Jérôme Savary

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Jérôme Savary (Buenos Aires, Argentina, 1942) antzerkilaria da.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita frantsesa zuen, eta ama, berriz, estatubatuarra. Gaztaroa Frantzia, Hego Amerika eta Ameriketako Estatu Batuen artean igaro zuen. Grand Théâtre Panique (1965) konpainia sortu zuen, Fernando Arrabal espainiar antzerkilariarekin batera. Ondoren, berak bakarrik, Le Grand Magic Circus (1968) sortu zuen, eta harekin muntatu zituen Zartan, frère mal aimé de Tarzan (1970, Zartan, Tarzanen anaia gaitzetsia), Cendrillon et la lutte des classes (1973, Errauskine eta klaseen borroka) eta De Moïse à Mao (1974, Moisesetik Maora).

1970eko hamarraldiaren bukaeran, lan klasikoak eta operak antolatu zituen. Antzerki-zuzendaria izan zen frantses zerbitzu publikoan. Hainbat eskualdetako zentro dramatikoetako arduradun izan ondoren, Parisko Théâtre national de Chaillot zuzendu zuen 1988az geroztik. Horretaz gainera, espezialista egin zen lan lirikoetan (Prokofieven Gerra eta Bakea, 1991) eta antzerki musikaletan (Cabaret, 1987). Komedian ere aritu zen: Molièreren Aitoren seme burgesa lanean, M. Jourdainen papera egin zuen, eta hiru modu desberdinetan eraman zuen antzerkira (1981, 1989 eta 1996). 2000tik 2006ra, Opéra-Comique antzokiaren zuzendari izan zen. Gaur egun, berriz, bere antzerki-taldea du: La Boîte à Rêves.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jérôme Savary Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]