Olmeka

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Olmeka kulturako lekurik garrantzitsuenak

Olmekak Mesoamerikako antzinako gizarte bat izan ziren, Mexikoko Golkoaren kostaldeko eskualde zabal batean garatuak, oraingo Veracruz estatuan eta Tabasco ekialdean

Ezagutzen den Ameriketako lehen zibilizazioa izan zen eta K. a. 1250. urtetik K. a. 500-400. urte arte garatu zen. Kultura honen hiru gune nagusiak San Lorenzo, La Venta eta Tres Zapotesen daude, non eraikin erlijioso eta tenpluak izan zitezkeenaren hondakinak aurkitu dira.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olmeken erlijioak, kulturak eta arteak gerora inguruan izan ziren beste zibilizazioetan pisu handia izan zuen. Politeistak ziren, piztia itxurako jainko asko zituzten (nagusia jaguarra zelarik), nekazaritzarekin, eguzkiarekin, urarekin, sumendiekin... erlazionatuak.

Bere hizkuntzarako idazkera hieroglifiko bat garatzen lehen izan zirela uste da (adibiderik zaharrena K.a. 650. urte ingurukoa da), nahiz eta puntu hau oso eztabaidatua den adituen artean. Inguruko beste hainbat kulturetan hain ageri zen pilota jokoa asmatu zuten eta badakigu denbora neurtzeko egutegiak sortu zituztela.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Ventako piramide nagusia, Mesoamerikako zaharrena.

Arkitektura olmeka nahiko soila da, hieratikoa eta errealista aldi berean, baina sumendi harria lantzeko molde bikaina zutela erakusten dute haien monumentuek.

Jainkoen gurtzarekin eta hileta erritoekin loturiko monumentu multzoetan aurkitu dira arkitektura olmekaren aztarna nagusiak; eraikin aipagarrienak piramide tankerako monumentuak dira. Aztarnategi olmeka nagusia, arkitekturari dagokionez, La Venta multzoa da. Padurez inguraturiko uharte moduko batean dago, eta ospakizunetarako gunea, hilobiak eta jainkoei egindako eskaintzak agertu dira bertan. Monumentu nagusia piramidea da, tumulu koniko bat, 30 metro garaia eta 130 m inguruko diametroa duena. Piramide olmeka gehienak bezala, puntu kardinalak ditu ardatz eta hainbat zutabez, hilarriz eta aldarez zegoen hornitua. Piramidearen iparraldean lauki luze formako plaza bat dago, ospakizunetarako erabili bide zutena, eta plazaren alboetan bi plataforma luze; iparralderago patio moduko bat ageri da, basaltozko zutabeekikoa, eta beste tumulu txiki bat hondoan. Garrantzitsuak dira, halaber, La Ventako serpentinazko mosaiko erraldoi bikainak, jaguar jainkoari eskainiak.

Eskultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1 Monumentua, La venta aztarnategiko buru erraldoia (3 m garai)

Olmeken eskulturaren ezaugarri nagusia lan erraldoiak eta miniatura lanak nahasian egin zituztela da. Lan erraldoietan buru erraldoiak dira azpimarratzekoak. Harri bakarrez eginiko eskultura kubiko geometrikoak dira, 15-30 tona artekoak. Agintari jainkotuei dagozkie eskultura erraldoi gehienak, eta naturalistak dira. Begi sartuak, ezpain lodiak, asimetrikoak, masail puztuak, sudur handia baina zapala, eta oro har, jaguarraren aurpegia gogorazten duten ezaugarriak dituzte. Burua eta atzealdea larruz, jaguar atzaparrez eta suge ezaugarriz apaindua zuten; horiek ziren, hain zuzen ere, garai hartan etorkiaren sinboloak. Buru erraldoiak bereziki aipagarriak dira; izan ere, era honetako eskulturak agertu diren inguruak ez dira lurralde harritsuak, eta oso sistema aurreratua eta energia asko beharko zen harri horiek garraiatzeko; San Lorenzoko buruak egiteko erabili zuten basaltoa, esaterako, gune hartatik 80 km ingurura zegoen harrobi batetik aterea da adituen ustez .

Buru erraldoiez gainera hainbat aldare aurkitu dira, monolitikoak hauek ere, erlijio eszenak irudikatzen dituzten behe-erliebe eta eskultura bikainez apainduak. Lauki zuzen formako oinarria izaten dute, goialdean behe-erliebeak izaten dituzte eta aurrealdean irudi irtenak. Aldareetako irudietan ere nabarenenak dira giza-jaguarren edo haur-jaguarren ezaugarriak. Jaguarra da, izan, arte olmeken gehien agertzen den irudia, eta olmeken mitologia guztia jainko felino baten gurtzan oinarritua zela adierazten du horrek. Jaguar irudiez gainera aipagarriak dira maskara irribarretsuak. Buru erraldoiak eta aldareak arte ofizialaren erakusgarritzat hartu dira, erlijio eta gertaera historikoei buruzko eszenak baitira nagusi.

Eskultura txikiak eta miniaturak ere egin ohi zituzten olmekek, harribitxizkoak: jadea eta serpentina erabili zuten batez ere (jadea urarekin eta emankortasunarekin lotzen zuten), haina baita jadeita eta diorita ere. Eskultura olmekak eskultura leunak dira eta bolumenari eman zitzaion lehentasuna, ez dute sartu-irten nabarmenik. Hilobietan agertu dira eskultura txiki gehienak; Cerro de las Mesas aztarnategian, esaterako, 782 estatuatxotik gora aurkitu dira, jaguar itxurako irudi sexugabeak islatzen dituztenak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Olmeka