Naumakia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Naumakia Ulpiano Checak irudikatua, 1894an lehen aldiz erakutsia.

Naumakia (latinez: naumachia, "itsas gudua"; antzinako grezierako ναυμαχία, naumachía-tik eratorria) itsas gudu bat irudikatzen zuen ikuskizuna zen, Antzinako Erroman jendea entretenitzeko helburuarekin egiten zena.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenbiziko naumakia ezaguna Julio Zesarrek antolatu zuen, K.a. 46. urtean, Tapsoko guduan lortutako garaipena ospatzeko. Horretarako urtegi bat eraikiarazi zuen Tiberretik gertu, eta han lehiatu ziren benetako birreme, trirreme eta kuatrirremeak. 2.000 gudularik eta 4.000 arraunlarik hartu zuten parte, guztiak gerrako presoen artean hautatuak. K.a. 2. urtean, Augusto enperadoreak Zesarren naumakia gainditu nahi izan zuen, Marte Ultor tenpluaren inaugurazioa aitzakia: 3.000 gudulari, 30 ezproidun ontzi eta beste hainbat ontzi txikiago erabili zituen.[1]

Marka guztiak Klaudiok hautsi zituen 52an: 19.000 naumachiarii edo gudulari bildu zituen, Tazitoren arabera. Ez zuen, besteek bezala, urtegirik eraiki. Azalera handiagoa behar zuen, eta Fuzino aintzira erabili zuen. Gainera, lakua drainatzeko lanen hasieraren karira antolatu zuen ikuskizuna. Hori bai, lakuaren eta Liri ibaiaren arteko muinoa ebakiarazi zuen, jendetzak itsas guduaren ikuspegi egokia izan zezan. Tazitok idatziz jaso zuenez, "gaizkileak izan arren, gudari ausarten kemenaz borrokatu ziren eta, zauri ugari jaso ondoren, bizia barkatu zitzaien".[1]

Naumakietan hiltzen ziren borrokalari behartuen kopururik edo portzentajerik ez da ezagutzen. Baina galerak oso handiak izango ziren, 52ko naumakia erraldoi hartan, gudua hasi baino lehen, gudulariek Morituri te salutant ("hiltzera doazenak agurtzen zaituzte") esaldiarekin agurtu baitzuten enperadorea. Gladiatoreek enperadorea agurtzeko erabiltzen zuten formula tradizionaltzat jo izan den arren, esaldi ezaguna zirkuko hondarretan esaten zen ziurtasunik ez dago. Hitz horiek esan izanaren froga bakarra Klaudioren naumakiakoa da.[1]

Ikuskizun basatiak bazuen alde kulturala, gai historikoak jorratzen baitzituen. Hala, Zesarren naumakian Egiptoko eta Tiroko itsas armadak irudikatu zituzten, Augustorenean Pertsia eta Atenas lehiatu ziren, eta Klaudiorenean, Sizilia eta Rodas. Handik aurrera, zenbait anfiteatro urez betetzeko sistemak jarri zituzten (Erromako Koliseoan, adibidez), naumakia txikiagoak egin ahal izateko. Hala ere, borroka haiek oso garestiak ziren, eta Inperioa ahuldu ahala itzaliz joan ziren.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Irazustabarrena Uranga, Nagore. Naumakia: uretako gladiadoreak. Argia, 2012ko irailak 30, CC-BY-SA lizentzia, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-01-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]