Erlijio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Erlijio ezberdinen ikurrak.

Erlijioa pertsona edo gizatalde baten sinesmen multzoa da, bereziki mundu espiritualarekin lotzen gaituena. Horrekin batera, erlijio hitza sarri erabiltzen da harreman horretatik sortzen diren kode etiko eta moralak edo erakunde-egiturak definitzeko.

Erlijioaren definizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijioa modu askotara defini daiteke:

  1. Gizaki batek bere gainetik dagoen Jainko edo bestelako izaki baten onartzeko egiten duen egintza. Gehienetan izaki hori ohoratu eta goretsi egiten du, eta beragandik jasotako arauen arabera bizi ohi da.
  2. Gizakiak bere gainetik dagoen izaki bati eskaintzen dion begirunezko, maitasunezko edo beldurrezko tratua, erritu jakin batzuen bidez egikaritzen dena.
  3. Fede eta gurtza sistema zehatza.
  4. Latinezko religare kontzeptuan sakonduz, gizakia Jainkoarekin edo munduarekin harremanetan jartzen duen erritu eta sinesmen multzoa.
  5. Gizakiaren ahaleginez Jainkoarengana berriz gerturatzea.

Erlijioen eginkizunak asko dira kultura eta gizartearen arabera. Baina nagusiki bi multzotan bereiz daitezke: gizakiaren zalantza gorenei erantzuna ematea (unibertsoaren, biziaren, ongiaren, gaizkiaren, heriotzaren... sorrera eta arrazoiak aztertzea) eta gizarteko batasuna bultzatzea (erlijioak sarri gizarte barneko elkartasuna bultzatzeko balio izan du, Emile Durkheimek azaldu zuen bezala).

Erlijio motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko erlijio nagusien mapa.

Erlijioen ohiko sailkapena honakoa da:

Erlijio gehienen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar izan diren erlijio gehienen funtsezko ezaugarriak atal hauetara bil daitezke: sinesmenak, errituak, jokaera arauak eta erakundeak.

Sinesmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijio orok oinarrizko sinesmen jakin batzuk ditu (heriotzaren ondorengo bizitza, izadiaz gaindiko mundua, etab.), eta horren arabera halako erritu jakin batzuk konplitzen dituzte horren jarraitzaileek. Sinesmenak, ordea, izan daitezke mitoen erakoak (elezahar sinbolikoak jainkoen jatorriari buruz, gizonen eta gauzen sorburuari buruz, etab.), edo izan daitezke dogma izaera dutenak (jainkoak nolabait aditzera emandako ezaguerak, liburu edo eskritura sakratuetan jasotzen direnak, irudi gisara batzuetan, hitzez hitz beste zenbaitetan). Erlijioen funtsezko ezaguerak eta kontzeptuak kredo edo fedezko aitorpen batean biltzen dira; hortik ateratzen diren ondorioak edo adierazpideak finkatzeaz eta zabaltzeaz arduratzen da teologia edo erlijio irakaskuntza. Adierazpideok jainkotasunari buruz hitz egiten dute, giza harremanei buruz, eta hauen funtsezko arazoei buruz (heriotzaz, moralaz, giza harremanez, etab.). Sinesmenek ikusmolde baikor eta esperantza onez betea ematen dute heriotzaren ondorengo bizitzari buruz; hala, erlijio motaren arabera, salbazioa mundu honetako nekeak bukatzea da, edo paradisuko zoriontasun betea iristea, edo nirvanan sartzea...

Errituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musulmanak Kaabari bueltak emanez.

Erlijio sinesmenak eta sentimenduak erlijio mota bakoitzak dituen erritu eta ekintza sakratuen bidez adierazten dira. Hala, budismoan ere, Budak berak horren aurka eginagatik, era askotako errituak sortu ziren. Erlijioa zerbait bizia da, eta pertsonak zerbait bizi duenean, erritu eta ospakizun bilakaraztzen du. Hori dela eta, era askotako errituak daude; badira jainkotasunaren ohoretan egiten diren errituak, hileta errituak, bendeinkapen eta alabantzazkoak, eta beste hainbat eta hainbat. Erlijio gehienek dituzte apaizak edo ministroak, eta errituak ospatzea eta jainkoari gurtza egitea da horien eginkizunik behinena. Otoitzen bidez eskaintzak eta sakrifizioak eginez gurtzen da Jainkoa erlijio gehienetan. Sakratutzat hartzen diren lekuetan egin ohi dira errituak, garai jakinetan, eta diren-direnean irauten dute denboran luzez.

Jokaera arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bestalde, erlijio gehienek jokabide jakin bat, jokaera lege jakin bat finkatua dute Jainkoari eta gizonari buruz; erlijio bakoitzak ereduzko jarraibide bat ezarrita du, eta moral hori betetzera behartzen ditu bere jarraitzaileak. Hala, Jainkoa gurtzera, adoratzera, hari otoitz egitera eta zenbait erlijiotan maitatzera ere behartzen du lege horrek. Jokabideari dagokionez, berriz, etikako arau batzuk ezarri ohi ditu, erlijio batzuetan zabalak eta beste batzuetan oso estu eta zorrotzak direnak.

Erakundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ia erlijio guztiek erakunde jakin batzuk eta apaizak badituzte, beren dogmak, legeak eta aginduak betearazteko; adibidez, kristauen elizak (katolikoak, protestanteak, ortodoxoak), apaizak, apezpikuak, etab. Erlijio erakunde horietako asko jarraitzaileen jokaerak arautu eta epaitzera heltzen dira, eta epaitegiak, zigorrak eta bestelakoak jartzen dituzte horretarako (Kristau katolikoen Inkisizioa Erdi Aroan, adibidez). Erakunde horiek taxu eta nortasun berezia ematen die sinistunei gizarteko talde gisa (erlijioa, herria, eliza, batzarra). Erakunde horiek, beraz, gizonen artean beharrezko den erlijioaren kanpoko azala eratzen dute; fedea, berriz, erlijioaren barneko izpiritua da, funtsezko mamia.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Erlijio Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]