Lovell etxea

Koordenatuak: 34°07′05″N 118°17′16″W / 34.11814°N 118.28786°W / 34.11814; -118.28786
Wikipedia, Entziklopedia askea
Lovell etxea
 AEBko Leku Historikoa
Kokapena
Estatu burujabe Ameriketako Estatu Batuak
Estatua Kalifornia
Kaliforniako konderriLos Angeles konderria
Charte city Los Angeles
Koordenatuak34°07′05″N 118°17′16″W / 34.11814°N 118.28786°W / 34.11814; -118.28786
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza1927 - 1929
Arkitektura
EstiloaNazioarteko estiloa
Ondarea
AEBko Leku Historikoa71000147
Kontaktua
Helbidea4616 Dundee Drive

Lovell etxea 1927an Richard Neutra arkitektoak Los Angelesen diseinatutako eraikina da. XX. mendeko etxe garrantzitsuenetarikotzat jotzen da. Altzairuz eginiko lehen iparramerikar etxebizitza da eta Neutrak delineatzaile gisa, Chicago eta New Yorken lanean ibili zenean, miretsi zituen etxe orratzen teknologian oinarritzen da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lovell etxearen bidez, Richard Neutrak Ipar Amerikako arkitekturan aro berri bat inauguratu zuen. Garai berean Europan, Le Corbusier bere villa famatuak eraikitzen ari zen.

1927 inguruan, iritsi ziren Neutraren Kaliforniako etxe flotagarriaren lehen zurrumurruak, nahiz eta lehen argazkiak apur bat geroago agertu ziren, generazio gazteen ilusioa piztuz. 1930 inguruan hasi zen Neutra bere ideia utopikoak aplikatzen hainbat eraikuntza konkretutan. 1927 eta 1929 inguruan eraiki zen Los Angelesen Lovell etxea.

Neutrak eta Philip Lovell doktoreak etxearen lehen jabeak, ideia berdinak zituzten etxearen modernotasunari eta higieneari buruz,eta biek zuten ikuspegi beraren ondorioz, etxeari Lovell jaunaren egonaldiko etxea izena jarri zioten.

Lovell bikotea, aurrerakoia eta bitxia zen , osasun fisikoari buruzko uste sendoak zituztenak. Gainera Lovell jaunak «Los Angeles Times»-en zutabe bat idazten zuen «Gorputzaren zainketa» izenekoa. Rudolph Schindlerren lagun batzuen bidez,beronek lortu zuen Newport Beacheko hondartzako etxea egiteko enkargua, gaur egun Hondartzako Lovell etxea (1922-1926) deritzoguna.

Ez da lortu isilarazterik zergatik Lovellek ez zion Schindlerri eman, Neutrari baizik, bere kultura fisikoaren estudioa eta ondoren bere etxea diseinatzeko ardura,nahiz eta Schindlerrek Lovellen zutabean idatzi, arkitektura eta osasunari buruz. Badirudi balantza inklinatu zuena Neutrak erabiliriko metodo ez hain zuzena izan zela, osasuna eraikinetan kuantifikatzekoa,bere eraikitzeko praktika organizatua bezalaxe. Hala eta guztiz ere, Lovellek bi arkitektoak kontratatzean , arkitektura modernoko mezenas ezagun gisa toki bat hartu zuen historian.

Schindler alde batera utzi ondoren Richard Neutra-ren lan garrantzitsuena Los Angeleseko Griffith parkean kokatutako Lovell jaunarentzat egindako etxea izan zen, ondoren estilo internazionaleko artelantzat hartuko litzatekeena. Neutrak Schindler-ek bezala, Lovell jaunak filosofia naturalarekiko zuen harremanaren eragina jaso zuen. Hori dela eta, Lovell-ek erakutsitakotik abiatuta Neutra arkitektura gizakiarentzat beharrezko ekarpen psikologiko bat izango balitz bezala ulertzeari ekin zion, ez soilik arazo formal soil bat balitz moduan, hori dela eta bere idatzi asko atal honi buruzkoak dira.

Hain zuzen ere hortik sortuko zaio etxearen inguruko bat bateko modulazioaren ardura, baita argia eta eguzkiaren modulazioarena ere. Bere obra askotan agertuko diren gaiak dira aipatutakoak, eta modu berezian Lovell etxean.

Behin obra amaitu ostean ordea, Lovell ez zen oso gustura gelditu etxearen zenbait xehetasunekin, non arkitektoari argi eta garbi aurpegiratzean, beraien artean erlazio urduri bat sortu zen.Hala ere, obra amaitzean Neutrak pozik egoteko motibo hainbat zituen, berau amaitzean, milaka jende gerturatu baitzen Neutrari fama internazionala emango zion etxea bertatik ikustera. Neutrak ere hemen egin zuen lan, kontratista gisa, non 70 langileren kargu izan zen. «Egunsentia baino askoz lehenago, milaka torloju konprobatzera esnatzen naiz» idatzi zuen. Cregory Ainek (Neutrarentzat lan egin zuenak) idatz izuen: «Neutra gero zeta ezagunagoa egiten ari zen heinean Lovell doktorea etxearekin adiskidetzen joan zen». Halaxe izan zen, 1968 aldera, Lovelldarrek jeniotzat zuten Neutra, eta beraien etxea obra bikain gisa.

Neurrira eginiko obra izan zen. 1930ean, Neutrak Lovell etxearen zenbatekoa 58.672,32 dolarretan kalkulatu zuen, beraien ordainsariak 5.863 dolarretara igo ziren.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxearen bolumetria erakusten duen irudi isometrikoa.

Neutrak hautaturiko orubea hain da ausarta, non berak asmatu behar izan zuen eraikitze prozesu guztia. Atrakalekuan dagoen transatlantiko baten gisa, etxea airean sostengatzen da Los Angelesko sakan maldatsu bati loturik. Hormigoizko taula batek lotzen ditu kalea eta sarrera. Hemen, sabai behera eta zurezko panel ilunez definituriko espazio batera sartzen da; jarraian, egongela moderno nahiz argitsu batera eramaten duen eta kristalezko itxitura duen eskailera zabal batetik jaisten da; eskaileran, Ford baten aurreko argia aurkitzen da txertaturik, iparramerikar kapitalismoaren sinbolo gisa.

Bidaia beheko solairuan amaitzen da hormigoizko igerilekuarekin, seguruenik benetako “egongela”, mutur bat etxearen erdialdera lotuta duelarik bestea bailaratik gailentzen den bitartean; era horretara, igeri egiten denean airetik nahiz eraikinaren barrutik mugitu daiteke liberazio eta babes dialektika batean. Horrela, Neutrak Le Corbusierren estalkiko terraza etxearen beheko solairura eraman duela esan dezakegu.

Diseinua, hegoaldera zabaltzen diren eta mendi-mazela inguratzen duten pergola eta garajera ere loturik dagoela ikus daiteke; alabaina, etxea mendixkari perpendikularki kokatzean, Neutrak ikuspegi zoragarria bermatu zuen norabide guztietan. Hala eta guztiz ere, logela nagusia hego-ekialdean (ikuspegi ederrena zuena) eta estalkiak mendebaldean hegalik ez zuela kokatzean, Neutrak bezeroen haserrea piztu zuen. Izan ere, Cregory Ain-ek —Neutrarentzat 1929an eta geroago 1932tik 1935ra lan egin zuenak— esan zuenez, hauek beroz itotzen zirela aitortu zuten. Gainera, jabeak bere klinika pribatua eraiki zuen ariketak aire librean egiteko eremuak eta atari apantailatuak (gaur egun itxiak) zituelarik; era berean, famili begetarianoaren jakiak mantentzeko 2,4m-ko hozkailu biragarria ere jarri zuen. Bestalde, 16m-ko aluminiozko “kanal argitsu” batek argiztatzen ditu sabai nahiz hormak. Geroago, Neutrak estalkiko hegaletan argi-iturriak gehitu zituen.

Beheko solairuan, gela pribatuak baldarki konektaturiko labirinto batean banatzen dira, non hauetako batzuk ez duten kanpoko hormetara sarbiderik. Distribuzio honek, Neutraren geroko soluzio logikoak betetzen ez dituenak, Lovell haserrarazi zuen, nork Ain-ekin hitz egin eta honek barrualdea pixka bat aldatu zuen.

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxe honetan, Neutrak, Wrightek proposatzen zuen kutxa horizontalki eta bertikalki hautsi zuen. Villa Savoyen zutabeek etxea altxatzen bazuten, etxe honetan ere modu antzerako batera lan egiten dute, eraikuntza baoburutu bat baita, Partenoiaren ez oso ezberdina.

Eraikin honetan erabiltzen diren material nagusiak, altzairua eta hormigoi armatua dira. Eraikina hormigoizko zimenduen gainean eutsia dago, bertako lurraren malkartasuna dela eta sistema egokiena delako. Altzairuzko zutabeak ditu, nagusiki karga guztia eusten dutenak. Eraikina indartzen duten elementuak, hormigoizko ilara horizontalak dira, erritmo egoki batekin, leihoak trabatzen dituelarik. Hormigoizko ilara horizontal hauek, batzuetan horma bezala lan egiten dute eta besteetan balkoien hesi bezala. Eraikinaren estalki maldaduna ere ezkutatzen dute. Hiru leihoko multzoak jarri zituen etxean, ostiko bertikal estuei lotutako batienteekin. Ostiko hauek, altzairuzko posteen artean daude jarriak, zeinek estalkiaren metal korrugatua eusten duten. Neutrak, eskorgetan eskuz nahastutako hormigoia alde batera utzi zuen, 60 metroko egurrezko hodi bat diseinatu baitzuen zimenduak egiteko. Zimenduek igerilekuaren altzairuzko egitura ere eusten dute, horrela euskarri bakartuak alde batera utziz.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]