, olerkari eta humanista. Haren idazlan ezagunena Canzoniere delakoa da.

Haren familia Florentziatik erbesteratua izan zen, eta, haiekin batera, artean haurra zela, Proventzara joan behar izan zuen. Lege-ikasketak egin zituen Montpellierren eta Bolonian. 1326an Avignonera joan zen, aita santuaren gortera, eta han ordena txikiak hartu zituen. Handik urtebetera ezagutu bide zuen Laura, beraren Canzionere obra nagusiko pertsonaia eta musa. Idazteari, ikasteari eta bidaiak egiteari ekin zion, zenbait handikiren diru-laguntzari esker.

Italieraz idatzitako olerkiekin batera, latinez ere idatzi zuen. Nabarmentzekoa da obra horien artean 1338an hasi zuen Africa poema epiko luzea, Eszipioni buruzkoa. 1341ean, poesia-saria jaso zuen Napoliko Roberto erregearen eskutik. Garai hartan hasi zen Secretum obra idazten, latinez idatzi zituenen artean interesgarrienetakoa, San Agustinen eraginpean idatzia.

Nahiz eta latinezko obrak garrantzi handikoak diren Petrarcaren psikologia eta humanismoa ezagutzeko, Petrarcari italierazko Canzoniere ("Kantutegia", 366 kantu guztira) obrak eman zion sona eta ohorea. Tradizio siziliarraren eta proventzerazkoaren ildoan idatzia dago, eta maitasuna du gai nagusia.

Petrarcak goren mailako lekua izan du poesiaren historian eta baita Europa kristauko kulturan eta kultura modernoan ere. Dena dela, Petrarcaren eragina ez zen literaturaren alorrera mugatu, bizitza moralean eta politikoan ere eragin handia izan baitzuen. Haren poesiak, haren gogoeta moralek eta espiritualek, historiaren ezagutza analitikoak eta aldi berean sintetikoak, eta, azken finean, haren lan guztiak helburu nagusi bat zuen: antzinako mundua eta kultura fedegabea batetik, eta bestetik, mundu kristaua eta fedea batu nahiak mendeetan zehar sortu dituen arazoei irtenbidea bilatzea.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petrarcaren erretratua.

Petrarcaren aita florentziar notario bat zen, Dante erbesteratu zuten arrazoi berengatik, alegia arrazoi politikoengatik, erbesteratu zutena. Hala, 1311. urtean, Petrarcak eta haren familiak Carpentrasen, Avignondik hurbil, hartu zuten bizilekua. Aitak Montpellierra bidali zuen Petrarca zuzenbide-ikasketak egitera, nahiz eta ordu arte Avignonen erretorika, gramatika eta dialektika ikasi zituen Petrarcak Convenevole de Pratoren gidaritzapean, eta literaturarako zaletasun handia erakutsi zuen gazte-gaztetatik. 1327an, ordurako Petrarca Proventzara itzulia zenean, Laura ezagutu zuen, Avignongo Santa Klara elizan. Emakume haren berririk batere ez dago, eta garai hartan Petrarcaren asmazioa izan zela ere pentsatu zuen batek baino gehiagok. Edozeinetara dela ere, Laura izan zen Petrarcaren poesiaren inspirazio-iturri nagusia.

Petrarcak aitaren ondasun guztiak ahitu zituenean, eliz ikasketak hasi zituen. Ordena txikiak hartu zituen, eta klasikoak ikasteari ekin zion: Zizeron, Virgilio, Livio, eta batez ere, San Agustin aztertu zituen, besteak beste. 1330ean Giovanni Colonna kardinalak familiaren kaperau izendatu zuen, eta adiskidetasun-harreman sendoa sortu zen Colonnaren eta Petrarcaren artean.

Kargu hari esker, bestalde, bidaia asko egin ahal izan zituen Petrarcak Europan zehar. 1337an joan zen lehenengo aldiz Erromara, eta liluraturik gelditu zen hiri hartako hondakin klasiko eta kristauekin. Urte horretan bertan, Avignonera itzuli zenean, hiri hartatik kilometro gutxira zegoen herrixka batera, Vanchusera, erretiratu zen. Bien bitartean, Petrarcaren ospea, bai politikan bai kulturan, izugarri hedatzen ari zen; hala ere, bakardadean eta erretiraturik bizitzeko zuen grinak batetik, eta bestetik, ospe nahiak eta lurreko ondasunen beharrak (bi seme-alaba izan zituen harreman desberdinetatik sortuak: Giovanni eta Francesca) dikotomia banaezina osatzen zuten Petrarcaren baitan, eta ospea nola, halaxe zihoan hazten bitasun hori Petrarcarengan.

Petrarcaren estatua.

Lanek entzute handia eman zioten Petrarcari. Eta horrenbestekoa izan zen entzute hori, ezen 1340an bi poesia-sari lortu zituen aldi berean, Erroman bata eta Parisen bestea.

1341ean Orso dell'Anguillara senatariak erramuzko koroa eman zion, hiru egunean Roberto Anjoukoak Petrarcaren poemak zehatz-mehatz aztertu ondoren. Urtebetez Selvapianan, Parmatik hurbil, egon zen, eta han, bakardadean, egin zuen Africa lanaren lehenengo idazketa-saioa. 1342an Vanchusera itzuli zen, lasaitasun bila, baina alaba jaio izanak eta anaia Gherardo fraide egin izanak krisi espiritual larria sortu zioten bere barruan.

Horretaz gainera, garai horretan Cola di Rienzo ezagutu zuen, eta, haren eraginez, politikan sartu zen. Betebehar politikoen ondorioz, bidaia ugari egin zituen, eta bidaia horietako batean, aita santuak deituta Napolira zihoala, Zizeronen garrantzi handiko testu batzuk aurkitu zituen, besteak beste, "Atikori idatzitako Epistolak" lanaren hamasei liburu. 1347an, Cola di Rienzoren erreforma asmoak erakarrita, Erromara abiatu zen, baina haren asmoek huts egin zuten, eta Parman gelditu behar izan zuen. Hiri hartan jakin zuen, hain zuzen, Laura izurriak joa hil zela (1348). Parmaz gainera, Italiako hainbat hiri bisitatu zituen, eta alde guztietan ohore handiak egin zizkioten: Carpi, Ferrara, Padua, Mantua, Florentzia. 1351. urtean Proventzara itzuli zen, orduan ere aita santuak horrela eskatuta, eta han idatzi zizkion bere lehenengo gutunak Bohemiako Karlos IV.ari; haietan Italiara joan zedin eskatzen zion Karlos erregeari hirietako gerrak baketzera. 1353-1361 urteen bitartean Milanen bizi izan zen Visconti familiaren etxean, eta hainbat diplomazia-lan egin zituen Milango gortearentzat (Pragan enperadorearekin hitz egin zuen, besteak beste). Izurriaren ondorioz, lehenbizi Paduara aldatu zuen bizilekua eta Veneziara ondoren. Venezian errepublikak etxe bat eman zion Petrarcari baldintza batekin: hiltzen zenean bere liburutegia Veneziari uztea.

Hala ere, lau filosofo averroista gazterekin izan zituen eztabaiden ondorioz (haien kontra idatzi zuen De suis ipsius et multorum ignorantia) Venezia uztea erabaki zuen eta Paduara aldatu zen lehenbizi, eta Arquara ondoren. Han, Francesco de Carrarak etxe bat eman zion eta, berak nahi bezala, bakardadean eta bakean bizi izan zen.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latinezko lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petrarcaren jatorrizko hitzak, Erfurten 1985ean aurkituak.

Petrarcak askoz ere lan gehiago idatzi zituen latinez, herri-hizkuntzaz baino. Latinez bai prosa bai poesia idatzi zituen; herri-hizkuntzaz, aldiz, poesia baizik ez.

Gutun ugari idatzi zituen, eta berehala hasi zen haiek biltzen, Zizeron eta Senekaren ereduari jarraituz. Petrarcak berak prestatu zuen Rerum familiarum gutun-bildumaren argitalpena; hogeita lau liburutan 350 gutun bildu zituen (batzuk bertsotan).

Gutun horiek 1325-1366 bitartean idatzi zituen; gehienak adiskideei bidaliak dira, baina idazle klasikoei ere idatzi zizkien batzuk, Zizeroni eta Virgiliori adibidez. Oso ospetsua da, besteak beste, Mont Ventouxerako igoera deskribatzen duen gutuna.

Ondoren Rerum senilium lana osatzen duten hamazazpi liburuak antolatu zituen, 1361-1374 bitartean idatzitako 120 gutun biltzen dituztenak. Epistolae metricae lana osatzen duten hiru liburutan, berriz, 57 gutun bildu zituen, hexametrotan idatziak. Bucolicum carmen lanean, azkenik, hamabi egloga bildu zituen, 1346-1348 bitartean idatziak.

Petrarca denbora luzean aritu zen bere Africa poema osatzen (1338-1342). Hexametrotan idatzi zuen, eta Tito Livioren ereduari jarraituz, bigarren gerra punikoa kontatzen zuen. Antzinako Erromaren handitasuna ospatzeko eta goresteko generorik egokiena epika klasikoa zela erakutsi nahi zuen Petrarcak poema horren bidez. Baina, balio poetikoaren ikuspegitik, lan hark ez zuen nahi bezainbesteko maila izan.

Poema horren iruzkin historiko gisa idatzi zuen De viris illustribus (1338an hasia); Erromako historiako hogeita hiru pertsonaiari buruz, eta historia sakratuko eta mitologiako hamabiri buruz hitz egiten zuen.

Rerum memorandarum libri (1343-1345, "Gogoratzeko gauzen liburuak") lanean, bertute kardinalak azaldu zituen eta Greziako, Erromako eta bere garaiko adibideak hartu zituen haiek azaltzeko. Petrarcak, bestalde, hainbat liburu idatzi zituen bakardadeko bizitzari buruz. Gai horren ingurukoa da De vita solitaria (1346an hasia eta bi liburutan banatua) lana; bertan, idazlearen bakardadea, liburuekin erretiraturik eta izadiarekin elkartasunean, eta aszetaren bakardade erlijiosoa goresten ditu Petrarcak.

Lan horretan azaltzen dituen arrazoibideen oso antzekoak erakutsi zituen De otio religioso (1348) lanean, Gherardo bere anaiari eta Montrieuxeko kartusiarrei eskainia.

Secretum edo De secreto conflictu curarum mearum, azkenik, Petrarcaren testamentu espirituala da. 1342-1343 urteen bitartean idatzi zuen, eta 1353-1358 bitartean hainbat zuzenketa egin zizkion Milanen zela; hiru liburuk osatzen dute, eta haietako bakoitzean Petrarcak san Agustinekin irudimenean sortutako eztabaida-egun bat kontatu zuen. Eztabaida horiek emakume baten aurrean egin bide zituzten, Egiaren aurrean hain zuzen ere. Petrarcak elkarrizketaren bidez bere dotrinan oinarrizkoak ziren gaiak lantzen ditu: heriotzaren inguruko gogoeta, denboraren joana, pasioak, etab.

Canzoniere eta Triumphi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Canzoniere izan zen Petrarcaren bizitza poetikoko maisu lana, eta lan hori osatzen eman zuen, hain zuzen ere, bere bizitza guztia, 1335. urtean hasi eta hil zen arte.

Azken Canzoniere-a 317 soneto, 29 abesti, 9 sestina, 7 balada eta 4 madrigalek osatzen dute. Edizio horretan argitaratu gabe utzi zituen poesia epikoak Rime disperse o extravaganti lanean bildu zituen gero.

Dena dela, Canzoniere-an ez da pasio baten sorrera eta bilakaera abesten, pertsonaia nagusia emakumea bada ere; aldiz, arima kezkatu baten istorioa abesten du, idealarekin eta errealitatearekin gatazka etengabean dagoen arimaren istorioa. Hortaz, abesti-bilduma hori Petrarcak bere buruarekin egiten duen elkarrizketa bat da, oso era miresgarrian neurtua eta lotua. Petrarcak oreka handiko batasun estilistikoa lortu zuen lan horretan.

Triumphi lana aurrekoa baino handizaleagoa bazen ere, emaitza ez zen nahi bestekoa izan. Herri-hizkuntzan eta tertzeto moduan idatzi zuen, sei kapitulutan banaturik: Maitasuna, Lotsa, Heriotza, Ospea, Denbora eta Betikotasunaren Garaipena. Ikuspegi mitiko eta sinboliko sail batek osatzen du lana, eta ikuspegi horiek erakusten dituzte, alegoriaren bidez, moraltasun unibertsalaren mailara jasotako gizakiaren sentimenduak eta gertaerak. Baina norberaren sentimenduak adierazpen mitiko eta objektibo batera eraman nahi horrek huts egiten du arkitekturaren ahultasunaren eta desegokitasunaren ondorioz. Lirismo dotoreko atal batzuk besterik ezin nabarmen daitezke, haietan islatzen baita, edozein egituraren gainetik, Petrarcaren mundu poetikoa.

Petrarcaren eragina ez zen bakarrik Italian zabaldu, Europa osora hedatu zen, eta petrarkismo esaten zaion mugimenduan gauzatu zen. Bestalde, Petrarcak klasikoetarako erakutsi zuen zaletasunak humanismoaren sorrera iragarri zuen. Petrarcaren humanismoa ez zen kultura antolatzaile gisa zuen ahalmenean edo erromatar zibilizazioaren zaletasunean oinarritzen; aldiz, esperientzia intelektual horiek berpizten zituen modua zen humanismo haren funtsa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francesco Petrarca Aldatu lotura Wikidatan