Laurence Sterne

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Laurence Sterne
Laurence Sterne
Joshua Reynoldsek egindako erretratua, 1760
Datu pertsonalak
Jaio 1713ko azaroaren 24a
Clonmel, Tipperaryko konderria ( Irlanda)
Hil 1768ko martxoaren 18a (54 urte)
Londres ( Ingalaterra)
Bikotekidea(k) Elizabeth Lumley

Laurence Sterne (1713ko azaroaren 24a1768ko martxoaren 18a) irlandar eleberrigile eta elizgizon anglikanoa izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cambridgen egin zituen ikasketak. 1738an apaiz-ikasketak hasi zituen, bere osaba Jacquesek eraginda, elizako karguduna baitzen hura, eta apaiz anglikano egin zen. Ikasle gisa arrakasta berezirik izan ez bazuen ere, han ezagutu zuen gero adiskide min izango zuen John Hall-Stevenson, eta han irakurri zituen John Locke, Rabelais eta Montaigne, Sterneren obran eragin handia izango zuten autoreak denak ere.

1741ean Elizabeth Lumleyrekin ezkondu zen. 1762tik 1764ra Frantzian bizi izan zen, eta 1765ean Frantzian eta Italian zehar bidaiatu zuen. Londresera itzulirik, 1766an Elizabeth Draper-ez maitemindu zen eta haren omenez idatzi zuen Letters from Yorick to Elize (1775, Yoricken gutunak Elizeri).

Haren idazlanetako batzuk: The History of a Good Warm Watchcoat (1759, Beroki on baten historia), elizgizonek karguak eta ondasunak bereganatzeko izaten zuten irrika bizia gogor astintzen zuen alegoria satirikoa; The Life and Opinions of Tristram Shandy, Gentleman (1760-1767, Tristram Shandy zaldunaren bizitza eta iritziak), bederatzi liburukitan argitaratutako eleberri bitxi, ausart eta berritzailea, umore handiz idatzia eta Lockeren eragina duena. Obra nagusi horretako lehenengo bi liburukiak Yorken eman zituen argitara, eta Londresen gero, eta berehala arrakasta handia izan zuten. Parisen ere Londresen izan zuen arrakasta berbera izan zuen literatura-giroetan, eta Dideroten adiskide egin zen han.

Tristram Shandy argitaratu zenerako, finkatua zegoen nobela ingelesean bai kontakizuna nondik nora eraman, bai intriga nola korapilatu, bai pertsonaien arteko harremanak nola antolatu, bai nolako errealitatezko ukitua eman fikzioari, bai, azkenik, nobelaren unibertso ondo antolatuaren baitan, gizakien jokabidea arautuko duten printzipio sendo batzuk nola ezarri. Defoek, Richardsonek eta Fieldingek egina zuten bide hori. Baina Tristram Shandy argitaratzeak nahaspila ekarri zuen bere bidea egina zuen mundu ondo antolatu horretara, liburu horrek ez baitu kontakizun bakarra, kontakizun-multzo bat baizik, amaierarik sumatzen ez zaiona gainera. Gainerako ezaugarriek ere ez dute zerikusirik garaiko nobela ingelesak zituenekin. Kritika modernoak, berriz, nobela horren aberastasuna goraipatu du, gaur egungo nobelaren aitzindaritzat aitortzeraino.

Sterneren beste lanetako bat: A Sentimental Journey Through France and Italy (1768, Bidaia sentimentala Frantzian eta Italian zehar, Josu Barambones Zubiriak euskaratua). Liburu hori Tristram Shandyren oso bestelakoa da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Laurence Sterne Aldatu lotura Wikidatan