Partenoia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Partenoia
2006 01 21 Athènes Parthénon.JPG
Atenaseko Partenoia.
Udalerria Atenas
Herrialdea  Grezia
Koordenatuak 37°58′17.39″N 23°43′35.69″E / 37.9714972°N 23.7265806°E / 37.9714972; 23.7265806Koordenatuak: 37°58′17.39″N 23°43′35.69″E / 37.9714972°N 23.7265806°E / 37.9714972; 23.7265806
Garaia K.a. 447 - K.a. 438. urteak
Helbidea Atenasko Akropolia
Partenoia non dagoen adierazten duen Atena-ko/-go/-eko mapa
Partenoia

Partenoia[1] (antzinako grezieraz: Παρθενών, Parthenón) Atenasko Akropolian kokatutako greziar tenplua da, Atena jainkosari eskainia eta doriar ordenakoa. Antzinako Greziako monumenturik garrantzitsuena da eta munduko eraikinik ederrenetako bat. Persiarrek K. a. 480-479 urtean suntsitutako eraikin baten gainean egina dago, Aurre-Partenoia izenez ezagutua eta Mediar Gerrak baino lehen eraikia.

Tenplua izateaz gain, gerora Atenaseko inperio bilakatuko zen Deloseko Ligaren altxorra gordetzen zen bertan.

Diseinua eta eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Periklesen ekimenez eraiki zuten Fidias eskultorearen zuzendaritzapean. Azken honen ardura izan zen gainera eraikinaren dekorazioa. Arkitektoak Iktinos eta Kalikrates izan ziren.

Eraikuntza lanak k.a. 447. urtean hasi ziren eta lanik gehienak k.a. 438. urterako amaituak zeuden, baina apainketak k.a. 433. urtean bukatu ziren.

Nahiz eta handik gertu dagoen Hefestoren tenplua egoera hobean mantentzen den, Partenoia, John Julius Norwich idazle eta telebista aurkezle britainiarraren hitzetan, "sekula eraiki den tenplu doriarrik perfektuena da. Antzinaroan ere, miretsiak ziren arkitekturaren ikuspuntutik ekarritako hobekuntzak, bereziki, estilobatoaren kurbaturaren, naos-eko pareten estutzearen eta zutabeen entasiaren arteko oreka". Estilobatoa zutabeak mantentzen dituen plataforma da. Apur bat okertzen da gorantz, arrazoi optikoengatik. Entasiak zutabeek duten zabaltze txikiari egiten dio erreferentzia, izan ere, oinarrian estuagoak dira, gora begiratzean sortutako efektu optikoari aurre egiteko. Kurbatura guzti hauen helburua Partenoiak benetan duena baino itxura simetrikoagoa agertzea da.

Azkeneko eskaileran neurtuta, oinarria 30,9 m zabal eta 69,5 m luze da. Cella-k 29,8 metroko luzera eta 19,2 metroko zabalera ditu eta bi doriar zutabe ilara ditu, teilatua eusten dutenak. Kanpoaldeko zutabeek 1,9 metroko diametroa eta 10,4 metroko altuera dute. Ertzetako zutabeen diametroa apur bat handiagoa da. Estilobatoak 60 mm-ko kurbatura du ekialdean eta mendebaldean eta 110 mm-koa iparralde eta hegoaldean.

Dekorazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko metopen xehetasuna

Partenoia, bai barrutik, eta bai kanpotik, marmolezko irudiz apaindurik dago. Hauetariko bakar batzuk gordetzen dira oraindik, baina gehienen deskribapen zehatzak daude. Ekialdeko frontoian (tenpluaren aurrealdean eta atzealdean, zutabeen gainean dagoen hiruki itxurako zatia), Atenearen jaiotza deskribatzen da. Mendebaldeko frontoian Ateneak eta Poseidonek Atika eskualdeagatik izan zuten borroka dago irudikatua.

Tenpluaren lau aldeetako erlaizpean (zutabeen eta frontoien artean) metopak ikus daitezke. Hauetan hegoaldean lapiten eta zentauroen arteko borroka ikus daiteke, ekialdean jainkoen eta erraldoien artekoa eta mendebaldean greziarren eta amazonen artekoa. Iparraldean, badirudi Troiako gerrari buruzko irudiak egon zitezkeela.

Barrualdean, frisoak Panatenea jaietako prozesioa irudikatzen zuen hiru aldetan eta Panteoiko jainkoak laugarrenean. Badakigu tenplua, edo behintzat honen atal batzuk, kolore biziz egon zela margotua, adituak erabilitako koloreei buruz ados jartzen ez badira ere. Dakiguna da sabaia urdin iluna zela.

Tenpluaren barnean Fidiasek egindako Atenearen estatua erraldoi bat zegoen: Boliz eta urrez egindako artelan honek 12 metroko altuera zuen eta 1200 kg urre erabili ziren egiteko.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partenoia antzinako Greziako erlijio tenplurik garrantzitsuena izan zen k.o. IV. mendera arte, ordurako Atenas Erromatar Inperioko hiri txiki bat besterik ez bazen ere. K.o. V. mendean Atenearen estatua Konstantinoplara eraman zuten eta han desagertu egin zen.

Handik gutxira Partenoia eliza kristau bilakatu zen, bizantziarren lehendabizi eta katolikoa gero. Horretarako, zenbait zutabe eta pareta kendu ziren eta abside bat eraiki zen. Nahitaez, hainbat eskultura galdu zen.

1456. urtean Atenas otomandarrek konkistatu zuten eta Partenoia meskita bilakatu zuten. Otomandarrek, orokorrean, antzinako monumentuak errespetatu zituzten, ez zituzten suntsitu. Egindako aldaketa bakarra minarete bat gehitzea izan zen.

1687an jasan zuen suntsiketarik handiena, veneziarren erasoarekin. Otomandarrek bolbora gordailu gisa erabili zuten tenplua. Veneziarren eraso batek Partenoia leherrarazi zuen, kalte handiak eraginez eta zati bat eraitsiz. Honen ondoren eraikina ez zen berriro erabili.

1801ean Konstantinoplako enbaxadore britainiarrak Sultanaren baimena lortu zuen Akropoliko piezak zenbatu eta banatzeko, eta beharrezkoa izanez gero, eraikin berriak eraitsi eta bertatik eskulturak kentzeko. Topatzen zituen eskultura guztiak hartzeko baimen moduan interpretatu zuen eta eraikinetik nahiz lurretik, pieza asko eraman zituen British Museumera.

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partenoia hegoaldetik

Elgin enbaxadoreak eramandako eskultura horiek oraindik ikusgai daude aipatutako museoan. Parisko Louvre museoan eta Kopenhagen ere aurki daitezke Parteoiko piezak.

Geratzen direnetako gehienak Akropoliko museoan daude, Partenoitik metro gutxi batzuetara, eta bakan batzuk Partenoian bertan.

Greziako gobernuak urteak daramatza British Museumari aipatutako piezak bueltatzeko eskatzen. Museoak uko egin dio behin eta berriz eskakizun honi, eta momentuz, Erresuma Batuko gobernuak ez du indar gehiegirik egin legea bete dadin.

Minaretea 1832an kendu zen, independentzia lortu zenean. Gainera, akropolian zeuden Erdi Aroko eraikinak eraitsi ziren.

1975. urtean akropoliaren berreraikuntza hasi zen, Europar Batasunaren laguntza ekonomiko eta teknikoari esker. Adituek kontu handiz informazioa bildu eta eredu informatiko berriei esker harri bakoitzaren jatorrizko kokapena zehaztu dute. Askotan, aurrez eginiko berreraikuntzak okerrak zirenez, hauek konpondu behar izan dira.

Eraikinak 1687ko eztandaren aurretik zuen itxura berreskuratuko ez duen arren, honen eragina gutxituko da. Pieza berriak egiten ari dira jatorrizko harrobi beretik ateratako marmola erabiliz.

Gaur egungo arriskurik handiena kutsadura da. Atenas ikaragarri hazi da azken hamarkadetan eta trafikoak eta euri azidoak serioski mehatxatzen dituzte geratzen diren eskulturak eta tenplua bera.

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetako Nashvillen bada 1:1 eskalako Partenoiaren erreplika bat, 1897an eraiki zutena lehen aldiz aldiko erakusketa baterako. Ondoren, 1920-1931 urte bitartean modu egonkorrago batean (hormigoizko egituraz) berreraiki zuten. Ustez jatorrizkoak ziren margoekin apainduta dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Partenoia Aldatu lotura Wikidatan