Maria Teresa Bragantzakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Maria Teresa Bragantzakoa
Maria Teresa Bragantzakoa
Portugalgo infanta
Datu pertsonalak
Izen osoa Maria Teresa Francisca de Assis Antónia Carlota Joana Josefa Xavier de Paula Miguela Rafaela Isabel Gonzaga
Ezizena Beirako printzesa
Jaio 1793ko apirilaren 29a
Sintra, Lisboa (PortugalPortugal)
Hil 1874ko urtarrilaren 17a
Trieste (ItaliaItalia)

Maria Teresa Bragantzakoa (Sintra, 1793ko apirilaren 29aTrieste, 1874ko urtarrilaren 17a), jatorrizko izena Maria Teresa Francisca de Assis Antónia Carlota Joana Josefa Xavier de Paula Miguela Rafaela Isabel Gonzaga (portugesazko ahoskera: mɐˈɾiɐ tɨˈɾezɐ), Beirako printzesa, Portugalgo infanta eta Karlos Maria Isidro erregegai karlistaren emaztea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria Teresa Bragantzakoa Lisboako errege jauregian jaio zen 1793ko apirilean. Joan VI.a Portugalgo erregearen alaba eta Don Karlos erregegaiaren lehen emaztea izandako Maria Frantziska Bragantzakoaren ahizpa zen.

1810ean ezkondu zen Rio de Janeiron Petri Karlos Borboikoa lehengusuarekin. Portugalgo itsas armadako almirantea zen Pedro Karlos, eta seme bat izan zuen harekin: Don Sebastian infantea. 1813an alargun gelditu zen. Espainiako gortera lagundu zuen Maria Frantziska ahizpa, eta hantxe ibili zen harik eta, gatazka dinastikoa hastean, Fernando VII.ak bi ahizpak eta Don Karlos infantea handik bota zituen arte.

Ahizpa Maria Frantziska 1834ko irailean hil zen, erregegaiak euskal lurraldeetan zituen tropekin bat egin berritan. Maria Teresak gutunak idazten zizkion koinatuari Austriako gortetik, eta iloben heziketaz arduratzen zen. 1838ko otsailean ezkutuan eta ahalordeen bidez Salzburgen ezkondu ziren. Printzesak bidaia korapilatsu bat egin zuen Pirinioetako muga zeharkatzeko, eta Ganix de Macaye mugalari ezagunaren laguntza izan zuen horretarako. Azkenean, Don Karlos senarrarekin bat egitea lortu zuen, eta urte hartako urrian beren ezkontza berretsi zuten Azpeitian.

Bergarako Hitzarmenaren ondoren Maria Teresa senarrarekin joan zen erbestera. Bourgesen izan ziren aurrena eta Triesten geroago. 1855ean alargun gelditu zen.

Beirako printzesak berebiziko garrantzia izan zuen Joan III.aren ordez bere seme Karlos -Karlos VII.a karlistentzat- erregegai izendatzeko garaian. Bera izango zen, zalantzarik gabe, dinastia horretako erregegaien artean karisma gehien lortuko zuena. 1860an Karlos VI.a Montemolineko kondea hil ondoren, haren anaia Juanek bere lekua hartu zuenean, krisi sakona ireki zen karlisten artean, Juan hori liberalegia zelako bere jarraitzaileentzat. Beirako printzesak familiaren amalehen ardura hartu zuen orduan, eta Juani bere ardura bere seme Karlosen esku uzteko agindu zion. 1864ko "Espainiarrei zuzendutako Gutun" ezagunaren bidez eman zuen erabaki horren berri. Gutunean legitimitate printzipioa berritu zuen, dinastian izandako aldaketa hori zuritzeko.

Maria Teresa Bragantzakoa Triesten hil zen 1874an, Bigarren Karlistadaren erdian, berak aukeratutako Karlos VII.a Espainiako tronua lortzeko borrokan zebilenean.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]