Jean Etxepare Bidegorri
Jean Etxepare Bidegorri ("medikua" deitua) (Mar Chiquita, Argentina, 1877ko urriaren 30 - Kanbo, Lapurdi, 1935eko urtarrilaren 9). Euskal idazlea. Gurasoak Argentinara emigratutako behenafarrak zituen eta Etxepare han sortu zen. Oraindik haurra zelarik itzuli ziren. Larresoron egin zituen apaiz ikasketak, baina ez zuen erlijiorako joerarik erakutsi. Mediku-ikasketak Bordelen segitu eta autore modernoen zale egin zen, Haeckel eta Nietzsche bereziki. Artikulugile izan zen batez ere Etxepare.
Mediku bihurturik, Euskal Herrira itzuli eta Eskualduna aldizkarian kolaboratu zuen. Bertan trebatu zen euskal idazle gisa, orotariko gaiak landuz: medikuntza, zientzia dibulgazioa, euskalaritza, politika eta literatura. Bere kontakizunetan euskarazko narratiba moderno baten lehen zantzuak ikus daitezke. Artikulu haiek bi liburutan jasorik argitaratu zituen: Buruxkak (1910) eta Beribilez (1932). Bere garaiko euskal idazleetan bat ere ohikoa ez zen izpiritu irekia erakutsi zuen eta horrek arazoak ekarri zizkion: Buruxkak liburuko bi artikulu zirela-eta, (bata ezkontzaz kanpoko amodioaz eta bestea eskola laikoaz) argitalpena atzera bota eta bi pasarteak zentsuratu behar izan zituen. Nolanahi ere, Eskualtzaleen Biltzarreko buru izatera iritsi zen, eta euskara sustatzeko hainbat ekimen bultzatu zituen. Euskaltzain urgazle ere izan zen.
Eduki-taula |
[aldatu] Biografia
1902an ekin zion Euskalduna-n kolaboratzeari, eta hala jarraituko zuen, honezaz gain urtero bere anaiarekin batera Eskualdun laborarien almanaka argitaratzen, Lehen Mundu Gerra pizten den arte. Mobilizatua, Belgikako frontetik idatzitako kronikak ezagun egingo zaizkio euskal irakurleari.
1921tik aurrera, izen bereko kultur elkarteak Baionan sortuko den Gure Herria aldizkarian ere kolaboratu izan zuen.
Bai Eskualduna eta bai Gure Herrian eman zituen zenbait lan liburu gisa aterako ditu. 1910ean Buruxkak eman zuen argitara, Eskualduna-n ateratako hogeita sei artikuluz osaturiko liburua. Liburua Etxepareren ametsa betetzera zetorren: euskara jakintza gai legez bizitzaren arlo guztietara helaraztea. Eta hala da. Oroimenetik eskuratutako estanpa zoragarriekin batera, euskal tradizioan inoiz gutxitan erabilitako gaiak ukitzen zituen Buruxkak-ek, hala nola Frantzia-barneko politika, osasun arazoak… Euskal saiakera modernoaren lehen urratsak ematera datorren liburuak izango du bestelako arazorik ordea. Bertan agertutako bi artikulu –«Nor eskola-emaile. Zer irakats» eta «Amodioa»– ez ziren ongi hartuak izan etadesagertu egingo dira Lafittek urte batzuk geroxeago prestaturiko edizioan. Arrazoia bi artikuluen edukian aurkitu behar da, eskola laikoa eta erlijiosoaren arteko auzian lehena, maitasunari buruzko zenbait iritzitan bigarrena.
Oso bestelakoa da Berebilez (1931). Lehenagotik Gure Herrian atalka emana, Azpeitiko Loiolaraino egindako bidaia baten berri ematen digu Etxeparek bertan. Hizkuntza literarioari dagokionez berriz, Lafittek «navarro-laburdin littérarire» izendatu eta Iparraldeko prentsan usu erabili izan zen euskara eredua zen Etxepare medikuarenean aurki dezakeguna. Estilo aldetik zorrotza, hiztegi aberatsez eta sintaxi ausartez idatzi izanak kazetaritza literaturaren esparrura hurbildu zuela esan dezakegu.
[aldatu] Lanak
[aldatu] Etxepareri buruzko lanak
[aldatu] Kanpo loturak
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.