Pierre de Lancre

Wikipedia, Entziklopedia askea

Pierre de Lancre (Bordele, Frantzia, 1553 - Paris, 1631) magistratu frantziarra zen, 1609an Lapurdin eginiko sorgin-ehiza burutu zuena.[1]

Aitona, Bernard Errostegi, baxenafarra zen, baina Bordelera bizitzera joan zenean euskal abizena aldatu zuen, Lancre frantsesa hartuz.[2] Familiaren euskal jatorriaren ukazio horrek eragina izan omen zuen Pierre de Lancreren ezinikusian euskaldun zen ororekin.

Bizitza

de Lancre familiaren armarria XVII. mendekoa. Bordelen.

Lehen ikasketak Jesusen Lagundian egin zituen; zuzenbide-ikasketak Bohemian eta Turinen egin eta Bordelera itzuli zenean epaile izan zen. Parlamentuko kontseilari izateko hautatu zuten 1582an. 1588an Montaigneren iloba txiki bat ezkondu zuen. Erlijioak eragin handia zuen beregan eta kode penalaren oinarritzat ere erlijioa hartzen zuen. 1607an, Eliza katolikoaren irizpideak modu estuenean hartzen zuen filosofia tratatu bat argitaratu zuen: Tableau de l´inconstance et l´instabilité de toutes choses (Gauza ororen aldakortasuna eta iraun ezina erakusten duen liburua).

1609an, Henrike IV.a erregeak Lapurdira bidali zuen Jean d'Espagnetekin batera bertako sorginen kontuak ikertzera.[3] Ahalmen guztiak bere eginda hirurogei lagun sorginkeriaz salatu eta hilarazi zituen. Nafarroako Luis II.aren garaia zen eta sorgin-epaile batek Euskal Herrian egin duen triskantzarik handienetakoa burutu zuen. 1612an liburu bat argitaratu zuen: Tableau de l´inconstance de mauvais anges et démons (Aingeru gaiztoen eta deabruen aldakortasuna erakusten duen liburua). Lancrek ez zuen ezertan ulertu nahi izan lapurtarren izaera. Bertako erakunde, hizkuntza, ohiturak, lan-molde eta abarretan Deabruaren ukitua besterik ez zuen ikusten. Zera idatzi zuen, adibidez:

« Hizkuntza arraro eta ezezagun batean mintzatzen dira; horixe da lehen seinale txarra. »

De Lancrek, marinelak kanpoan zeuden bitartean, bere emakumeen balizko adulterio eta lizunkeria ikertu zituen. Gainera, sendalari eta kartomantzian adituak eta Iberiar Penintsulatik alde egindako judu eta moriskoak ere ikuspuntuan izan zituen.

Senpereko gazteluan burututako epaiketetan, gogorkeria eta injustizia handiz jokatu zuen, guztira 200 lagun torturatuz eta exekutatuz. Bere misoginiak bultzaturik, gehienak emakumeak ziren baina baita umeak eta apaizak ere. Mariñelek Ternuatik itzuli zirenean matxinatu eta, matxinada zabaldu ez zezan, Bordeleko Parlamentuak itzultzeko agindua eman zion. Hala eta guztiz ere, Henrike IV.ak estatu-kontseilari izendatuz saritu zuen. Bordeleko Parlamentuan jarraitu zuen 1620ra arte eta bi liburu idatzi zituen: 1617an, Le Livre des Princes (Printzeen liburua) eta 1622an, L'incrédulité et mescreance du sortilège pleinement convaincue (Sortilegioaren eskuetan dagoenaren sinestezina eta fedegabea).

Idatziak

  • Tableau de l'inconstance et instabilité de toutes choses (1607)
  • Tableau de l'inconstance et instabilité... revu et corriger et augmenter d'un livre nouveau de l'inscontance de toutes les nations principales d'Europe (1610)
  • Tableau de l'inconstance des mauvais anges et démons: lehen argitalpena (1612), berrargitaratua (1613) eta (1982). Éditions Aubier, Palimpseste bilduman.
  • Le livre des princes contenant plusieurs notables discours pour l'instruction des Roys, Empereurs et Monarques (1617)
  • Incrédulité et mescréance du sortilège plainement convaincue (1622)
  • Du sortilège (1627)

Erreferentziak

  1. Rodríguez Alvarez, Mikel. (2006). «Pierre de Lancre, cazador de brujas» Historia 16 (366): 115-125. ISSN 02106353..
  2. Azurmendi, Mikel. (2013). Las brujas de Zugarramurdi. Almuzara, 120 or. ISBN 978-84-15828-81-5..
  3. Caro Baroja, Julio. (1997). Las brujas y su mundo. Madril: Alianza Editorial ISBN 978-84-206-6368-9..
  • Joseba Aurkenerena: Rossell Hope Robbins eta Lapurdiko sorginak [1]