Materiaren egoera

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Karbono dioxidoaren fase-diagrama presioaren eta tenperaturaren funtzioan.
Materiaren egoeraren aldaketak.

Fisikan eta kimikan, edozein gorputzen tenperatura eta/edo presio baldintzak aldatuz, agregazio-egoera ezberdinak erdiesten direla ikus daiteke. Materiaren egoera deritze, eta bakoitzak ezaugarri bereziak ditu.

Egoera solidoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Solido»

Tenperatura baxuan eta presioa konstante mantenduz, gorputzek egoera solidoa izan ohi dute eta atomoak elkarri lotuta egoten dira kristal-egiturak eratuz. Egoera honetan gorputzak indar handiak jasan ditzake deformatu gabe. Beraz, agregatu gogor eta erresistenteak izan ohi dira. Egoera solidoak ondoko ezaugarri hauek dauzka:

  • Kohesioa (erakarpena).
  • Bibrazioa.
  • Forma propioa dute.
  • Ezin dira konprimitu.
  • Hausturekiko erresistenteak.
  • Bolumen definitua.
  • Organikoa edo ez-organikoa izan daiteke.

Egoera likidoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Likido»

Tenperatura igotzen bada, solidoa desegin egiten da, kristal-egitura desagertu egiten da eta egoera likidora iristen da. Egoera honen ezaugarri nagusia fluidoa izateko gaitasuna eta edukiontziaren formara moldatzeko ahalmena da. Kasu honetan ere atomoen arteko loturak daude, baina solidoetan baino ahulagoa da. Egoera likidoaren ezaugarri nagusiak hauek dira:

  • Kohesio indar txikiagoak.
  • Energia zinetikodun mugimendua.
  • Forma definitu gabea.
  • Edukiontziaren itxura hartzen du.
  • Hotzarekin konprimitu egiten da, ura salbu.
  • Fluidoa da.
  • Barreiatu egin daiteke.

Gas egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Gas»

Tenperatura gehiago igoz, egoera gaseosoa erdiesten da. Gasaren atomoak ia erabat aske mugitzen dira eta, beraz, edukiontziaren espazio guztia betetzeko gai dira, modu uniformean hedatuz. Bere ezaugarri nagusiak hauek dira:

  • Kohesio indar oso txikia
  • Forma definitu gabea.
  • Bolumena definitu gabea.
  • Erraz konprimitzen da.
  • Edukiontziaren hormetan presioa egiten du.
  • Aske mugitzen da.

Plasma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Plasma»

Plasmari "materiaren laugarren egoera" deitzen zaio, egoera klasikoetatik, solidoa, likidoa eta gaseoso egoeretatik, harago baitago. Plasman atomoak hautsita daude: elektroi negatiboak alde batetik eta ioi positiboak bestetik daude.

Behe-atmosferan, atomo batek elektroi bat galtzen duenean, berehala berreskuratzen du edo beste bat harrapatzen du. Tenperatura altuetan, ordea, gas baten molekula eta atomoak gero eta azkarrago higitzen dira, eta oso tenperatura altuetan, esaterako Eguzkian, atomoen arteko talkak elektroiak askatzeko bezain bortitzak dira. Eguzkiaren atmosferan atomo gehienak "ionizatuta" daude eta gasak plasma gisa jokatzen du.

Plasma, bestelakorik eman badezake ere, naturan ohikoena den egoera da eta unibertso ikusgaiaren materiaren zati handiena hartzen du.

Bose-Einstein kondentsatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bose-Einstein kondentsatua»

Bose-Einstein kondentsatua materiaren beste egoera bat da. 1924an Satyendra Nath Bose-k eta Albert Einstein-ek aurresan zuten, eta 1995ean sortu zen lehen aldiz laborategian. Egoera hau zero absolututik hurbil dauden tenperaturetan sortzen da eta bere ezaugarri nagusia da atomo guztiak leku berean daudela, superatomo bat eratuz.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]