Lankide:Txikillana/Fisioterapia Suedian

Wikipedia, Entziklopedia askea

Fisioterapia Suedian sortu zen XIX. mende hasieran, osasun zientzia bezala. Handik Europan eta mundu osoan hedatu ostean diziplina honek norabide ezberdinak hartu baditu ere, Eskandinavia osoan (eta Suedian bereziki) fisioterapiak ariketa terapeutikoarekin lotura estua mantendu du.

Izendapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suedian fisioterapiak historikoki sjukgymnastiken izendapena izan du ("gaixoendako gimnasia"). Izen honek oso ondo adierazten du herrialde honetan fisioterapiak zer nolako atxikimendua duen ariketa terapeutikoarekiko. Hain zuzen ere, 2014 urtetik lanbidearen izendapena nazioartekoarekin homologatu bada ere (fysioterapi), gaur egun oraindik hiztegietan bi hitzak sinonimotzat hartzen dira.[1]

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fisioterapiaren sorrera-mugarria 1813an ezartzen da, Pehr Henrik Ling-ek urte horretan sortutako Kungliga Gymnastiska Central Institutet ("Gimnastika Erret Institutu Zentrala", CGI) ikastetxean. Ordutik hona, Suediako fisioterapeutak mundu mailako erreferente eta hedapen faktore izan dira.

Hasiera batean, fisioterapiari "medikuntza mekanikoa" ere esaten zitzaion eta barne-arazo fisikoak tratatzeko erabiltzen zen, hala nola "bihotzeko ahultasuna" eta gonorrea. Garai hartan suediar fisioterapeutak klase altuko gizonezkoak ziren, askotan militarrak, eta gimnastika-zuzendari tituludunak. Ospe handia lortu zuten, eta 1830eko hamarkadan Suediak fisioterapeuta asko nazioartera "esportatu" zituen. Adibide bat Henrik Kellgren izan daiteke, Suedian eta Europako hainbat hiritan fisioterapia institutuak zuzendu zituena.

Hasierako urteetan gatazka sortu zen medikuen eta fisioterapeuten artean: Nils Åkerman medikuak, Suediako lehen ortopedistak, institutu pribatu bat sortu zuen, non, besteak beste, gaixoak terapia fisikoz tratatzen hasi zen. CGIk protesta egin zuen, besteak beste, egunkarietara artikuluak bidaliz eta Parlamentuan mozioak bultzatuz. Gatazka ez zen konpondu 1864. urtera arte: orduan CGIri fisioterapeutak trebatzeko eskubide esklusiboa eman zitzaion; baina, aldi berean, medikuek formakuntza jasotzeko eskubidea lortuz.[2]

XIX. mende amaierarantz, terapia fisikoaren panoraman ikuspegi "suediarra" indarra eta definizioa galduz joan zen: ariketa fisikoak eta esku terapiak protagonismoa galdu zuten, beste tratamendu mota batzuen aldean (balneoterapia, elektroterapia...).[3]

Diziplina eta genero banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1864 urtean emakumezkoentzako fisioterapia eskola ere ireki zen, Suedian emakumeentzako izan ziren lehen lanbide heziketetako bat. Agian horren eraginez, hurrengo urteetan lanbideak estatus jaitsiera bat bizi izan zuen: 1930eko hamarkadarako, fisioterapeuta gehienak emakumeak ziren eta espezialitate honek ez zuen inolako pisu zientifikorik; arlo hori landu zuenak atzerrira jo beharra zuen, Signe Brunnströmek egin bezala.[2]

1934ean, Parlamentuaren erabakiz gimnasia bi adarretan bereizi zen: gaixoendakoa (= fisioterapia) eta osasuntsuendakoa. Formakuntzak CGIren esku jarraitu zuen, Unibertsitatearen zuzendaritzapean (Karolinska Institutua). Gimnasia ikasketetarako batxilergoko titulua eskatu zen, fisioterapiarako berriz lehen hezkuntzako ikasketak baino ez. Horrek genero banaketa areagotu zuen: gymnastikdirektör ikasketetan gizonak nagusitu ziren, eta sjukgymnastik ikasketetan berriz, emakumeak. Egoera honek 1960ko hamarkadara arte iraun zuen: orduan fisioterapia ikasketetan gizon gehiago sartzen hasi zen; eta 1977an formakuntzak unibertsitate maila berreskuratu zuen.[2]

Egungo baldintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko urtarrilaren 1ean, lanbideari izendapen ofiziala aldatu zitzaion: Suedian, terapeuta fisikoak sjukgymnast izatetik fysioterapeut izatera pasatu ziren. Hau legeak babestutako titulu profesionala izango zen, eta Osasun eta Ongizate Kontseilu Nazionalak legitimatutakoek baino ezin izango zuten erabili.

Gaur egun, Suedian Unibertsitateko fisioterapeuta ikasketetan 180 goi-mailako kreditu akademiko ematen dira. Hortaz gain master bat egin daiteke (60 kreditu), lizentziatura (120 kreditu) eta doktoregoa (240 kreditu). Ikasketak hainbat lekutan egin daitezke: Västerås, Göteborg, Lund, Luleå, Stockholm, Umeå, Linköping eta Uppsala. Hainbat katedra daude fisioterapia arloan.

Zenbait arlotan espezialitateak egin daitezke, besteak beste: pediatria, ortopedia, esku terapia, mina edo neumologia. Hainbat ospitaletan fisioterapia zerbitzu espezializatuak daude, eta beste arlo askotan lan egin daiteke Suedian: laneko osasun arretan, hezkuntza berezian, errehabilitazioan, lehen mailako arretan, kirol kliniketan, ergonomian, entrenatzaile pertsonal gisa...[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Lexin» lexin.nada.kth.se (Noiz kontsultatua: 2021-06-22).
  2. a b c d Eva Lundgren (2008) Sjukgymnastiken - En rafflande historia, GUspegeln, Göteborgs Universitet, nr.4, sid:4-6
  3. Ottosson, Anders. (2011). [https://www.researchgate.net/publication/225429089_The_Manipulated_History_of_Manipulations_of_Spines_and_Joints_Rethinking_Orthopaedic_Medicine_Through_the_19th_Century_Discourse_of_European_Mechanical_Medicine The Manipulated History of Manipulations of Spines and Joints? Rethinking Orthopaedic Medicine Through the 19th Century Discourse of European Mechanical Medicine. ] Medicine Studies, 3:83–116 or..

[[Kategoria:Fisioterapia]] [[Kategoria:Gimnastika]] [[Kategoria:Suediako kultura]] [[Kategoria:Ariketa fisikoa]]