Nafarroako konkista

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nafarroako konkista
Conquista de Navarra.svg
XV. mendeko guduari buruzko miniatura.
Data 1512-1521
Lekua Nafarroa
Emaitza Espainiarren garaipena
Gudulariak
Royal Banner of the Crown of Castille (15th Century Style).svg Gaztelako koroa
Royal Banner of Aragón.svg Aragoiko koroa
 Nafarroa
Buruzagiak
Fernando II.a Aragoikoa
Albako dukea
Joanes III.a Nafarroakoa
Henrike II.a Nafarroakoa

Nafarroako konkista XII. mendean Nafarroako Erresuma banatzeko Gaztela eta Aragoiko Erresumen arteko itunekin hasi eta XVI. mendean inbasioarekin jarraitutako prozesua da. Ondoren, Nafarroa Beherea, inbasioa saihestu zuena, erresuma independentea izan zen XVII. mendera arte. Orduan, Nafarroako Erresuma Frantziako koroan batu eta, XVIII. mendeko Frantziako Iraultza eta gero desagertu zen. Nafarroa Garaiak, bestetik, Espainiako koroan indarrez sartua zenak, XIX. mendean utzi zion Erresuma izateari.

Gaztela eta Aragoi arteko itunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko historia
Bandera Navarra.svg
Historiaurrea eta Antzinaroa
Erdi Aroa
Aro Modernoa
Aro Garaikidea
Kronologiak


Nafarroako armarria, egungoaren jatorrizko bertsioa.

XI. mendean zehar Gaztela eta Aragoiko Erresumen artean zenbait itun eta azpijoko prestatu zituzten Nafarroako Erresuma kontrolatzeko.

XII. mendean Leon eta Gaztelako erresuma eta Aragoiko koroak Nafarroako Erresuma banatzeko zenbait itun sinatu zituzten, muga Arga ibaian kokatuz.

Ingalaterrako erresumaren armarria.

Nafarroako Erresumako lurraldeen galera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiko Jaurerria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Bizkaiko historia

Bizkaiko Jaurerriak hasieran Nafarroako Erresumarekin eta gero Gaztelako Erresumarekin aliantzak mantendu zituen. Haroko Lope Enekok, 1076an Antso IV.a Nafarroakoa eraila izan ondoren, Haroko Jaurerria lortu zuen Durangotik mendebalderantz zituen lurraldeak Leon eta Gaztelako erregearen menpean jartzearen truke.

Geroago Diego Lopez I.a Harokoa bere semea berriro Nafarroa eta Aragoiko erregea zen Alfontso I.aren aliatu bihurtu zen.

1135ean, Lope Diaz I.a Harokoak, Alfontso I.a hil ondoren, Alfontso VI.a Gaztelakoaren basailu bihurtu zen, Errioxan eta Gasteizko setioan gaztelarren alde borrokatuz.[7]

Bureba eta Errioxa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1134 eta 1135 artean, leondar eta gaztelar tropek Bureba eta Errioxa okupatu zituzten. 1177ko Henrike II.a Ingalaterrakoaren laudoari esker behin betiko gaztelar bihurtu zen.

Durangaldea, Araba eta Gipuzkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1195. urteko bigarren partean, Nafarroa eta Leongo Erresumek islamiarrekin ituna sinatu zuten Gaztelako Erresumaren erasoak gelditzeko. Hilabete batzuk geroago, Zelestino III.a aita santuak Antso VII.ari aurpegiratu zion.[5]

Aulki Santuak Gaztela, Nafarroa eta Aragoi elkartzeko jukutria hasi eta, 1196ko otsailean edo martxoaren hasieran, hiru erregeek, Alfontso VIII.a Gaztelakoa, Alfontso II.a Aragoikoa eta Antso VII.a Nafarroakoa, elkarrekin jan eta hitz egin zuten. Bakoitza bere erresumaren barruan zegoen mahaiaren aldean eserita zegoenez, mahaiak “Hiru Erregeen Mahaia” izena hartu zuen.[5]

1197ko otsailaren 20an,[3] Aulki Santuak Antso VII.ari buruzko bulda argitaratu zuen. Bulda honetan “Dux Navarrae” titulua erabili zuen, hau da, erregea baino buruzagia. Beraz, Nafarroa erregerik gabeko erresuma zen. Bulda honen bitartez, Aita Santuak almohadeekin zuen ituna Jainkoari iraintzat hartu zuen. 1197an erregea eskumikatzeko epaia eman zuen. 1198an aita santua hil zenez, Inozentzio III.ak ordezkari bat bidali zion akusazioak egiaztatzeko. Nafarrak gaztelarrei aita santuaren babesa zituen zenbait gotorleku kendu eta almohadeekin ituna mantendu zituenez, laster argitaratu zuen epaia.

Hori zela eta, Aragoi eta Gaztelako erregeek Nafarroa inbaditu zuten. Antso VII.a eta Inozentzio III.ak adiskidetu egin zirenean, Aita Santuak anatema kendu eta Aragoiko erregeari bake ituna sinatuarazi zion. Gaztelak, ordea, erasotzeari ekin zion.

Alfontso VIII.a Gaztelakoa Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa eraso zituen.[5] Trebiñu eta Zadorran hasita, erresistentzia gogorra aurkitu zuen Trebiñu eta Zabalate gazteluetan. 1199ko uztailaren 5ean Gasteiz setiatu zuen. Laster bonbardaketari ekin bazion ere, defentsa gogorra egin zuten gasteiztarrek. Nafarroaren aldeko buruzagia Martin Txipia zen, hiria galdu bazuen ere erregearen ustea hamar urtez mantendu zuena. 7 hilabete geroago hiria elikagairik gabe geratu eta 1200ko urtarrilean amore eman zuen.

Bitartean gaztelarrek ia Araba osoa (Guardia, Labraza eta Bernedo izan ezik[5]) eta Gipuzkoa mendean hartu zituzten[8]. Gipuzkoak entregatzea negoziatu zuen[7] edo Pablo Gorosabelen esanetan 20 zaldunek okupatua[9]

Antso VII.ak ezin zuen almohadeen laguntza izan galdutakoa berreskuratzeko[3]. Hori zela eta, itzuli eta Gaztelarekin bakea sinatu zuen Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa okupatua zituenean[5].

Araba eta Gipuzkoa okupatu eta gero, gaztelarrek gaztelu guztiak suntsitu [5] eta berriak eraiki zituzten[10]. Pablo Gorosabelek, berriz, hori Henrike IV.a Gaztelakoaren erreinalditik Karlos I.a Espainiakoarenera egin zela dio.[11]

Arkeologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Naia Senper arkeologoa eta Iñaki Sagredo historialariaren gidaritzapean Eskoriatzako Aitzorrotz mendian 2009ko urrian eta 2010eko maiatzean bi kanpaina arkeologiko egin ziren. Kanpaina horien emaitzak 2010eko abenduak 16an ezagutzera eman ziren. Horien artean, XII. eta XIII. mendea bitarteko baleztei zegozkien gezi puntak agertu ziren, baita Antso VI.a Nafarroakoa, Alfontso VIII.a Gaztelakoa, Fernando III.a Gaztelakoa eta Henrike IV.a Gaztelakoaren txanponak ere, guztiak gaur egungo Aitzorrotzeko Gurutze Santuaren ermitaren ondoan.

Nafarroako Erresumako lurralde egonkortasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antso VII.a Indartsua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Antso VII.a Nafarroakoa

Hainbeste lur galdu ondoren, Antso VII.ak barneko antolakuntzari ekin zion. Mendebaldeko muga birpopulatzeko Guardiari (1201ean eta 1208an) eta Vianari (1219an) foruak eman zizkien. Gainera, Aragoiko muga babesteko Bardeetan gotorlekuak eraiki zituen[3]. Tregoa mantentzeko, 1207ko urrian Guadalajaran Gaztelako erregearekin eta 1209ko otsailean Monteagudon Petri II.a Aragoikoarekin elkarrizketan izan zituen. Aragoiari dirua prestatu eta trukean Escó, Peña, Petillako gazteluak eta 1212an Trasmozekoa okupatu zituen. Horrexegatik 1212an Navas de Tolosako guduan hartu zuen parte.

Guduan egindako balentriak eta diruari esker 1198 eta 1200 artean galdutako gazteluak berreskuratu zituen, tartean San Vicente de la Sonsierra edo Burgi. Horrela, Nafarroako Erresumak 12.000 kilometro koadroko azalera mantendu zuen Behe Erdi Aroan[3].

Bizitzaren azken urteetan Jaume I.a Aragoikoa gazteari hurbildu zen, Gaztelaren aurka elkarren defentsa bilatuz. Haroko Lope Diaz II.ak egindako erasoaren aurka 1231ko otsailaren 2an ituna sinatu eta Aragoiak beste gotorleku batzuk galdu zituen. 1234an Antso hil eta Jaume I.a Aragoikoak Escó, Gallur eta Trasmozeko gazteluak berreskuratu zituen, nahiz eta Petillakoa ezin[3].

Xanpaina leinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako buruzagiek Aragoiekin lotura nahi ez zutenez, Xanpainako kondeari koroa eman zioten. Tibalt I.ak Jaume I.a Aragoikoa eta Fernando III.a Gaztelakoa erregeekin harreman onak mantendu zituen. Ingalaterrako erregea, berriz, eraso zuen Gaskoniako nobleak laguntzeko. Guda ondoren, Nafarroako Erresumak Nafarroa Beherea mantendu zuen[12].

Tibalt II.ak ere Ingalaterra borrokatu zuen. Donibane Garazitik erregeak nafarroak Lurdaraino eraman zituen. 1266an tregoa sinatu eta 1269an berritu zuen[12].

Nabarreriako Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Nabarreriako Gerra

Henrike I.a 1274an hil eta gero, Blanka Artoisekoa Joana bere 18 hilabeteko alabaren erregeorde bihurtu eta Filipe III.a Frantziakoa bere lehengusuaren laguntza bilatu zuen. Biek Joanak bost urteko Filipe ezkonduko zuela adostu zuten. Bitartean, Filipe III.a Frantziakoa tutore bihurtu eta kapetar leinuak erresuma berria lortu zuen[13].

Leinuaren aldaketak Gaztela eta Aragoien antzinako nahiak berpiztu zituen. Jaume I.a Aragoikoak Nafarroako Gorteen gehiengoaren mesede bazuen ere, mendialdeko jauna zen Gartzia Almoravit, Iruñeko apezpikua, kanonigoak eta Nabarreria burguko biztanleak Alfontso X.a "Jakintsua"ren aldekoak ziren. Bitartean Gaztelako erregeak bere tropak Nafarroako mugaren ondoan kokatu, Mendabia hartu eta Viana zetiatu zuen.

Antso VII.aren garaietatik, Iruñea bere artean lehian ari ziren burgutan banatuta zegoen: Nabarreria eta San Miguel alde batetik eta San Zernin eta San Nikolas bestetik. Borrokak arruntak izanda ere, 1276ko udaberrian areagotu ziren. Gaztelarrek muga eraso eta gobernadoreak gotorleku guztiak behar zituenez burguen arteko bakea eskatu zuen. Nabarreriak, gaztelarren aliatua zena, borrokari ekin, San Zernin eta San Nikolas berriz gelditu ziren. Gobernadoreak dimitu eta Eustace de Beaumarchais gobernadore berriak makinak kendu zituenez, Nabarreriak beste burguak eraso zituen. Beuamarchaisek Filipe III.a Frantziakoaren laguntza eskatu eta Frantziako armada irailaren hasieran Iruñera heldu zen. 1276ko irailaren bukaeran, soldaduek Nabarrerian sartu eta guztiz txikitu zuten auzoa. Iruñeko Andra Maria Errealaren katedrala ere oldartu zuten, bertan gordeta zeuden auzoko asko erailtzen. Gaztelako armada, Nabarreria babesteko agindua zuena, Erreniegan geldiarazi zuten frantziarrek[14][7][13].

Nabarreria mendean hartu eta gero Nafarroa osoan gaztelarren aldekoen aurkako kanpaina zabaldu zen, bere lurrak kenduz eta jauregi eta dorreak suntsituz. Ezkaba mendiko gotorlekuan frantziarrak nafarrek urrunduak izan ziren. Gero nafarrek gaztelua utzi eta ura eta elikagaiak pozondu zituzten. Frantziarrek txakurrak hilik aurkitu zituztenez ez ziren pozonduak. Gotorlekua zeharo erraustu zuten.

Hortik Frantziako armadak Mendabiarantz jo zuen, oraindik gaztelarren eskuetan zegoela. Harresiaren ateak irekiak zeudenez, Beaumarchais eta tropak irten ziren, auzokoen segadan erori. Laster errenditu zen hiribildua. Era berean, gero Punicastro, Lizarra eta Garaño gaztelua erori ziren. Horrela Joana I.a Nafarroakoak erresuma gobernatu zuen Frantziaren babespean[14]. Gaztelarren aldeko buruzagia zen Gartzia Almoravit, Nafarreriatik ihes egitea lortu bazuen ere, atxilotu eta Tolosan hil zen[7].

Evreux leinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Nesle dorrearen gertaera

1328an Karlos I.a Nafarroakoa oinordekorik gabe hil zenean, Nafarroako buruzagiek Evreuxko Filipe eta Joana II.a Nafarroakoa hautatu zuten errege-erregin. Horrela, Nafarroako Erresuma Frantziako koroatik atera zen. Hala ere, errege-erregina Frantziako interesen menpean izanda ere, Nafarroako buruzagiek eskubideak eta Foruak hobetzea lortu zituzten[7].

Karlos II.a Nafarroakoa "Gaiztoa" 1349-1387, Nafarroako infantzoiena bezalako errepresioak hartzeaz gainera, Frantzia eta Gaztela eraso zituen. Normandiako bere lurraldetatik Ehun Urteko Gerran parte hartu zuen, Frantziako koroa lortzeko Ingalaterra aliatuz. Nahiz eta 1356an atxilotu zuten 1357an nafar eta normandiarrek askatua izan zen[7].

Gaztelako Erresuman, Petri I.a Gaztelakoa eta Henrike II.a Gaztelakoaren arteko gerra zibilean lehendabizikoaren alde parte hartu zuen. Garaipena lortuta Gaztelak Araba eta Gipuzkoa bueltatu behar zuen, baina Petrik gerra galdu eta hil zuenez ezinezkoa izan zen.[7]1368an, Nafarroak herrialdeak okupatu eta 1369an Henrikek garaipena lortu zuenean, Erresuma bien arteko egoera kolokan zegoen. 1373 Aulki Santuaren ordezkaria zen Guy de Boulognek Nafarroari itzularazi zizkion Arabako lurraldeak Fitero eta Tudejen mantenduz[13].

Erreginaldiaren azken urteetan, berriro Ingalaterrarekin bat egin zuen Frantziako koroa lortzeko. 1378an, bere semea, Karlos III.a izango zena, Karlos V.a Frantziakoa negoziatzeko enbaxada zuzentzen ari zela atxilotua izan zen. Frantziak Nafarroako Erresumako lurralde guztiak okupatu zituen Cherbourg izan ezik. Galdeketan Logroño hartzeko planak aurkitu eta Henrike II.a Gaztelakoari esan zioten. Honek Nafarroa inbaditu eta Brionesko ituna sinatuarazi zion Karlosi[13].

Karlos III.a Nafarroakoak (1387-1425) Henrike II.a Gaztelakoaren alaba zenLeonor Gaztelakoa ezkondu eta barneko arazoei ekin zizkion. Aitak hasitako Albania eta Greziako konkista (1376-1402) bukatu zuen. Bere sasikumeek beaumondar leinua sortu zuten, antzinako agramondar leinua borrokatuko zuena[7].

Nafarroako Gerra Zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Nafarroako Gerra Zibila

Karlos III.a hil zenean, Blanka bere alaba erregina bihurtu zen: Honek Joanes II.a Aragoikoa senarra eta Karlos, Blanka eta Leonor seme-alabak zituen. 1441ean hil zenean, Joanesek koroa usurpatu zuen. Hori zela eta 1451an agaramontar eta beaumondarren arteko Gerra Zibila hasi zen: lehendabizikoak Joanesen aldekoak zirenez hasieran Aragoiko Erresumaren laguntza eta gero Frantziarena lortu zuten eta baita ganbotarrena ere; beaumondarrek, aldiz, Karlosen aldekoak ziren eta Gaztelako Erresuma eta oinaztarren laguntza izan zuten. Garesen aita mendean hartzeko Karlosek gaztelarren laguntza izan eta Nafarroako Erresuma inbaditu eta gero, gerra hasi zen.[15]

Joanes II.a Aragoikoak bigarrenez Joana Enrikez ezkondu eta 1452an Fernando Katolikoa izan zuen semea.

1455ean Vianako Printzea atxilotu eta jarauntsirik gabe utzi zuten, Leonor arrebaren mesederako. 1458an Alfontso V.a Aragoikoa hil zenean, Joanes Aragoiko errege bihurtu zen. Karlos 1461ean hil zen, ziur asko birikeriak jota, baina Joana Enrikez amaordeak pozonduta izanaren zurrumurruek Katalunian matxinada sortu zuten. 1464an Blanka hil zen pozonduta.[7][16]

Bitartean Henrike IV.a Gaztelakoak 1460an Viana hiribildu hartu zuen. Bederatzi hilabetez borrokatu ondoren, Joanesek berreskuratu zuen. Baina Aragoiko Erresumari eman zion.

Joana Enrikez eta Leonor 1467ko ekainaren 20an Ejean elkarrizketa izan zuten. Bileran Nafarroako Erresuma mantentzeko Aragoiko Erresuma uko egin zuen Fernandoren alde. Honek 1461ean 10 urte zituela, Aragoiko Gorteek lehen semetzat ezagutu zuten[16]. 1469ko otsailaren 22an, berriz, Joanes II.ak Borgoinako dukearekin ituna sinatu eta bere semearentzat Aragoi eta Sizilia ez ezik Nafarroa ere aintzatetsi zituen.

1474an Fernando Katolikoak Elisabet I.a Gaztelakoa ezkondu zuenez, 1476an "Nafarroa, Gaztela, Leon, Portugal eta Siziliako erregea eta Aragoiko lehensemea" titulua eman zion bere buruari beaumondar eta agaramontarren artean arbitrajeak ematen ari zela. Arbitrajeak aprobetxatuz Nafarroan 900 soldadu gaztelarrak kokatu zituen, horietatik 150 Iruñean. 1478an Iruñeko gotorlekuaren buruzagi Leringo kondea zen Luis Beaumontekoa izan zen, beaumondarren buruzagia zena. Hau ez zen Leonorren gustukoa, baina alferrik.

1479ko urtarrilaren 19an Joanes hil eta Leonor erregina bihurtu zen baina hamabost egun baino ez zuen iraun. Fernando sasianaiarekin arazoak zituenez, Frantzisko Febus izendatu zuen errege berri. 1483an Frantzisko hil eta Katalina Foixkoa arreba izan zen erregina, 1484an Joanes Labritekoa ezkonduko zuena.

1488ko martxoan Nafarroako erregeek, Gaztelako Erresumak inposaturiko merkataritza-blokeoa saihesteko, errege-erregina katolikoekin Valentziako ituna sinatu zuten. Itun honen arabera, Katalina Foixkoaren eskubideak ez zen onartuak eta Gaztelako tropak mantendu behar ziren. 1495 eta 1500 artean Nafarroako Erresuma gaztelarrek de facto okupatua zen. Horrexegatik 1497an, Errege-erregina katolikoek Frantziako erregearekin adostu zuen Nafarroako Erresuma Napoliren truke hartzea.

1507an nafarrek Leringo kondea eta armada atzerritarra botatzea lortu zuten. Hau denon gustukoa izan zen, tartean beaumondar askorena. 1508an Leringo kondea erbestean hil zenez semea Luis Beaumontekoak aho betean erabaki zuen Gaztelako Erresuma lagundu Erresuma inbaditzeko.

Louis XII.ak, berriz, Bearno eta Foixko leinuaren lurraldeak bereganatu nahi zuen. Horrexegatik, 1510eko urtarrilean erregeak Nafarroako Gorteetan jarrera honen aurka ohartarazi eta otsailean bake ituna sinatu zuen Bearnorako.[16]

Gerran ez ezik izurrite-epidemiatan nafar asko hil ziren, bereziki 1504 eta 1507an izandakoetan. Honek etsaiei konkista erraztu zion[17]

1512ko gaztela-aragoar inbasioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mobilizazio militar eta diplomatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1512ko apirilean Ravenako guduan Nafarroako erregenahia zen Gaston Foixkoa oinordekorik gabe hil zen. Arreba Fernando Katolikoaren bigarren emaztea zen Germana Foixkoa zuenez, Fernandok Louis XII.a Frantziakoarekin negoziatu zituen emaztearen eskubideak. Frantzia behartzeko asmotan, Fernandok iparraldetik landsknecht alemaniarrei eraso eragin eta hegoaldetik, bere suhia zen Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren laguntzari esker, Guiana eta Baiona erasotzeko mehatxua egin zion[16]

Apirilean gaztelarrek inbasioa prestatu zuten, soldaduak errekrutatuz eta hornidurak prestatuz. Burgosen Fernando Katolikoa Petri Nafarroakoa eta beste nafar buruzagiekin batzartu zen. Bilera hartan, Gaztelako Erresumak Frantzia erasotzeko bidea izatea eskatu arren, nafarrek Italian borrokatzeko 100 lantzariak eskaini zituzten. Guda saihesteko asmotan, ekainaren bukaeran Petri Nafarroakoa mariskalak eta Erret-kontseiluaren presidentea zen Joanes Jatsukoak Fernando II.ari Nafarroatik Espainia erasotzera zihoazen armaden bidea gelditzearen Nafarroako Gorteen hitza eskaini zioten. Nafarroako gotorlekuen alkateak aukeratzekotan Gaztelaren baimena ere eskaini zioten.[16]

Baina maiatzaren bukaeran mugetan zeuden Sausen eta Zangozan borrokak izan ziren[16]

Era berean, Nafarroako erregea ekainean Bloisera joan zen Bearnorentzat 1510ean sinatutakoa bezalako ituna lortzera. Horrela Bloisko ituna sinatu zuten. Uztailaren 10ean eta ituna sinatu baino lehen, Gaztelako Erresumako armadak Goizueta inbaditu zuen. Uztailaren 12an Fernando II.ak Bloisko itun faltsua aurkeztu zuen, Gaztelako erasotzeko ituna zena. Uztailaren 17an Petri Nafarroakoak azken saiakera diplomatikoak egin zituen[16].

Fernando Katolikoak uztailean Aragoiko Gorteei eta Zaragoza hiriari inbasioa hasteko baimena eskatu zien. Erantzuteko irailera arte itxaron zutenez, jadanik Pastor Ille Caelestis bulda argitaratua eta inbasioa bukatuta zegoen. Hala ere Zaragozako artzapezpikua eta Fernando Katolikoaren semea zen Alonso Aragoikoak 3.000 oinezko eta 400 zaldun bidali zituen Nafarroako Erresumaren aurkako “guda santura”.

1512ko uztailaren 18an benetako Bloisko ituna sinatu zen, elkarrekiko laguntza militarra finkatzen zuena. Historialari batzuen arabera[18], ituna Katalina eta Joanesen akats politiko nabarmena izan zen, Louis XII - errege zismatiko bihurtuta[19] - de iure ez zituen eskubiderik eta, bide batez, ofizialki uztailaren 19an inbasioa hasteko aitzakia zelako[16].

Inbasioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelako Erresumako armada Gasteizen bildu zen. Buruzagi nagusia Albako dukea zen Fadrique Álvarez de Toledo zen eta kapitainen artean militar eskarmentudunak ziren Rengifo edo Villalba koronelak bezala. Guztira 2.500 zaldun, 12.000 oinezko, 1.500 lantzari eta 20 artilleria-piezak zituen. Gainera Zamorako apezpikua zen Antonio Acuñak 400 lagun zuzendu zituen, tartea iparraldeko Afrikatik etorritako Bejaiako tertzioak.[16]

Nahiz eta uztailaren 10 Goizueta hartu zutenean inbasioa hasita zen, armadaren gehiengoa uztailaren 19an Burunda eta Lekunberritik irten ziren. Beraiekin batera Leringo kondea eta Nafarroako kondestablea zen Luis Beaumontekoaren tropak eta bere koinata zen Naiarako dukeak zuzendutako 700 erret-korazariak irten ziren. Arazo handirik izan gabe, uztailaren 22an Uharte Arakilen igaro zuten gaua eta egun bi geroago Iruñetik gertu dagoen Aratzurin zeuden. Bidean beaumondar noble batzuek, eta baita zenbait agramondar ere[18], laguntza eskaini zieten. Kontra egitea ezinezkoa zenez, Katalina eta Joanes erregeek, buruzagi nagusiekin batera, Bearnora ihes egin zuten[16].

Iruñeak - garai hartan geroago izango zen gotorlekua ez zena, eraikinek beraiek harresia osatzen zutelako - ia ez zuen artilleriarik eta 6.000 eta 10.000 arteko biztanle zituen. Armada gaztelarra, ondo hornituriko 15.000 lagunek osatua, uztailaren 24an Takoneran kanpatu eta uztailaren 25ean errendizioa sinatu zuen[16].

Hiriburua lortuta, Albako dukeak ordezkariak bidali zituen Irunberri, Zangoza, Donibane Garazi, Amaiur, Lizarra, Tafalla, Tutera, Erronkari eta Aezkoara errenditzeko eskatuz. Gehienek amore eman bazuen ere, lizarratarrek, tuterarrek, amaiurtarrek eta garazitarrek ez.

Uztailaren 29an errenditzeko aurrehitzarmena lortu zuten: Fernando II.ak bere maniobra guztiak Nafarroan gelditu zituen Henrike Labritekoa bere Gortean hezia izan zedila ematearen truke. Fernando Katolikoak abuztuaren 4an sinatu arren, nafar erregeek ez zuten sinatu.

Hiriak banan banan errenditu ziren, Fernando II.ak bere foru eta eskubideak errespetatzea zin egin zituen heinean: Zangoza abuztuaren 11an, Irunberri abuztuaren 16an eta Kaseda abuztuaren 24an.

Iruñea okupatu eta gero, Tutera erasotzeari ekin zioten gaztelarrek. Fernando berak abuztuaren 12an Logroñora joan zen Tutera eta Lizarraren aurkako maniobrak zuzentzeko. Gaztelarrek Tutera setiatu eta Zaragozako artzapezpikua eta Fernando Katolikoaren semea zen Alonso Aragoikoaren tropen laguntzarekin irailaren 9an errenditu zen. Urriaren 4an Fernandok foruak eta eskubideak zin egin zituen.

Abuztuaren azken astean, Albako dukeak Pirinioak zeharkatzeko armada prestatu zuen. Abangoardiak, Cristóbal Villalba koronelak zuzenduta, 300 zaldun, 2.900 oinezko, zenbait artilleria-pieza eta 500 artillari zituen. Gauez eta ustekabez agertu ziren Orreagan kolejiata hartuz eta Auritz erretzen. Irailaren 2 eta 3an hantxe kanpatu ziren. Irailaren hasieran Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari hartu zituzten. Aldi berean Carlos Pomarrekoak zuzendutako aragoiarrek Burgiko gaztelua hartu zuten. Pirinioak zeharkatu eta gero zenbait gaztelu ere hartu zituzten, nafarrekin borroka txiki batzuk izaten. Irailaren 10ean Donibane Garazi eta inguruko eskualdea okupatu zuten. Nafarroa Beherea okupatu eta gero, bertoko herriak arpilatu eta erre zituzten, tartean Ainhize, Garrüze edo Uhartehiri.

Ortheze, Nafarroako erregeen aterpea.

Nafarroako erregeak Orthezera joan ziren babes bila, Salbaterra Bearnon kuartel aurreratua mantenduz. Fernando II.ak Antonio Acuñak zuzendutako enbaxada bidali zuen uztailaren 29ko errenditzeko aurrehitzarmenaren baldintzak finkatzeko. Nafarrek ordezkaria atxilotu eta espioitzat hartu zuten, gaztelarren haserrerako.

Irailaren erdialdera Behe Nafarroan 6.600 oinezko, 1.600 zaldun eta 1.200 soldadu gaztelarrak zeuden. Tropak eskualdeko beaumondarren buruzagia zen Luxaren gizonek erasotuak ziren. Hornidurarik ez zutenez eta soldata ordaindu ez ziotelako, irailaren 24an Valdés kapitainak zuzendutako tertzio gaztelarren mila soldaduak altxatu ziren. Menderatuak izan ondoren Burgiko gaztelura bidaliak ziren.

Lehendabiziko nafar kontraerasoa (1512)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italian Liga Santako armadek frantziarrak bota eta Frantzia bere muga guztietan mehatxatua zen.Horrexegatik Louis XII.ak Espainia erasotzea Nafarroako erregeari erresuma berreskuratzen lagunduz erabaki zuen.

Nafarroa konkistatu zutenen gobernuaren 1514ko dokumentua. Bertan, erronkariar batzuei heriotza-zigorra ezartzen zaie, traizioa leporatuta.

Urriaren erdialdean hasi zen erasoa. Armada hiru zatitan banatu zen: lehenengoa Gipuzkoa aldera joan zen, bigarrena Nafarroa Beherera eta hirugarrena Erronkariko ibarrarantz:

Barnealdeko hiri asko, tartean Lizarra, San Martin Unx, Cábrega, Murillo el Fruto edo Tafalla, altxatu ziren baina iparraldetik zetorren armadaren laguntza izan baino lehen menderatuak izan ziren. Lizarra, adibidez, urriaren hasieran altxatu, Fernando II.ak Tutera hartzen ari zenean, eta urriaren 29an errenditu zen, Monjardingo gaztelua galdu zenean.

Urriaren 24n Albako dukea Iruñera heldu zen Nafarroa Beheretik. Laster hasi zen hiriaren defentsa prestatuz. Nafarroako armada - 20.000 soldaduek osatua: 10.000 nafarrek, gaskoiek, albaniarrek eta landsknecht alemaniarrek - irailaren 3an heldu zen. Borroka txiki batzuk izan ondoren, azaroaren 24an Tiebasko gaqztelua hartu zuen. Azaroaren 29an azken saiakera bat egin zuen, baina, negua gertu zegoenez, Baztanerantz atzera-egitea hasi zuen.

Iruñeko setioaren porrota eta gero, Gipuzkoan zegoen zutabea ere erretiratu zen, okupatutako zenbait herri errez.

Iruñetik alde egin zuten soldaduak Petri Lopez Padilla gaztelarrak eta Karlos Gongora beaumondarrak erasoak izan ziren gaskoi eta biarnotar batzuk harrapatuz. Iruñera eraman zituen batzuk bere banderekin batera. Albako dukeak Hondarribiko alkaidea zen Diego Lopez Aiarakoari eskatu zion nafar-gaskoien atzealdea erasotzea. Belaten alemaniar landsknechtak harrapatu eta oinaztar gipuzkoarrek gudu honetan 10 edo 12 kanoi lortu zituzten.

Gaztelako Erresumako armadak Baztanerantz ere jo zuen. Borroka batzuk izan ondoren, Frantses Beaumontekoak zuzendutako gaztelarrek Amaiurko gaztelua eta harekin batera ibar osoa hartu zuten[16].

Okupazioaren bermatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1512ko abenduaren 17an Comaresko markesa zen Diego Fernández de Córdoba lehendabiziko erregeorde eta Nafarroako kapitain jeneral bihurtu zen. Era berean, fideltasuna saritzeko izendapen berriak egin zituen erregeak. 1513ko maiatzean Leringo kondea zen Luis Beaumontekoa Nafarroako kantzelari eta Erret-Kontseiluaren presidente bihurtu zen.

Nafarroako erregeen jauregia, erregeordeen egoitza izango zena. Egun "Nafarroako Artxibo Orokorra" da, Rafael Moneo arkitektoak egindako zaharberritzea dela medio.

1513ko martxoan bildu ziren Nafarroako Gorteetan erregeordeek agintari berriak errespetatuz gero barkamen orokorra eta Fernando II.aren izenean foruak zin egitea eskaini zuen. Bilera honetara agramondar noble gehienak eta abade batzuk ez ziren agertu.

Julio II.a aita santuak, hil baino lehen, "Exigit Contumacium" bulda eman eta Nafarroako erregeak eskumikatu zituen, Fernando II.aren inbasioa bidezkotuz. Leon X.ak, Fernando II.aren presioak bultzatuta, bulda berretsi zuen 1514 eta 1515ean nafarrek egindako maniobra diplomatikoek fruitu eman gabe. 1513ko apirilaren 1ean Fernando Katolikoak eta Louis XII.ak Urtubiako bakea sinatu zuenean isolamendua areagotu egin zen. Itun honi esker, Gaztelako Erresumak Foix eta Bearno konderriak izateko uziak utzi eta Frantziak Espainiak Napoli izatea onartu eta nafar erregeei laguntza kentzea adostu zuten. 1514an Orleansen beste itun bat sinatu zuten bakea berresteko. Itunaren eraginkortasuna Henrike VIII.a Ingalaterrakoak gaztelarrekin akordioak hautsi eta Nafarroara 10.000 arkulari bidali nahi zuenean azaldu zen. Frantziako erregeak laguntza ukatu eta gaztelarrek Nafarroan finkatu ziren.

Gaztelarrek eskas kontrolatu zuten Nafarroa Beherea. Bertokoekin, tartean Leringo kondearen lehengusua zen Luxako jaun beaumondarrrarekin, negoziazioak abian jarri zituzten. 1514ko abuztuaren 20an bertoko nobleek Fernando II.ari fideltasuna zin egin zioten eskubideei eutsi eta Joanes Labritekoari ez erasotzearen truke.

Fernando II.a Aragoikoa eta V.a Gaztelakoaren armarria.

Puntu estrategikoetan defentsa sendotu zuten iparraldetik etorritako erasoak uxatzeko. Iruñean, Santiago izeneko gaztelua, gotorleku berria eraiki ez ezik beste lekuetan galtzaileen eskuetan zeuden gotorlekuak bota ere egin zituzten, altxamenduak saihesteko. Galtzaileen jazarpena sistematikoa zen, aldiz, okupazioaren aldekoak sarituak izan ziren. Gehienetan, Joanes III.a Nafarroakoaren garaietan nafar administrazioaren goi-karguak zirenak eta Fernando Katolikoari fideltasuna zin egin ziotenek postua mantendu zutela esan daiteke.

1512ko irailean Inkisizioa Nafarroan ezarri zen, 1513ko abendutik aurrera Iruñean Zaragozako jurisdikziopean zegoen epaitegia kokatuz. Nafarroako Gorteen kezkak zirela eta, Tuterara mugitu zuten.

Hasieran, Fernando II.ak konkista Aragoiko erresumari esleitu zion. Hala ere, Aragoik laguntza txikia eman eta Gaztelak, aldiz, handia, azkenean Gaztelako erresumari esleitu zion. Egoera legeztatzeko Albako dukeak 1515eko ekainaren 11n Burgosen bildutako Gaztelako Gorteetan berria eman zuen. Bilera honetan nafarrek ez zuten parte hartu, ez zegoen nafar ordezkaririk ezta nafar testigurik ere. Fernando Katolikoak hilabete bat geroago berronetsi zuen.

1515eko hasieran Luis XII.a hil ondoren, Frantzisko I.a errege berri bihurtu zen. Honek, bere interes estrategikoak zirela eta, Nafarroako erregeen alde egin zuen, isolamendua hautsiz[16].

Bigarren nafar kontraerasoa (1516)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1516ko urtarrilean Fernando Katolikoa hil eta oinordekotza korapilatsua zenez, Cisneros kardinalak bere botera finkatu zuen espioitza-sarea eta armadaren ugaltzearen bitartez. Nafarroako Erresuma berreskuratzeko erasotzat jakituna zenez, beste 6.000 soldadu berriak eraman zituen Nafarroara, bereziki Donibane Garaziko goarnizioa armaz eta elikagaiez hornituz. Garai hartan, espainiarrek nafar askoen fideltasunaz mesfidatu zuten. Hain ziren susmaberak non Leringo kondearen atxiloketa ere erabaki baitzuten. Honek ihes egin eta geroago (1516ko maiatzean) itzuliko zen Karlos I.ari fideltasuna zin eginez.

Frantziako erregea Italiako gudetan murgilduta zegoenez, herrialde bien arteko aliantza ez zen martxan. Petri Nafarroakoa mariskalak Nafarroako Erresuma armaz berreskuratzeko agindua hartu zuen. Martxoaren hasieran armada hiru zutabetan banatu zuten:

Mariskala hurbildu ahala, zenbait hiribildu altxatu ziren, tartean Zangoza, Erriberri eta Martzilla. Tamalez, laster menderatuak ziren.

Gaztelako Erresumako armadak Donibane Garazitik, goarnizio txiki bat utzita, Orreagaraino atzera egin zuen. Era berean Villalbak hegoaldetik Orreagarantz jo zuen. Pasabidea segurtatu eta gero, Villalba koronelak Erronkariko ibarrara joan zen Petri Nafarroakoaren bila. Bigarren zutabea porrot egin eta beharrezkoak zituzten bizigaiak eman ez eta hotzaren hotzez hildako ugari izan zituzten. Horrexegatik, armada biak topatu zirenean, errenditzeko negoziaketak hasi ziren. Petri Nafarroakoa atxilotu zuten eta Simancasko gazteluan hil zen 1522an.

Bigarren bermatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geroko arazoak saihesteko asmotan, Gaztelako erregeordea zen Cisnerosek gaztelu guztiak eraistea agindu zuen, tartean aliatu beaumondarrenak ere eta beaumondarren batzuk eta estrategikoak izan ezik[20]. Hasteko Zangozakoa bota zuten lehendabizikoa, altxamendua zela eta. Bestetik, Pirinioetako gotorlekuak eta Iruñeko ingurukoak berreraiki zituen. Susmagarriak zigortzea eta nafar asko Andaluziara erbesteratzea proposatu zuen. Azkenean ez zuen burutu, baina Erriberako musulman nafar batzuk 1516ko maiatzean egotziak izan ziren.

Donibane Garaziko 1510ean eraikitako etxea.

Joanes Labritekoa 1516ko ekainaren 17an eta Katalina Foixkoa 1517ko otsailaren 12an hil zirenez, Henrike II.a Nafarroakoa "Zangozakoa" errege bihurtu zen.

1516ko maiatzean Naiarako dukea eta Leringo kondearen koinatua zen Antonio Manrique de Lara erregeorde berri izendatu eta beaumondarren buruzagia erbestetik itzuli zen.

Bitartean Frantzisko I.a eta Karlos I.a erregeak Noyonen 1516ko abuztuan itun berria sinatu zuten, Napoliko auzia konpontzeko eta Nafarroakoa ahazteko. Ituna ez zen bete baina urrian Parisko Legebiltzarrak nafar erregeen Frantziako koroarekiko independentzia politikoa aldarrikatu zuen.

1519ko maiatzean Nafarroa eta Napoliko auziak konpontzeko beste saiakera bat egin zuten Montpellierren Espainia eta Frantziako inperioek.

Nafarroa Beherean okupazioa ezegonkorra zen oso, Donibane Garaziko Mendiguren gaztelua, adibidez, "Gaztelako etxeak hogei aldiz baino gehiago hartua zen eta gero Frantziakoak hartua".

1520ko maiatzean Gaztelako komuneroen gerra hasi zenez, Nafarroako erregeordeak presaka 2.000 soldadu errekrutatu zituen, altxamenduak saihesteko. 1521eko apirilean Nafarroako armada erabili zuten Aguraingo kondearen aurka Agurain eta Gasteiz setiatzeko. Honek zaldun eta artilleriaren murrizketa suposatu zuen Nafarroaan.

Hirugarren nafar kontraerasoa (1521)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: San Martzialeko gudua (1522), Hondarribiko setioa, eta Amaiurko gazteluaren setioa
Karlos I.a Espainiakoaren armarri inperiala.

1521ean, Karlos I.a Espainiakoa eta Frantzisko I.a Frantziakoa lehian ari ziren Karlosek jarauntsitako Inperioa lortzeko. Espainia hasiberriak bere inperio Europa eta Amerikatik zabaltzen ari zenean, Frantzisko I.ak espainiarrek zeukaten Napoliko Erresuma eta Karlos I.ak frantziarrek zeuzkaten Milanerria eta Borgoina nahi zituzten. Frantziako gudaroste irregularrek Luxenburgo eraso zutenean, herrialde bien arteko guda hasi zen. Laster guda Flandriarantz mugitu zen eta Karlosek Ingalaterra eta Aita Santuen Lurraldea aliatu zituen Frantziaren aurka. Frantzisko I.ak, Gaztela erraustu zuen komuneroen gerra eta Valentziako Germaniesen altxamendua aprobetxatuz, Asparrotseko jauna zen Andre Foixkoa bidali zuen Henrike II.a Nafarroakoari erresuma berreskuratzen laguntzeko. [21].

Historialari batzuen ustez, Nafarroako Erresuma eraso zuen armadaren zuzendaritza izenez Henrike II.a Nafarroakoak bazuen ere, berez Andre Foixkoak zuzenduta zegoen. Era berean, frantziarrek hornitu eta finantzatu zituzten maniobrak, gero erantzukizuna ukatu bazuten[22].

Egoera honetan, 1521eko maiatzean, Nafarroa osoan altxamendu orokorra hasi zen, barnetik prestatutako altxamendua ere. Horrela Iruñea, Lizarra, Tafalla edo Tutera bezalako hiri nagusiak ez ezik beaumondarren eskuetan izandakoak ere altxatu egin ziren. Era berean Asparrots jeneralak zuzendutako armadak, 12.000 nafar-gaskoi oinezkoek osatua eta artilleria astuna zuena, maiatzaren 15ean Donibane Garazi hartu zuen eta gero Orreaga eta Auritz.

Naiarako dukea eta Nafarroako erregeordea zen Antonio Manrique de Larak maiatzaren 17an Alfarorantz jo eta bidean lapurtua izan zen. Iruñean gelditzen ziren soldadu gaztelarrak gazteluratu ziren. Gudu honetan Gipuzkoako oinaztarren kapitaina zen Inazio Loiolakoa zauritu zuten sei ordu iraun zuen bonbardaketan. Erasotzaileen artean, berriz, Frantzisko Xabierkoaren anaiak ziren Miel eta Joanes zeuden, gudua eta gero hiria babestuko zutenak[23].

Erresuma berreskuratzeko guda ez zen latza izan: Zengarren mendian 1.000 oinaztarren aurkako gatazkan 17 hildako izan ziren; Esan beste lau ihes egiten ari ziren tropak aurkitu zutenean eta Iruñean zaurituak baino ez. Gero, ez zituzten beaumondarren aurkako mendekuak egin.

Noaingo gudua gogorarazteko oroigarria.

Hiriburua hartu ondoren, Andre Foixkoak zuzendutako armadak - biarnotar, lapurtar, frantziar eta nafarrek osatua- Erresuma zeharkatu eta Logroño eraso zuen. Bidean Los Arcos setiatu eta arpilatu zuten, Karlos I.ari fideltasuna mantendu zuena[24]. Ekainaren 5ean Logroñoko harresiak bonbardatzeari ekin bazion ere, 11an setioa utzi eta Iruñerantz atzera egin behar zuen, armada inperiala berrantolatu zelako.

1893an Boissonnade historialariak armada inperialak Nafarroa berrinbaditzeko 30.000 soldadu errekrutatu zituela kalkulatu zuen. Errekrutatzea honela banandu daiteke:

Askotan, Gaztelako komuneroen gerraren galtzaileak errekrutatuak izan ziren.[16]

Armada gaztelarrak laster lotu zion nafar-gaskoien armada erasotzeari. Lehendabiziko borrokak Garesen gertatu eta emaitza nafarren alde izan zen, izan ere, armada inperialak 300 laguneko eskuadroi osoa galdu zuen. Azkenean, ekainaren 30ean Iruñetik geru armada biek buru egin zuten. Noaingo gudua izeneko bataila odoltsuan 5.000 soldadu hil eta Nafarroako armada galdu zuen[25]. Bost egun geroago, Gaztelako gobernadoreek Iruñeko errendizioa adostu eta hirian sartu ziren. Asparrots jeneralaren askatasuna ere adostu zuten. Uztailaren bukaeran Donibane Garazi ere galdu zen.

Berriro zutik zirauten gazteluak lurrera bota zituzten, Iruñekoa, Lizarrakoa eta Gareskoa mantenduz. Galtzaileek konfiskazioak, heriotza-zigorrak eta erbesteratzeak pairatu zituzten.

1521eko abuztuan Mirandako kondea zen Francisco Zuñiga Abellaneda erregeorde berri izendatu zuten.

Noainen galdu eta hiru hilabete geroago, Henrike II.a Nafarroakoaren jarraitzaileek, irailean, Amaiurko gaztelua eta, urrian, Hondarribia hartu eta Baztan-Bidasoa ibarrak kontrolpean mantendu zituzten.

1522ko martxoan espainiarrek Orreaga eta Ituren eta Zubietako Ekaitza mendian dagoen Orzorrotzeko gaztelua hartu zituzten.

1522ko maiatzaren 10an enperadoreak barkamen orokorra eman zuen, 400 lagunei izan ezik.

Ekainaren 17an, denek eroriak zituzten gudu batean, gaztelarrek Doneztebe hartu eta erre zuten. Horrela Baztan-Bidasoako lerro defentsiboa apurtu zuten. Ekainaren 28an armada inperialak hutsik zegoen Behobiako gaztelua hartu zuen. Egun bi geroago inguru hartan Aldabe mendiaren guda gertatu zen.

Uztailean 10.000 lagunek Amaiurko gaztelua setiatu eta 1522ko uztailaren 22an bertan zeuden 200 nafarrek amore eman zuten.

1523ko urrian Karlos I.a bera Iruñera joan zen Hondarribian eta Nafarroa Beherean zegoen Nafarroako erresistentziaren aurkako kanpaina prestatzeko. Abenduan beste barkamen orokorra eman zuen, nafar familien 152 ordezkariak alde batera uzten.

Nafarroa eta Gipuzkoan 27.000 laguneko armada prestatu zuen. Armada hiru zutabetan banatuta zegoen: hurrenez hurren Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Bearno erasotzeko. Kanpaina 24 egun zirauen. Ezin zuten Baiona hartu ezta Tolosara ailegatu ere. Gainera, desertzioak eta gaitzak zirela eta, lauren bat galdu zuten. Kanpaina honetan Oloroe, Nabarrengose, Garrüze, Sordes, Hastinga, Maule, Salbaterra eta Bidaxune erasoak izan ziren.

Nafarroako armarria, konkista eta gero erabilia.

Espedizioa eta gero otsailean berrantolatuak, berriro Hondarribiko setioari lotu zioten. Otsailaren 2an bonbardaketa hasi zen. Negoziazioak martxan ari zirela, otsailaren 27an, frantziarrek gaztelua utzi eta nafarrak gelditu ziren. Otsailaren 29an nafarrei barkamena eskatu zieten errenditzearen truke. Azkenean 1524ko apirilean errenditu zuten gaztelua, hartu eta urte bi eta erdi geroago.

Barkamena eta gero Nafarroako Erresumako administrazioa espainiaratu egin zen.

Bitartean, frantziarrek Milanon galdu eta eskualdea utzi egin behar zuten. Frantzia alde guztietatik jazarria bazen ere, Paristik gertu ingelesak, Borgoinan alemaniarrak eta Baionan espainiarrak geldiaraztea lortu zuen. Karlos I.a Espainiakoaren armadak Proventzan sartu eta Marseille setiatu zuen. Frantzisko I.a Frantziakoa kontraerasotzeko gai ere izan zen, baina Paviako guduan galdu eta, Henrike II.a Nafarroakoarekin batera, espainiarrek atxilotua izan zen[21].

1525eko otsailaren 24an izandako bataila honen ostean, Frantzisko I.ak 1526ko urtarrilean Madrilgo ituna sinatu zuen. Itun honen zazpigarren artikuluan berriro ez ziola Nafarroako erregeari Nafarroako Erresuma berreskuratzen lagunduko adostu zuten. Henrike II.a Nafarroakoak 1527an ihes egin zuen presondegitik.

Geroko bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroa Beherea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1521eko irailetik aurrera, Donibane Garaziko Mendiguren gaztelua Henrike II.anen jarraitzaileen eskuetan zegoen. 1525ean gaztelarrek berriro okupatu bazuten ere, laster galdu zuten eskualdearen kontrola. 1527ko irailean Hernando Sandovalek zuzendutako espedizio batek kontrola berreskuratu eta inguruko herriei Karlos I.a enperadoreari fideltasuna eta obedientzia eskatu zien.

1528ko uztailean Karlos I.ak herrialdea galdutzat eman eta Henrike II.ak berreskuratu zuen. Lurralde hauetan Nafarroako Erresumak bere independentzia mantendu zuen,

1589an Henrike III.a Nafarroakoa Henrike IV.a Frantziakoa bihurtu zen "Paris vaut bien une messe" (euskaraz: "Paris baietz meza bat balio") esanez.

1620ko urriaren 20n Luis XIII.a Frantziakoak, edo Luis II.a Nafarroakoak, "Frantziari Nafarroa eta Bearnoren batze agiria" plazaratu eta erresuma biak lotu zituen. Geroztik Frantziako erregeak Frantzia eta Nafarroako erregeak izango ziren. Inoiz bere aitaren jaioterrian izandako errege honen erabakia ez zen nafarren gustukoa, behin betiko bere eskubideak eta ohiturak galdu eta Frantziako eskualde bat bihurtu zelako.[26]

1789ko Frantziako iraultza eta gero, erresuma desagertu zen.

Nafarroa Garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joseph Bonapartek Karlos I.aren armarrian izandako Nafarroako kateak berreskuratu zituen, beste erregeek erabiliak ez izanak.

Hondarribia mendean hartu ondoren, amnistia luzea dekretatu zuen Espainiako erregeak eta ihesitako galtzaile asko itzuli eta bere ondareak berreskuratu zituzten. Ipar Euskal Herriarekin merkataritza debekatu eta mugetan kontrolgune zorrotzak ezarri zituzten pertsona zein salgaietarako.

Antzinako Nafarroako sistema administratibo, judizial eta legegilearen ordez sistema feudala ezarri zuten. Hala eta guztiz ere, Karlos I.a Espainiakoak bere testamentuan zalantzak azaldu zituen Nafarroan egindakoa ondo zegoenentz[27]

Iruñea gotorleku bihurtu zen, harresiak berreraiki eta bi aldeak kontrolatuta nahikoa zen hiri osoa kontrolatzeko eraikitako zitadela egin zuten. Espainiak 1889ra arte ez zituen zitadelako bastoi bi bota Iruñeko Lehen Zabalgunea eraikitzeko. Era berean 1920 arte ez zuten harresiak bota Bigarren Zabalgunea egiteko. Ordurako Lehenengo Mundu Gerran erabilitako teknologiak zaharkitua zuen Aro modernoko harresiak.

Nafarroako Erresuma izena 1841era arte mantendu zuen, hau da, Lege Hitzartua promulgatua izan zen arte. Erresuma izenarekin batera Nafarroako erregeordeak ere desagertu ziren. Historian erregeorde nafar bat baino ez zen izan: Francisco Espoz Mina 1834an.

Mendeurrena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007ko martxoan Nafarroako Gobernuak Navas de Tolosako guduaren zortzigarren mendeurrena eta Albako dukearen tropen konkistaren bosgarren mendeurrena oroitzapena egiteko batzordea sortu zuen[28]. Batzorde Antolatzaile hau Miguel Sanz presidenteak, César Antonio Molina Espainiako kultura ministro ohiak, Iruñea eta Donapaleuko alkateek, Iruñeko artzapezpikuak eta beste kideek osatuta dago.

2008ko apirilaren 5ean Nestor Basterretxea artistak, Pablo Antoñana idazleak, Tasio Agerre Nabarralde erakundeko presidenteak eta beste hainbat nafar intelektual eta pertsona ospetsuek "1512-2012 Nafarroaren konkista" agiria sinatu zuten nafar gehienek orain bost mende gertatua ezagun dezatela[29]. Nafarroa Bizirik! ekimenak hainbat ekitaldi ere antolatu ditu historiografia ofizialak gertatutakoa urtu ez dezan. 2010ean Nabarralde erakundeak "Euskal Herriko Historialarien I. Biltzarra" antolatu zuen Vianan non "Historiografia ofizialak «ezkutatu duen errealitateaz» eztabaida piztea" zuen helburua[30]

2012ko apirilaren 8an Aberri Eguna ospatu zen Iruñean, Nafarroako Konkistaren 500 urteurrena zela eta. Independentistak sareak antolatutako ekitaldian Nafarroako Konkistaren eta Gernikako bonbardaketaren hainbat datu historiko gogoratu ziren eta independentzia aldarrikatu zen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Antonio Ubieto Arteta: "Estudios en torno a la división del Reino por Sancho el Mayor de Navarra", Vianako Printze Erakundea, 21. Liburukia.
  2. Iñaki Sagredoren blog:"Algún apunte sobre una conquista poco conocida"
  3. a b c d e f g h i Elizari
  4. José Ángel Lema Pueyok argitaratutako laudoa
  5. a b c d e f g Urzainki
  6. a b José Luis Orellaren liburua
  7. a b c d e f g h i j Serrano Izko
  8. Iñaki Sagredoren blog:"Historia manipulada"
  9. "Noticia de las Cosas Memorables de Guipúzcoa"
  10. Sagredo
  11. "Noticia de las Cosas Memorables de Guipúzcoa"
  12. a b García Arancon
  13. a b c d Herreros Lopetegi
  14. a b Jimeno Jurio
  15. Eloisa Ramírez
  16. a b c d e f g h i j k l m n Pedro Esarte
  17.   Monteano, Peio Joseba (2000), La población navarra a comienzos del siglo: el Recuento de casas de 1514, 61, Vianako Printze erakundea, ISSN 0032-8472, http://dialnet.unirioja.es/servlet/extaut?codigo=15807 .
  18. a b (Bazán 2006:232)
  19. Julio II.ak V. Laterango Kontzilioan
  20. Iñaki Sagredoren blog:"Sin castillos en Nafarroa «no ai ombre que alçe la cabeza»"
  21. a b Juan Ortega y Rubio: "Compendio de Historia de España" Valladolid, 1893
  22. Blockmans, "Emperor Charles V", 51–52. orr; Hackett, "Francis the First", 226. orr
  23. Arturo Kanpion: "La familia de S. Francisco de Xabier"
  24. Los Arcoseko udalaren webgunea
  25. Jon Urruxulegi: "La batalla de Noain" Gara egunkarian
  26. Alfredo Floristán
  27. Karlos I.aren testamentuak honela zioen: "en lo que toca al reyno de Navarra, haya de mirar y con diligencia examinar y averiguar sinceramente, si de justicia y razón seré obligado a restituir el dicho reyno o en otra manera satisfacer o compensar a persona alguna. Y lo que fuese hallado, determinado y declarado por justicia, se cumpla por efecto, por manera que mi ánima y conciencia sea descargada."
  28.   Nafarroako Gobernua, Sanz presidentea eta Molina ministroa 2012 Batzorde Antolatzailea eratzeko bileraren buru izan dira, http://www.navarra.es/home_eu/Actualidad/Sala+de+prensa/Noticias/2009/01/12/120109cu92.htm .
  29.   Basterretxea, Nestor; Antoñana, Pablo; Agerre, Tasio (2008-05-28), «1512-2012 Nafarroaren konkista», Berria, http://paperekoa.berria.info/iritzia/2008-05-28/005/007/1512_2012_nafarroaren_konkista.htm .
  30.   Astiz, Iñigo (2010-09-08), «Konkistaren egien bila», Berria, http://paperekoa.berria.info/plaza/2010-09-08/034/001/konkistaren_egien_bila.htm .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urzainki Mina, Tomás; Olaizola Igiñiz, Juan Maria (1998), La Navarra marítima, Ensayo y testimonio (1. argitaraldia), Iruñea: Pamiela, ISBN 9788476812938, http://tomasurzainqui.eu/index.php?option=com_content&view=article&id=87%3Ala-navarra-maritima&catid=24%3Ahistoria&Itemid=205&lang=es .