Hugo Banzer

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hugo Banzer Suárezen erretratua.

Hugo Banzer Suárez (Santa Cruz, Bolivia, 1926ko maiatzaren 10a - Santa Cruz de la Sierra, Santa Cruz, Bolivia, 2002ko maiatzaren 5a) boliviar politikari eta militarra izan zen. Boliviako Errepublikako lehendakaria izan zen 1971-1978 eta 1997-2001 bitarteetan.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntza- eta Kultura-ministroa izan zen 1964-1966 urteetan, René Barrientos jeneralaren diktaduraren garaian. 1969an Ovando lehendakariak armadaren Akademia Militarreko zuzendari izendatu zuen. 1971ko urtarrilean, bere agindupeko kadeteen buru zela, indarrez hartu zuen armadaren Estatu Nagusia, eta Juan José Torres jeneralak kargutik kendu zuen, erregimenaren kontra konspiratzea leporaturik. Hilabete batzuk Argentinan erbesteraturik egon ondoren, Boliviara itzuli zen eta 1971ko abuztuan estatu-kolpea eman zuen Torres jeneralaren gobernu populistaren kontra, MNR (Mugimendu Nazionalista Iraultzailea) eta FSB (Boliviako Falange Sozialista) lagun zituela, eta beretzat hartu zuten lehendakari-kargua. 1975ean legez kanpo utzi zituen alderdi politikoak eta erakunde sindikalak.

1979an ADN alderdi eskuindarra sortu zuen (Ekinbide Demokratiko Nazionala), eta urte horretan bertan hirugarren tokia lortu zuen lehendakaritzarako hauteskundeetan. Handik gutxira, epaitu egin zuten konstituzioaren funtsezko arauak eta gizabanakoaren oinarrizko eskubide eta askatasunak urratzeagatik, baina 1980an barkamena eman zioten. Banzerren alderdiak botoen % 16,8 lortu zituen urte horretako hauteskundeetan, eta Víctor Paz Estenssororen eta Jaime Paz Zamoraren gobernuetan esku hartu zuen. 1997an Hugo Banzerrek lehendakaritzarako hauteskundeak irabazi zituen, ADN alderdiaren buruzagi gisa botoen % 22,3 eskuraturik. 2001ean dimisioa eman zuen, osasun arazoak zirela medio, eta 2002ko maiatzaren 5ean hil zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]